San Juan egoitzako langileek manifestazioa deitu dute hilaren 24rako

Maddi Txintxurreta

San Juan egoitzako langileak protestan, greban 300 betetzear direnean. (M.Txintxurreta)

Zumaiako San Juan egoitzako langileak greba mugagabean dira iazko azaroaz geroztik, prekaritatea eta soldata arrakala ezabatuko dituen sektoreko hitzarmen baten alde. Negoziazioa desblokeatzeko helburuz, manifestazioa deitu dute irailaren 24rako.

San Juan egoitzako langileen greba mugagabeak 300 egun beteko ditu larunbatean. Zumaiako erresidentziako nahiz borrokan dauden gainontzeko zazpi zentroetako prekaritatea eta soldata arrakala ezabatuko dituen sektoreko hitzarmen bat eskatzeko abiatu zuten greba mugagabea pasa den urteko azaroan, baina salatu dutenez, hitzarmenaren negoziazio mahaia blokeatuta dago. Hori dela eta, manifestazioa deitu dute Zumaian irailaren 24rako, patronalari eta instituzioei negoziatzera eser daitezela galdegiteko.

Zumaiako erresidentziako beharginek ostegunero elkarretaratzea egiten dute Beheko Plazan, eta gaurko protestan egin dute manifestazioaren iragarpena. Azaldu dutenez,  San Juan egoitzan 60 bat langilek lan egiten dute, gehien-gehienak emakumeak dira, eta herriko zein inguruko egoiliarrak artatzen eta zaintzen dituzte.

"Zerbitzua publikoa bada ere, langileak azpikontratatuta daude sektoreko beste erresidentzietan bezala, eta euren baldintzak gero eta prekarioagoak dira, ohartarazi dute.

Sektoreko hitzarmena berritzeko mahai negoziatzailea 2025eko urtarrilean osatu zen, baina gaur egun "blokeatuta" dagoela salatu dute ELA sindikatuak babestutako grebalariek: "Ez dago aurrerapauso nabarmenik eta patronalak ez dira gai proposamen berriak egiteko".

Duela ia 300 egun abiatutako greba mugagabearen bitartez, langileen baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat adosteko borrokan ari dira San Juanen. Besteak beste, %100eko lan kontratuak eta soldata arrakalarekin amaitzea eskatzen dute. Izan ere, zehaztu dutenez, "sektoreko langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu, eta gero eta altuagoak diren lan kargei aurre egiteko eta ez dira betetzen aiton-amonei arreta duin bat eman ahal izateko prekaritatea eta soldata arrakala ezabatuko dituen sektoreko hitzarmen baten alde".

Gainera, salatu dutenez, azken urteetan okerrera egin du egoitzan eskaintzen duten zerbitzuaren kalitateak. "Ratioak jaitsi dira, otorduetako janariaren kalitatea nabarmen jaitsi da, eraikina oso zaharkituta dago..., zerrendatu dute.

Patronalak eta instituzioak jo dituze egoera horren arduraduntzat. San Juan egoitza kudeatzen duen Clece Mayores enpresaren helburua "irabaziak haztea" dela baieztatu dute, eta nabarmendu hori ez dela bateragarria "kalitatezko zaintzarekin, ezta lan-baldintza onekin ere". Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote "behingoz prekarietate eta genero arrakalarekin amaituko duen hitzarmen baten alde egin dezala.

Negoziazio maila desblokeatu dadin presio egiteko, nahiz San Juaneko langileei babesa adierazteko, manifestazioa deitu dute irailaren 24rako Zumaian. Protesta 18:00etan abiatuko da Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta herriko eragileei nahiz herritarrei manifestazioan parte hartzeko eta "zaintza publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa" aldarrikatzeko deia egin diete.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide