Olinpiar Jokoetako historian azpimarratzeko moduko balentria lortu zuen Imane Khelif boxeolari aljeriarrak 2024ko Parisko jokoetan: final zortzirenetako konbatea hasi eta 46 segundo besterik ez zituen behar izan bere aurkaria, Angela Carini italiarra, nokeatzeko. Txapelketa amaituta lepoan zintzilikatu zuen urrezko dominarekin urkatu nahi izan zuen, ordea, iritzi publikoaren zati handi batek, eta olatu transfobo batek nazioarteko komunikabideen titularretara altxatu zuen polemikak iltzatu zuen Khelifen izena Olinpiar Jokoetako historian, azpimarratuta bainoago, marratuta: urtebete lehenago, Nazioarteko Boxeo Federazioak Munduko Txapelketatik kanpo utzi zuen, ez zituelako gainditu genero-hautagarritasuneko probak, eta urrezko domina lortu zuenean, titularrek zabaldu zuten Aljeriako boxeolaria emakume transa dela, iradokiz (edo zuzenean, baieztatuz) horrek aurkariekiko berezko abantaila ematen diola. Khelif ez da transa, baina fake news-en aroan sarri gertatzen den bezala, informazio faltsuen zuzenketak ez ziren gezurrak bezainbeste zabaldu, eta Aljeriako boxeolariaren aurka lerratuta, olatu transfobora batu ziren nazioarteko politikari ultraeskuindarrak, besteak beste, Donald Trump, Javier Milei eta Georgia Meloni.
Eta komunikabideek eta sare sozialek bolo-bolo zabaldu zutena egia balitz, zer? Emakume trans kirolariek berezko abantailak dituzte emakume zisgeneroekiko soilik transak izateagatik? Desparekotasun gaindiezinez, abantaila bidegabeez, hitz egin daiteke? Khelifen adibideak ez du balio galdera horiek argitzeko, hortaz, Olinpiar Jokoetan parte hartu duten emakume transek egindako ibilbidera destatu behar da ezinbestean begirada. Arin batean egin daiteke errepasoa, izan ere, bakarrak parte hartu du Olinpiar Jokoen historian: Laurel Hubbard emakume transgeneroa halterofilian lehiatu zen 2020ko Tokioko jokoetan, baina ez zituen osatu sailkatzeko beharrezkoak ziren hiru altxaketak, eta beraz, lehiatik kanpo gelditu zen.
Bestalde, 2004az geroztik neguko zein udako Olinpiar Jokoetan parte hartu duten 80.000 kirolari ingururen artean, lau izan dira modu irekian ez bitar gisa lehiatu direnak, eta horien artean, bik lortu dute domina. Quinn futbolari trans ez bitarrak urrezkoa erdietsi zuen Tokioko 2020ko jokoetan, Kanadako taldearekin, eta pisu jaurtiketan zilarrezko medaila irabazi zuen Raven Saundersek Parisen. Emakumeen kategorian lehiatu ziren biak. Alana Smith, bestalde, azkena izan zen emakumeen skate street-eko txapelketan, Tokion. Eta aparteko aipamena merezi du seigarren kirolari batek, Ellia Greenek. 2016ko Rio de Janeiroko (Brasil) jokoetan urrezko domina lortu zuen Australiako emakumezkoen errugbi taldearekin, eta gerora, 2022an, gizon transa dela adierazi zuen publikoki, hori egin duen lehenengo kirolari olinpikoa bilakatuz. Erretiroa hartu zuen, esanez eliteko errugbian jarraituko balu ezingo lukeela terapia hormonalik edo kirurgiarik egin.
Laburbilduz, azken 22 urteetan Olinpiar Jokoetan lehiatu diren kirolari guztien %0,006 izan dira transak edo ez bitarrak, eta jaiotzezko ustezko abantailadun ezein kirolarik ez du dominarik lortu, jaiotzez emakume izendatu baitzituzten Quinn, Saunders eta baita Khelif bera ere. Datuek, beraz, gezurtatu egiten dute eliteko kirolean "emakume transen inbasioa" gertatzen ari dela eta kirolari horien "abantaila biologikoek" emakumezkoen kirola arriskuan jar dezakeela baieztatzen duen kontakizuna, zeinak indarra hartu baitzuen Khelifen kasuaren harira.
