Oriok eta Zarautzek lan txukuna egin dute gaur arratsaldean Kontxarako sailkatze estropadan, eta horrenbestez, datozen bi igandeetan Donostiako estropadetan lehiatuko dira. Zumaiarrak, aldiz, kanpoan geratu dira.
Xanti Zabaletaren taldeak, espero bezala, estropada bikaina egin du gaurkoan. Ziabogan eguneko hirugarren denborarik onena (5:35) lortu du, eta sailkapen orokorrean laugarren amaitu du. Astilleroren atzetik, milaren gutxira, sailkatu da Maider Etxanizek gidatutako ontzia, eta, beste behin ere, asteburuan aurkari gogorrak izango direla erakutsi dute oriotarrek. Zarauztarrek ere estropada bikaina egin dute, baina azken momentura arte itxaron behar izan dute ospakizunekin hasteko; izan ere, sailkapenean zazpigarren egin ostean, azken ontziak iritsi arte itxaron behar izan dute Kontxarako txartela eskuratu dutela baieztatzeko. Hori bai, iazko arantza kendu ahal izan dute azkenean, gaurko lan finari esker, eta horren adierazle izan dira ontzi barruan ikusi diren malkoak, txaloak eta besarkadak.
Albiste txarrak ere eman ditu gaurko arraunketa saioak. Euskotren Ligatik jaitsi dira aurten zumaiarrak, eta Kontxan zituzten jarrita azken indar guztiak. Bada, Telmo Deuneko emakumezkoak estropadaren hasieratik geratu dira atzealdean eta, horrenbestez, ez dute asteburuan Donostiako uretan lehiatzeko aukerarik izango.
Guztira, 19 traineru aritu dira dira nor baino nor, erlojuaren aurka, igandean Kontxako Banderan lehiatu ahal izateko zazpi txartelen bila; Arraun Lagunak zuzenean sailkatu da, ligan ondoen aritu den Donostiako taldea izan delako –Euskotreneko txapelduna izan da aurten ere–. Beraz, Oriorekin eta Zarautzekin batera, ondorengo ontziak ariko dira aurten badian: Arraun Lagunak, San Juan, Astillero, Tolosaldea, Hibaika eta Donostiarra.
Hona hemen datorren igandeko estropadako hurrenkera:
A txanda
- Tolosa
- Hibaika
- Donostiarra
- Zarautz
B txanda
- Astillero
- Arraun Lagunak
- San Juan
- Orio