Larunbat honetarako ikasturteko lehenengo mendi irteera antolatu du Indamendi mendi bazkunak. Bernedotik (Araba) abiatu eta Toloño mendilerrora joango dira, eta han Peñalta (1.243 m), Bonete de San Tirso (1.276 m), San Tirso (1.333 m) eta Peña del Leon (1.392 m) tontorrak igotzeko aukera izango dute mendizaleek.
Egun osoko txangoa izango da, eta 15,7 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek, 966 metroko desnibel positiboa eta 932 metroko desnibel negatiboa metatuta. Beraz, bazkaria motxilan eramatea gomendatu du Indamendik.
Irteerarako autobusa 07:30ean irtengo da Kantauri plazatik, eta ohi bezala, Arroa Behean eta Arroako bidesarian autobusa gelditu daiteke inork hala nahiko balu eta aurrez abisatuz gero. Autobusaren prezioa 15 eurokoa izango da bazkide helduentzat, 20 eurokoa bazkide ez diren helduentzat eta 5 eurokoa haurrentzat. Bestalde, aldatzeko oinetakoak eramatea gomendatu du mendi bazkunak, autobusa hainbeste ez zikintzeko.
Izen-ematea Indamendiren webgunetik egin behar da, esteka honetan.