Horregatik, bat baino gehiago harritu eta sumindu da Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) martxoaren amaieran iragarri zuenean aurrerantzean debekatu egingo diela emakume transei emakumezkoen kategoria olinpikoetan lehiatzea. "NOBeko ekitaldietako kirol programako diziplina guztietan, Olinpiar Jokoetan barne, eta banakako zein taldeko kiroletan, edozein emakume kategoriatarako hautagarritasuna eme biologikoetara mugatzen da", ebatzi zuen Kirsty Coventry NOBeko presidenteak.
Proba genetikoak ohikoak dira eliteko kirolean, baina maila olinpikoan, Atlantako (AEB) jokoetan egin zituzten azkenengo aldiz, 1996an. Komunitate zientifikoaren kritikak jaso ostean, NOBak kromosoma probak egiteari utzi zion. Bada, 30 urteren ondoren, berriz ere test genetikoak egingo dizkie kirolari olinpikoei. Horrek esan nahi du ez dituela soilik emakume transak utziko lehiaketatik kanpo, pertsona intersexualei edo edozein dela arrazoia ohikoa baino testosterona maila altuagoa duten emakumeei ere eragingo die erabakiak, baldin eta ez badute hormona horren maila murrizteko medikamenturik hartzen.
Erabaki medikoa ala politikoa?
"Erabaki horren atzean transfobia dago", baieztatu du Ainhoa Azurmendik (Hernani, Gipuzkoa, 1978) NOBak iragarritakoa hizpide. Azurmendi kirol aholkularia da, emakume kirolarien eskubideak eta aukerak babesten dituen Women Sports International (WSI) elkarteko kidea ere bai, eta ibilbide luzea du kirola eta berdintasuna uztartzeko lanetan, baita indarkerien prebentzioan ere, ikerketatik hasi eta aholkularitza praktikoraino. Egun, kirolean pertsona guztien eskubideak bermatzeko moduen inguruan bueltaka dabilki burua.
WSI elkartearen baitan, generoan oinarritutako indarkerien lantaldeko arduraduna da Zumaiako bizilaguna, eta talde horrekin bilduta zegoela izan zuen NOBren erabakiaren berri. "Arduraz hartu genuen berria, hori izan zen gure lehenengo erreakzioa. Zur eta lur gelditu ginen", kontatu du. WSIn bada beste talde bat trans kirolarien (zehatzago, kirol post-bitarraren) gaia lantzen duena, eta guztien artean, erabaki zuten WSIko zuzendaritzak NOBaren erabakia salatzeko adierazpen publiko bat egingo zuela. Alta, "zerbaitengatik", adierazpenak ez zuen aurrera egin, agertu du kirol aholkulariak, eta zera aipatu: "Taldean bago jendea Nazioarteko Olinpiar Batzordean aholkulari dena..."
Ainhoa Azurmendi: "Agian kirol bakoitzak, maila bakoitzak, bitartasunarekin hausteko erritmo propioa behar du"
NOB emakume transak eta pertsona intersexualak baztertzeko erabakia hartzera bultzatu duen gertaeren errepasoa egin du Azurmendik. 2018an Emakumearen eta Kirolaren Nazioarteko Kongresua egin zuten Botswanan, eta han izan zen hernaniarra. "Gogoan dut momentu informal batean NOBko medikuen unitateko emakume batek zera esan zidala: 'Ardura handia dut gai honekin, ez dakit zer izango den etorkizunean'. Eskubideez ari zen, pertsona guztien parte hartzeko eskubideaz. Eta neu ere gaiari bueltaka utzi ninduen", gogoratu du. Kongresu horretan, halaber, birritan txapeldun olinpikoa izan zen Caster Semenya atletaren testigantza aditzeko aukera izan zuen. "Testosterona maila altua du eta esaten diote ez dela emakumea. Zera esan zuen: 'Ni emakume jaio naiz, emakumea naiz, emakume bezala lehiatzen naiz'. Garai hartan [Londresko 2016ko eta Rio de Janeiroko 2012ko jokoak irabazi zituen], bere kideak kontra izan zituen, eta proba genetikoak exijitu zituzten. Zer gertatzen da? Sistemak emakumeak emakumeen kontra jartzen gaitu?", galdetu du.
2021ean, berriz, nazioarteko hainbat kirol federaziok NOBari eskatu zioten har zezala erabaki bat pertsona transen parte hartzearen inguruan, ez baitzekiten nola jokatu diziplina desberdinetan kirolari transek parte hartzen zutenean. "NOBek saiakera bat egin zuen, baina ondorioztatu zuen ezin zuela horrelakorik egin, ezin zuela kirol guztientzako erabaki homogeneo bat hartu. Orduan ebatzi zuen nazioarteko federazio bakoitzak bere bidea egin behar zuela, eta beraiei zegokiela beren kirolei egokituko zitzaizkien erabakiak hartzea", esplikatu du Azurmendik.
NOBek orduan hartutako erabakia "logikoa" iruditzen zaio kirol aholkulariari: "Herrialde bakoitzaren ibilbideak eta ezaugarriak desberdinak dira, bitartasuna hausteko kirol bakoitzak ematen dituen aukerak desberdinak dira. Desberdina da gaur egun, irakurketa testuinguru politiko eta sozial batean egin behar baita, horrek ez du esan nahi ezin daitekeenik aldatu".
Orain NOBak erakutsi duen jarrera aldaketa, baina, "ez da kasualitatea", Azurmendiren iritziz. Nabarmendu du ultraeskuina indartsu dagoela munduan, eta iradoki Kirsty Coventry jite horrek eraman zuela NOBaren presidentetzara iaz. Maider Illarregi heziketa fisikoko irakasleak eta militante transfeministak Berria egunkarian gogoratu bezala, Conventry kirol ministroa izan zen 2018-2025 artean, indarkeria eta errepresioa sistematikoki erabiltzen duen Emmerson Mnangagwa presidentearen gobernuan.
Horregatik, eta NOBak esaten duen arren erabakia hartzeko irizpide mediko eta zientifikoetan oinarritu dela, ebazpen transbatertzaileak erabaki politiko bati erantzuten diola iritzi du Azurmendik. "Biologiara itzuliko gara, benetan? Pertsona batek esaten badit 'ni hau naiz', nor naiz ni kontrakoa esateko, kontuan izanda gorputzak era askotakoak direla? Kromosomen dantzan erortzea, nola esan, sinplifikazio konplikatua iruditzen zait, erro politiko eta sozial konkretu bat duena", adierazi du.
Arazoa, irabaztea
Kirolari oro har, eta frontoiari bereziki, lotuta eman du bizitza txiki-txikitatik Idoia Zabaletak (Ispaster, Bizkaia, 1982). 7 urterekin hasi zen zesta puntan, eta munduko azpitxapeldun izan zen afizionatu mailan Aritz Erkiaga herrikidearekin batera, euskal selekzioaren elastikoa defendatuz Miamin (AEB) jokatu zuen txapelketan. Han, profesional bezala debutatu zuen urtebete geroago. Arraunlari ere aritu zen Orion, eta kontaktuzko kirola ere egin du, besteak beste, taekwondo, kick boxing, K1 eta muay thai. Ziurtatu duenez, kontaktuzko kirolek eman zioten konfiantzak asko lagundu zion trantsizioa egiteko unean.
Aldiz, zesta puntarekin herraz izan zela aitortu du. "Zesta punta izan zen nire trantsizioa atzeratu zuena. Amaren ametsa zelako sartu ninduten txikitatik frontoian, ez zen nire ametsa", esan du. Une batean, baina, erabaki zuen "gizarteak ikusten zuen alde maskulinoa" Miamiko aireportuan utziko zuela eta "Idoia itzuliko zela Euskal Herrira".
Idoia Zabaleta: "Arrazoi eta presio politikoak nahiz erlijiosoak daude arau berriaren atzean"
Trantsizioa hasi zuenez geroztik, Zabaleta ez da kirol profesionalera itzuli, baina frontoietara lotuta segitzen du. Zumaiako Emakumeon Etxeak antolatzen dituen pala ikastaroak dinamizatzen ditu, eta pala txapelketetan parte hartu ohi du herriz herri. Urteak daramatza emakume zisgeneroen kontra jokatzen, eta inoiz ez du zentzu horretan arazorik izan, behin salbu. Mutrikuko (Gipuzkoa) binakako txapelketa batean, partida 22-17 irabazi ostean, kexatu egin zen aurkarietako bat, eta baieztatu zuen Zabaleta emakume transa delako galdu zutela partida. "Ez genuen 22-0 irabazi, eta kexatu zen emakume horrek berberak alde handiagoarekin galdu zituen partidak emakume zisgeneroen kontra. Badirudi ez duela axola txikitatik frontoietatik atera gabe egon izanak eta soilik transa naizelako irabazten dudala. Pertsona horien logikaren arabera, trailetan ibiltzen den nire pisukidea baino hobeto aritu beharko nintzateke mendian korrika. Bada, nik mendia igotzerako, hark bi aldiz egin du ibilbide osoa. Jendeak pentsatzen du transexuala izateagatik denean eta denerako abantaila duzula, eta ez da horrela. Nik, palan, partida asko eta asko galdu ditut emakume zisgeneroen aurka. Baina galtzen duzunean, ez dago arazorik, inor ez da kexatzen. Arazoa da irabazten dugunean: 'Irabazi du transexuala delako'", kontatu du.
Horregatik, Zabaleta bere esperientzia pertsonalean oinarritu daiteke NOBaren "erabaki transfoboa" auzitan jartzeko. Eta erabaki horren helduleku ezak ematen dio arreta, aitortu duenez: "Erabakia ez dute hartu parte hartu duten trans kopuruarengatik [bakarra], ezta irabazi dituzten dominengatik ere [batere ez]. Arrazoi eta presio politikoak nahiz erlijiosoak daude arau berriaren atzean", ziurtatu du.
Bestalde, Zabaletaren susmoa da NOBak etorkizunera begira bere burua babestu nahi duela. "Imajinatu hemendik hamar urtera zazpi pertsona transek zazpi domina irabazi dituztela, eta NOBak orduan erabakitzen duela transen parte hartzea debekatzea. Nola kudeatuko luke pertsona horiei dominak kendu behar izatea eta beste batzuei ematea? Arriskutsua izan daiteke. Horregatik, esango nuke zauria egin aurretik tirita jarri dutela", azaldu du.
Zeharkako mezu arriskutsua
Olinpiar Jokoetako kirolari transen edo ez bitarren parte hartzea kasik hutsala izateak iradokitzen du eliteko kirola, debekurik gabe ere, oso murriztailea dela trans pertsonentzat. Urrutira joan gabe, Iker Salegik (Itziar, Gipuzkoa, 2002) aitortu du kirola "modu publikoan" egiteari utzi ziola gizon gisa gizarteratu zenez geroztik. 13 urte inguru zituela hasi zen arraunean, eta lauzpabost urtez aritu zen Zumaiako emakumezkoen traineruan. "Trantsizioa hasi nuenerako, arrauna utzita nengoen. Orain, kirola egiten dut, baina ez taldean edo publikoki, nire kasa baizik. Iruditzen zait transexualok askotan kirola publikoki egiteari uzten diogula, izan aldagelengatik, dutxengatik edo bestelako arrazoiengatik. Nire kasuan, behintzat, horrela izan da, eta askok esan didate gauza bera gertatu zaiela. Etxean egiten dut kirola eta etxean dutxatzen naiz, lasai asko. Eta, ziur aski, mutil zisgeneroa izango banintz, publikoki kirola egiten jarraituko nukeen", kontatu du itziartarrak.
Iker Salegi: "Ni ez nau kromosoma batek edo testosteronaren portzentajeak definituko"
Olinpiar batzordearen erabakiak, Salegiren ustez, ez die laguntzen pertsona transei egoera horiek gainditzen eta kirol profesionalean parte har dezaten ahanduntzen. Ulertzen du kirol federazioek eta batzordeek arau batzuk zehaztu behar dituztela, "agian muga batzuk jarri ere bai", baina NOBaren azken ebazpenak "kolektibo oso bat baztertu" duela salatu du, eta defendatu du oinarrizko eskubideek kiroleko lehiaren berdintasunaren gainetik egon beharko luketela. "Jadanik mundu mailan oso zapaldua dagoen kolektibo bat zapaltzen jarraitzeko kanpaina berri bat dela iruditzen zait", nabarmendu du.
Ebazpen horrek zabaltzen duen zeharkako mezuak kezkatzen du gehien Salegi: "[Transoi] esaten digutena zera da: 'Inoiz ez zara %100ean emakume edo gizon izango. Bada, ni ez nau kromosoma batek edo testosteronaren portzentajeak definituko".
Dena esploratzeko
Eliteko kirolaz harago, nola lurreratzen da Nazioarteko Olinpiar Batzordearen erabakia herrietan, hastapeneko kirolean? "Batzordeak bere burua zuritu nahi izan zuen esanez ez dagoela hastapeneko kirolean pertsona transek parte hartzearen kontra. Bada, hori tranpa da. Hastapeneko kirolak federazioen menpe daude, eta federazio horiek gora, batzordera, begiratzen dute arauak egiterakoan", agertu du Ainhoa Azurmendik. Gainera, Salegik ohartarazi duenez, horrelako erabaki batek erreferenteak lapurtzen dizkie kirolari trans gazteei, eta horrek "eragin gogorra izan dezake haiengan", esan du.
Nola edo hala, hastapeneko kirolak, txapelketa herrikoiek eta hezkuntza sistemaren baitako kirol jarduerek pertsona guztiek parte har dezaten bermatzeko lan egin beharko lukete, Azurmendiren, Salegiren eta Zabaletaren iritziz. Hori lortzeko formula magikorik ez du inork, baina herri mailako gogoetak abiatzeko premia dagoela nabarmendu dute, asko baitago hausnartzeko, probatzeko eta egiteko.
Azken helburua kirolaren banaketa bitarrarekin amaitzea izan daitekeela proposatu du Azurmendik, baina ohartarazi du ez dela posible hori egun batetik bestera lortzea; are, uste du ez litzatekeela egokia izango modalitate guztietan eta modu homogeneoan gizon, emakume eta bestelako disidentziekin lehia mistoak sustatzea: "Agian kirol bakoitzak, maila bakoitzak, bitartasunarekin hausteko erritmo propioa behar du". Errealitatea aldakorra den eran, hari egokituko zaizkion neurriak aldakorrak izan beharko liratekeela defendatzen du kirol aholkulariak, eta gaurko errealitatean, kasu batzuetan, talde segregatuak oraindik ere beharrezkoak direla aldarrikatu du: "Kirolean maskulinitate hegemonikoak horren indartsua izaten jarraitzen duen bitartean, emakumeak ahalduntzeko espazio propioak sustatzea garrantzitsua izango da. Baina horrek ez du esan nahi banaketa bitar zurrunari heldu behar diogunik, ez du esan nahi espazio horiek ezin direnik uztartu pertsona transak eroso egongo diren espazioekin".
Ildo beretik, kirolean espazio mistoak zabaltzeko apustua egin beharko litzatekeela uste du Salegik, batez ere haurren kasuan. "Umetan, barne borroka bat bizi izan nuen, esnatzen nintzenetik lotaratzen nintzen arte. Beraz, espazio bat izan banu ez lidakeena errepikatuko behin eta berriz neska nintzela eta aukera berdinak nituela mutil edo neska izan, lagungarria izango litzatekeela iruditzen zait", agertu du arraunlari ohiak.
Herrietako taldeetan hasi eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeko bulegoetaraino, kirola pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen arloa bilakatzeko bidean dena dago esploratzeko. Eta, formula magikoen faltan, gogoa, denbora, ezagutza eta antifaxismoa izan daitezke transfobia K.O. uzteko gutxieneko osagaiak.