Euskal xakelari onena izan da Oier Sarasketa maila absolutuko Espainiako Txapelketan

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 31

Xabier Aranzabal (erdian) eta Oier Sarasketa (eskuinean), hilaren hasieran Donostian jokatutako txapelketan. (Kbi xake kluba)

Andaluziako Linares hirian jokatu zuten pasa den astean txapelketa, eta 37. postuan amaituta, euskal xakelari onena izan zen zumaiar gaztea.

Maila absolutuko Espainiako Xake Txapelketan lehiatu da Oier Sarasketa zumaiarra. Andaluziako Linares hirian jokatu zuten txapelketa abuztuaren 17tik 25era bitartean, eta bertan espainiar estatu osotik bertaratutako jokalariak aritu ziren jokoan. 

Kbi xake klubeko kide Sarasketari dagokionez, 37. postuan amaitu zuen txapelketa, 5,5 punturekin. Guztira, bederatzi partida jokatu zituen, eta horietatik hiru irabazi zituen, bost berdindu eta bakarra galdu. Sarasketa izan da, gainera, txapelketa horretan aritu den euskal xakelari onena. 

Donostiako txapelketa

Abuztu hasieran Donostiako Aste Nagusiaren barruan jokatu zuten lehen xake txapelketan ere aritu ziren Kbi xake klubeko jokalari Xabier Aranzabal eta Oier Sarasketa. Lehenak zortzigarren postuan amaitu zuen txapelketa, 9 puntu posibletatik 6,5 lortuta. Puntu berak lortu zituen hamargarren postuan amaitu zuen Sarasketak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide