Adinekoentzako eskaintza prest dute jada Gizarte Zerbitzuek

Juan Luis Romatet 2026ko irailaren 1a

Itsasargia programaren erabiltzaileak, Gaztegunera egindako bisitan. (Zumaiako Udala)

Adinekoen ongizatea, autonomia eta harreman sozialak sustatzea helburu duen programa sorta prestatu dute udaleko Gizarte Zerbitzuek denboraldi berrirako.

Adinekoen ongizatea, autonomia eta harreman sozialak sustatzeko programa sorta eskaini ohi dute Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek urte osoan zehar, helburu jakin batzuekin: herritarren parte-hartzea bultzatzea, eguneroko bizitzan autonomia indartzea eta bakardadea edo gizarte-isolamendua bezalako egoerei aurre egiteko laguntza eta baliabideak eskaintzea, hain zuzen. Bada, udako oporraldien ondoren, irailean sartzearekin batera, bueltan dira herriko adinekoentzat prestatutako programak eta bestelako jarduerak.

Udalak jakitera eman duenez, datozen hilabeteotan estimulazio kognitiboko tailerra eta Tipi-Tapa ibilaldiak egingo dira, baita Itsasargia eguneko arreta zerbitzua ere herritarren eskura jarri ere, goizez zein arratsaldez.

Urriaren 15etik aurrera estimulazio kognitiboko tailerra emango dute Hogarrean. Hiru hilabeteko iraupena izango du jarduerak, eta abenduaren 15era arte iraungo du. Haien barruan, oroimena aktibo mantentzeko ariketak eta jarduerak egingo dituzte parte hartzaileek. Tailerra bi txandatan emango da, biak ere arratsaldetan: lehena 16:00etatik 17:00etara eta bigarrena 16:10etik 17:10era. 

Tailerrean izena emateko apea zabalik dago jada, eta irailaren 11ra arte egongo da apuntatzeko aukera. Matrikularen prezioa 11 eurokoa da, eta izenak Gizarte Zerbitzuetan eman daitezke, baita online hemen ere. Eskaera orria eta banku titulartasunaren dokumentua aurkeztu beharko dira.

Tipi-tapa eta Itsasargia

Udazkena gerturatzearekin batera martxan jarriko dira, baita ere, Tipi-tapa ibilaldiak eta Itsasargi programa. Aipatu ibilaldiak asteazkenetan egiten dira, goizeko 10:00etatik aurrera, Beheko plazatik abiatuta. Boluntarioen laguntzarekin taldean egiten diren osasun ibilaldiak dira horiek, eta jarduera disikoa sustatzeaz gain, badituzte beste helburu batzuk, hala nola, herritarren arteko harremanak indartzea eta komunitate sarea sustatzea. Tipi-tapa ibilaldietarako izena urte osoan zehar eman daiteke Gizarte Zerbitzuen bulegoetan.

Itsasargia programa ere bueltan izango da udaren ondoren. 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako zerbitzua da honakoa, eta, bereziki, mendekotasun-arriskuan edo mendekotasun arinean daudenei zuzendutakoa. Hauskortasun, bakardade edo isolamendu egoeran dauden edo zailtasun pertsonalak bizi dituzten pertsonak ere izan daitezke haren onuradun. 

Saioak goizez eta arratsaldez eskainiko dira, egunaren arabera. Goizetan, Hogarreko bigarren solairuan emango da, 10:30etik 12:30era bitartean. Arratsaldetan, berriz, astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara, Branka eraikinean. Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, Gizarte Zerbitzuetara jo daiteke (943-86 22 00 / brankaharrera@zumaia.eus).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide