Xandra Gutierrez: "Asko ikasten da oinarrian, kalearen gordintasunean"

Maddi Txintxurreta

Argazkia: Olga Ruiz

Gorputzaren adierazpena lehenesten duen Nimú konpainiaren sortzailea da Xandra Gutierrez (Bilbo, 1987). Datorren larunbatean Pausa aurkeztuko du Zumaian, 19:00etan, Odietan.

Nolatan sartu zinen zirkuaren eta antzezpenaren munduan?

Bilboko Kukutza gaztetxean piztu zitzaidan kuriositatea. Han, Koblakari zirku elkarteko jendea ezagutu nuen, baina, tira, zirkua hobby gisa bizi izan nuen hasieran. Hala ere, jakin-mina areagotu zitzaidan, eta 20 urte inguru nituenean zirkuan profesionalki formatzea erabaki nuen. Bartzelonara joan nintzen, Circ Petit eskolara. Urtebete egin nuen han, eta Granadara [Espainia] joan nintzen gero. Bi urteko formakuntza jaso nuen Granadan, eta han gelditu nintzen, zirkuaren munduan jarduten duen pertsonen sare handia aurkitu bainuen. Estreyarte espazioan egon nintzen, eta ikasten nahiz ikertzen jarraitzeko aukera izan nuen han.

Bizkaian ez al zenuen izan formakuntza jasotzeko aukerarik?

Kanpora joan nintzenean, Bizkaian oraindik ez zegoen gauza handirik; zaletasuna, afizioa, bai, baina maila profesionalean jarduten zuen jende askorik ez zegoen. Esango nuke zirkuaren arlo profesionala jaiotzen ari zela orduan. Joan nintzen, eta hamar urte eta gero bueltatu nintzenean, sekulako aldaketa antzeman nuen Bizkaian: sektorea asko profesionalizatu da, zirkua praktikatzeko espazio asko daude, kide ugari dabiltza mundu horretan. Beraz, bai, azken urteetan indarra hartu du. 

Euskal Herritik kanpo bildutako esperientziak balio izan zizun 2016an Nimú konpainia indibiduala sortzeko?

Bai, noski. Formakuntzak egin ditut, baina, niretzat, eskola garrantzitsuena kalea izan da. Urte askoan, udan Europan zehar ibili naiz eta hainbat jaialditan parte hartu izan dut, dirua biltzeko txapela pasatzen den jaialdi horietan. Oinarrian, kalearen gordintasunean, pila bat ikasten dela uste dut. Jendeari emanaldia gustatzen bazaio, geratu egiten da; eta bestela, badoa. Hor zaildu nintzela esango nuke.

Ikasketaz gain, zer ekarpen egiten dizu kalean aritzeak?

Normalean, doako emanaldiak dira publikoarentzat, eta gustatzen zait horrek ematen duen inklusiorako aukera. Bestalde, kalea oso autentikoa da, oso espontaneoa. Gauza pila bat pasatzen dira, eta kalean gertatzen diren gauza horiekin guztiekin harremana lantzen eta moldatzen ikastea oso interesgarria iruditzen zait. Asko gustatzen zait inprobisatzea, beti desberdinak diren lekuetara egokitzea. Adorea ematen dit. 

Zer helburu zenituen, hastapenetan, Nimú konpainiarekin?

Asko interesatzen zitzaidan gorputzaren lengoaia; testurik gabe, hitzik gabe, komunikatzea. Hasieran beldurra nuen, eta segurtasun falta; eszenara bakarrik ateratzeak horixe dauka, baina jendearekin konektatzea lortzen nuela eta emanaldiek funtzionatzen zutela ikusteak nire konpainia indartzen lagundu zidan. Bestelako proiektuetan ere ibili naiz, jende gehiagorekin, eta pila bat gustatzen zait hori, oso aberasgarria da. Baina jendea badator eta badoa, eta horregatik, zaila da horrelako egitasmo bat denboran mantentzea.

Pausa izeneko ikuskizuna aurkeztuko duzu larunbatean Zumaian. Gehiegi aurreratu gabe, zer aurkituko du 19:00etan Odietan elkartuko den jendeak?

Aurkituko du pailazo bat maleta pila batekin, eta biolontxelista bat ere bai, emanaldian nirekin izango baita. Emanaldi horretan poesia eta umorea uztartzen ditugu, zirkua eta musika ere bai, guzti-guztia pailazoen erako lengoaiarekin eta hitzik egin gabe. 

Adin guztientzako al da Pausa emanaldia?

Bai, noski! Oso garrantzitsua da hori nabarmentzea. Zirkua publiko zabalarentzat da, edo hala izan daiteke, behintzat. Ematen du clowna baldin bazara haurrentzako emanaldiak egiten dituzula, eta guraso askok haien haurrak emanaldia ikusten uzten dituzte, beraiek pote bat hartzen duten bitartean. Kontzientzia gehiago behar dela uste dut, beharrezkoa da horrelako emanaldiak helduengana ere iristea. Zirkuak sekulako garapena izan du azken urteetan, eta telebistako pailazoak ziren horiek ez dute zerikusirik gaur egungo pailazoekin. Beraz, helduak hunkitzen uzteko irekita egon daitezela.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide