Asteazkenean hasiko dira boxeo entrenamenduak Etxape Zentro Sozialistan

Maddi Txintxurreta

Hainbat lagun, Etxape Zentro Sozialistako boxeo entrenamendu batean. (Utzitakoa)

Etzitik aurrera, asteazken arratsaldero eskainiko dituzte doako boxeo entrenamenduak Etxape Zentro Sozialistan. 

Udako geldialdiaren ostean, asteazken honetan jarriko dituzte martxan boxeo entrenamenduak Etxape Zentro Sozialistan. Ohi bezala, doako saioak izango dira, eta asteazkenetan eskainiko dituzte, 19:00etan.

2025eko urtearen amaieran sortu zen Erantzun Borroka Guneak antolatzen ditu Etxape Zentro Sozialistako boxeo entrenamenduak, eta bi ardatz nagusitan oinarritzen du bere jarduna: doako kirol eskaintza bermatzea eta faxismoaren gorakadari aurre egitea.

Helburu horiei erantzuteko jarri zituen martxan boxeo entrenamenduak, eta asmo berberarekin antolatzen ditu bestelako ekimenak ere, hala nola, kirol ikuskizunak, emakumeentzako autodefentsa tailerrak eta errepresioari buruzko mahai inguruak.

Antolatzaileek gogorarazi dute entrenamenduak doakoak eta herritar guztientzako irekiak direla, eta "talde gisa hazteko, elkarrekin ikasteko eta norberak dakiena partekatzeko gune aproposa" direla.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide