Irailaren 20ra bitartean Eskola Kirolean izena emateko aukera egongo da

Maddi Txintxurreta 2026ko irailaren 1a

Eskola Kiroleko haurrak Hernio mendira bidean, iaz. (Indamendi M.B.)

Ikasturtean zehar, kirol diziplina anitzak ezagutzeko aukera eskaintzen die Eskola Kirolak 8 eta 12 urte arteko haurrei. Irailaren 20ra arte eman daiteke izena.

Udalak jakinarazi duenez, 2026/2027 ikasturtean Eskola Kirolean aritzeko izena emateko epea irailaren 20ra arte egongo da zabalik. Programa horrekin, haurrek kirol diziplina ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute, "betiere parte-hartzea eta heziketa kirolaren oinarri gisa hartuta", udalak nabarmendu duenez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zumaiako Udalak, herriko ikastetxeek eta kirol elkarteek Eskola Kirolean parte hartzeko gonbidapena egin diete herriko familiei. Zumaiena ikastetxeko haurrek esteka honetan eman dezakete izena; Herri Eskolakoek eta Oikiako eskolakoek, berriz, hemen. Hezkuntza-beka jasotzen duten haurrentzat zerbitzua doakoa izango da.

Eskola Kirolaren bidez, 8 eta 12 urte bitarteko haurrek kirol ohiturak garatzen dituztela azpimarratu dute antolatzaileek, baina baita bizitzarako garrantzitsuak diren bestelako gaitasun eta balioak ere, hala nola, talde-lana, errespetua, autonomia, genero-berdintasuna, euskarazko aisialdia eta herriko eta inguruko haurren arteko harremanak sendotzea.

Kirol aukera anitza

"Helburua ez da haurrak kirol bakar batean goiz espezializatzea, baizik eta hainbat kirol ezagutzeko aukera ematea, etorkizunean gustukoen duten jarduera fisikoa edo kirola aukeratu eta ohitura osasungarriak mantendu ditzaten", azaldu dute.

Gaur egun, besteak beste, honako jarduerak lantzen dira Eskola Kirolean: futbola, saskibaloia, eskubaloia, mendizaletasuna, igeriketa, judoa, arrauna, piraguismoa, pilota eta hockeya.

"Eskola Kirolak multikirol ikuspegia sustatzen du –berretsi dute arduradunek–, eta haurrei kirol desberdinak probatzeko aukera ematen die. Horrek, ondoren, herriko kirol klubetan parte hartzea erraztu dezake, eta, aldi berean, Zumaiako kirol egitura indartzen laguntzen du".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide