Ikasturte berria hasi aurretik parte hartze prozesu bat egingo dute Gaztegunean

Maddi Txintxurreta

Ludotekako haurrak, gabonetako apaingarriak egiten. (Juan Luis Romatet)

Bihartik aurrera, proiektu berria lantzeko eta nerabeen iritziak jasotzeko parte-hartze prozesuan murgilduko dira Gaztegunean. Ludoteka, bere aldetik, irailaren 30ean irekiko dute. 

Ikasturte berriarekin batera, datozen egunetan jarriko dituzte martxan heziketa eta aisialdia uztartzen dituzten Gaztegunea eta Ludoteka. Nerabeei zuzendutako zerbitzua irailaren 18an irekiko dute, baina aurretik, parte hartze prozesu batean murgilduko da.

Turismo Bulego zaharraren espazioa Gazteguneak hartuko du etorkizunean, eta espazio horretan garatuko duten proiektu berria lantzeko nerabeen iritziak jasoko dituzte zerbitzuko profesionalek. Horretarako, hitzorduak zehaztu dituzte nerabeen talde ezberdinekin: bihartik ostiralera bitartean DBH2tik gorako nerabe taldeekin bilerak egingo dituzte. 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan izango dira hitzorduak; ostiraletan, 20:00etan ere bai. Ordutegi horietan parte hartu ezin duten nerabeek asteburuan izango dute horretarako aukera. Irailaren 15an, 16an eta 17an DBH1eko ikasleei zabalduko dizkiete ateak, batetik, hezitzaileak zein espazioa ezagutu ditzaten, eta bestetik, parte hartze prozesuan ekarpena egin dezaten.

Bestalde, guraso eta tutoreentzako ate irekiak irailaren 23an, asteazkenean, 19:00etan, egingo dituzte. Egun horretan, hezitzaileek Gaztegunearen funtzionamendua azalduko dute eta zerbitzuaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte.

Irailaren 18tik aurrera irekiko dute Gaztelekua nerabe guztientzako, ohi bezala, asteartetik igandera artean.

Gernika parkean kokatzen den zerbitzu horretan parte hartu ahal izateko, izen-emate orria bete beharko dute 12 eta 17 urte bitarteko nerabeek. Horretarako bi aukera dituzte: egunotan gutun bat jasoko dute etxean, eta han agertuko den QR kodea eskaneatuta, izen-emate orria agertuko zaie; Gaztegunean bertan ere eskuratu ahal izango dute izen emate orria. 

Ludoteka, irailaren 30ean

Irailaren 30etik aurrera, astelehenetik ostiralera, zabalduko dute Ludoteka, 17:00etatik 19:30era. Aurrez, irailaren bukaeran, guraso eta tutoreentzako bilera egingo dute, eta bertan emango dituzte funtzionamenduaren nahiz izen-ematearen inguruko azalpenak. Datozen asteetan ikastetxeen bitartez banatuko dute informazio guztia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide