50 urtez epidemia isilean lagun

Maddi Txintxurreta 2026ko irailaren 3a

Saioa Aramendi eta Aitziber Egurbide, Oxford aurrean. (M. Txintxurreta)

Giltzurruneko gaixoek osatzen duten Alcer Gipuzkoa elkarteak mende erdi bete du eta erakusketa ireki du Oxford aretoan.

Giltzurruneko gaixotasuna duten pertsonek osatzen duten Alcer Gipuzkoak 50 urte bete ditu aurten, eta elkarteak sorreratik gaurdaino ibili duen bidea ezagutzera ematea helburu, erakusketa jarri dute Alondegiko Oxford aretoan. Herenegun ireki zuten eta datorren asteartera arte, irailak 8, egongo da ikusgai, egunero, 18:30etik 20:30era.

Elkarteak urteurrena ospatzeko antolatu dituen hainbat egitasmoetako bat da asteon Zumaian geldialdia egingo duen erakusketa ibiltaria. Ekainaren 5ean, Organo Emaileen Nazioarteko Eguna igaro berritan, 250 lagunek parte hartu zuten urteurrena ospatzeko Hernanin (Gipuzkoa) egin zuten ekitaldian, eta egun horretan erakutsi zituzten informazio panelekin erakusketa ibiltaria sortzea erabaki zuten. Donostiako Ospitalean ikusgai izan dira panelak abuztuan, eta Zumaian astea egin ostean, Gipuzkoako hiriburuko Egia auzora eta Hernanira eramango dute erakusketa.

Oxfordeko erakusketan jarri dituzten informazio panelen bidez, Alcerren historia kronologikoki ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, eta elkartearen bueltan antolatu diren pertsonek azken mende erdian egindako lan eskergari erreparatu ahal izango diote.

Alcer Gipuzkoa 1976an sortu zuen giltzurruneko gaixotasunak erasandako talde txiki batek, beren etorkizunaz zuten kezkak bultzatuta. Izan ere, duela 50 urte giltzurruneko gaixotasunak artatzeko baliabideak ez ziren gaur egungoak. "Dialisi makina gutxi zeuden eta transplanteak egiteko aukerak eskasak ziren", azaldu du Saioa Aramendi elkarteko dietistak. Elkartea sortu zutenetik, eta unean uneko baliabideez gaindi, Alcerreko kideek helburu argia izan dute hastapenetik, Aitziber Egurbide elkarteko administrariak zehaztu duenez: "Giltzurruneko gaixoen eta haien senideen bizi-baldintzak hobetzea". 

Laguntza zerbitzuak

Giltzurruneko gaixotasuna duten pertsonek dialisia edo transplantea behar dute bizirauteko, eta transplanterako itxaron zerrenda handia dagoenez, gehienek dialisi bidezko tratamendua jaso behar dute. Hemodialisia deritzona ospitalean egiten dute, eta normalean astean hiru egunetan jaso behar izaten dute tratamendua pazienteek, saioko hiru-lau orduz. Dialisi peritoneala, aldiz, etxean egiten dute pazienteek, kasu gehienetan, egunean hiru bider. Hortaz, dialisiak, eta gaixotasunak berak, hainbat modutara eragin diezaioke pazienteari. "Askok ezin dute lanik egin; pentsa sozializatzeko zer zailtasun izan ditzaketen. Elikaduran murrizketak izaten dituzte, eta psikologikoki ere gogorra izan daiteke. Horregatik hitz egiten dugu ez soilik gaixoez, baita familiez ere, haiek ari baitira gaixoa zaintzen", adierazi du Aramendik.

Eragin horiei erantzuten saiatzen da Alcer Gipuzkoa, eta horretarako, 40 urte daramatza hainbat laguntza programa eskaintzen ditu, hala nola, laguntza psikosoziala, familiaren atsedena eta aholkularitza dietetikoa nahiz nutrizionala. "Giltzurruneko gaixoen elkartea da, horregatik, pertsona horiei gaixotasun prozesuan laguntzea da gure helburua", argitu du dietistak. Lau hamarkadatan, 3.909 familia lagundu dituzte Gipuzkoan, eta 26.783 kontsulta egin dituzte. Soilik iaz, 1.170 familia artatu zituzten. "Lan asko da, eta horri guztiari erantzuteko taldea hazi egin da hasieratik hona", aipatu du Egurbidek.

Elkarteak Donostian dituen bi bulegoetan (bata ospitalean eta bestea Amara auzoan) eskaintzen dute arreta. Ospitalean laguntza psikologikoa eta soziala eskaintzen dute. "Adibidez, dialisian dagoen pertsona batek oporretara joan nahi badu, oporretan dialisia egiteko aukera izan behar du, eta hori kudeatzeko gauza pila bat egin behar dira. Makina baten menpe daude. Gu arduratzen gara kudeaketa horretaz", esplikatu du Aitziber Egurbidek. Amaran, berriz, administrazioa eta aholkularitza dietetiko-nutrizionala eskaintzen dute, eta gainera, han du topagunea Elkartze Mugimenduak, elkartearen boluntario sareak.

Hala ere, jende askok organo emaileen elkarte gisa ezagutzen du Alcer, ez baita makala alor horretan egiten duen lana. Elkartea sortu eta bi urtera hasi ziren organoak ematearen aldeko sentsibilizazio kanpainak antolatzen. Hala, Gipuzkoako organo eta ehunen emaileen erregistroa kudeatzen du Alcerrek, eta heriotza ostean emaile izateko borondatea adierazi duten 66.791 lagunen izenak zituzten zerrendan 2025a amaitzerako. "Organoak ematea ez da horren erraza. Egoera berezi batzuetan jazo behar da heriotza, eta normalean, ospitalean gertatu behar da. Errazagoa da giltzurrun bat behar izatea, ematea baino, une honetan itxaron zerrenda luzea baitago: Espainiako Estatuan, 5.163 pertsona daude itxaron zerrendan", azaldu du dietistak.

Goranzko joera

Giltzurruneko gaixotasun kronikoaren intzidentziaren goranzko joeraz ohartarazi du berriki Munduko Osasun Erakundeak (MOE). "Erakunde horrek esan duenez, ez badugu ezer egiten, 2050. urtea baino lehen heriotza kausen artean hirugarrena bilakatuko da giltzurruneko gaixotasuna", esan du Aramendik.

Gainera, Egurbidek gaztigatu duenez, giltzurrunetakoa "azpidiagnostikatutako gaixotasuna" da, eta apur bat "ezezaguna" ere bada, nahiz eta adin nagusiko biztanleriaren artean %15eko prebalentzia duen: "Horrek esan nahi du jende askok ez dakiela gaixo dagoela. Horregatik esaten dugu epidemia isila dela". 

Horren jakitun, giltzurruneko gaixotasunarenen esparruan gehiago ikertzea beharrezkoa dela aldarrikatu dute Alcer Gipuzkoako kideek, eta jakinarazi dute bide horretan pauso berri bat eman duela aurten elkarteak: lankidetza hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Farmazialarien Elkartearekin, giltzurruneko gaixotasunari aurre egiteko eta gaixotasun horren inguruan ikertzeko lan esparru bateratua ezartzeko asmoarekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide