Jose Joaquin Forcada 'Forki': "Rocka eta popa aldarrikatzaileak izan dira beti; orain ikusten dut dena dirua dela"

Juan Luis Romatet

Forki, Komentuko lorategian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Gaztetatik musikazale amorratua, zaletasunak eraman zuen Forki Loiolako Herri Irratian kolaboratzera, eta 1980ko hamarkada hasieratik irratian lan egitera, Herri Irratian lehenbizi eta Onda Vascan gero. Bi hamarkadaz kontzertuak programatzen ere aritu zen Gaztemaniak zirkuiturako. Uztaileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako edukia da honakoa.

Kazetari honek Interneten begiratu behar izan du elkarrizketatuaren izena zein den, betidanik izengoitiarekin ezagutu izan duelako. "Izen ofiziala Jose Joaquin Forcada dut, baina inork ez nau horrela ezagutzen; Forki bezala ezagutzen naute", dio. Zumaian jaio zen 1958an, "Madonna, Prince, Michael Jackson eta Sid Vicious jaio ziren urte berean". Gurasoak Azkoitikoak zituen, eta Zumaia eta Azkoitia artean igaro zuen gaztaroa. 1980ko hamarkadaren hasieratik, ordea, Donostian bizi da. 

Irratiari lotutako bizitza izan da zurea. Noiz eta nola hasi zinen irratian lanean? 

Kasualitatez izan zen. Azkoitian bizi nintzen, eta hango nire lagunak ere oso musikazaleak ziren. Behin Loiolako Herri Irratira joan ginen –hantxe zegoen, Loiolako Basilikan–, eta galdetu genien ea utziko ziguten irratsaio bat egiten. 17 edo 18 urte izango genituen. Irratsaiorik ez, baina aukera eman ziguten astean behin joateko eta diskoren bat aurkezteko. Hala hasi ginen. Disko berriak aurkezten genituen eta gogoan dut irratian jarri nuen lehen diskoa Eagles taldearen One of these nights izan zela. Handik gutxira esan genien egin beharrekoa egin genuela, eta ea zergatik ez ziguten uzten irratsaio bat egiten. Horrela hasi ginen irratiko programa bat egiten. Musikaren kutxa zuen izena, Genesis taldearen The musical box abestiagatik. Larunbatero izaten zen, bi orduko irratsaioa. 

Asko iraun al zuen irratsaio hark?  

Denbora askoan egon ginen, baina jendea gogogabetzen hasi zen, eta azkenean bik jarraitu genuen, lagun batek eta biok. Halako batean, udan irratian lan egitera gonbidatu ninduten, oporretan ordezkapenak egiteko. Handik gutxira Donostiatik deitu zidaten, opor garaian ordezkatze batzuk egiteko han ere. Hala hasi nintzen pixkanaka irrati munduan sartzen. 1982an hasi nintzen Donostiako Herri Irratian lanean kontratu finkoarekin. Garai hartan Gregorio Galvez aritzen zen irratian gauetan lanean. Galiziarra da Galvez, eta behin edo beste, talde euskaldunen bat irratira zetorrenean, bere irratsaioa elkarrekin egitera gonbidatu izan ninduen. Geroago irratsaio bat eman zidaten, gauez emititzen zen Azken furgoia. Urte pila bat iraun zuen, eta 80ko hamarkadan indarra izan zuen.  

Zer nolako saioa zen hura? 

Justu irrati formuletan jartzen ez zuten musika jartzen nuen nik. Inoiz egin ez dudana irrati formula izan da; inoiz ez. Gurea beti zen alternatiboagoa, eta beti kontuan hartzen genituen hemengo taldeak. Garai hartan maketak asko erabiltzen genituen, eta taldeak beraiek etortzen ziren maketekin irratira. Sekulako maketa bilduma egin nuen, eta duela urte batzuk bota nuen, ez nekien-eta harekin zer egin. Soinu teknikari lanak ere egin izan nituen irratian; beti jardun dut musikaren arloari lotuta. Irratsaioa 22:30etik 00:00etara izaten zen, eta garai batean gauza oso berezia egin genuen. Irratsaioaren erdia inguru, ordu erdi behintzat, musika estilo konkretu bati eskaintzen genion egunero. Astelehenetan punka jorratzen genuen, astearteetan musika elektronikoa... eta horrela asteko egun guztietan. Estilo bakoitzari zegokion gonbidatuak ere etortzen ziren, astero berdinak. Punka lantzen genuenean, adibidez, Javi Sayes etortzen zen, orduan oso ezaguna zena Destruye!!! fanzinea egiten zuelako. Sayesek jarri zuen, esaterako, irrati batean lehendabizikoz Kortatu.  

"inoiz ez dut egin irrati formula. gure irratsaioa beti zen alternatiboagoa, eta beti kontuan izaten genituen hemengo taldeak"

1980ko hamarkadan sekulako mugimendua izan zen euskal musikan. Hori zure irratsaiorako egokia izango zen. 

Halako batean euskaraz egindako rocka sortzen hasi ziren, baina ez pentsa: rockak hemen hasieran arazo handiak izan zituen. Ondo gogoan dut Argia-n Barricadaren lehen diskoaren inguruan egin zuten kritika. Irakurtzen zenuen eta bazirudien deabrua zetorrela kanpotik gure zerbait egitera. Zorionez, rock erradikalarekin kontuak beste itxura bat hartu zuen. Garai hartan, musika horiek guztiak irratian jartzen genituen. Ez genuen denborarik izaten hainbeste talderi tokia egiteko ere! Mundu horretan beti oso gustura ibili izan nintzen, pozik.  

Jartzen zenuen musikagatik sekula arazoriek izan al zenuen irratiaren jabeekin? 

Herri Irratia jesuiten irratia zen, baina esan beharra daukat edukien inguruan ez zutela ia inoiz ezer esaten. Lehen komentatu dut egunero musika mota bati buruzko irratsaioa egiten genuela. Rock&Rollari buruzko saioa egiten genuen ostiraletan, eta Mikel Insausti zen kolaboratzailea, Egin egunkariko zinema kritikoa izan zena. Saioa hasi eta urtebetera programa berezi bat egin nahi izan zuen. Gure irratia Donostiako Garibai kalean zegoen, Donostiako erdigunean, jesuiten egoitzaren gainean. Bada, bateria, gitarra eta baxua sartu genituen estudio txiki batean, kontzertu txiki bat emateko. Irratsaioa gaueko 23:00etan hasi zen, eta ez genuen bost minutu ere iraun. Zuzendariak deitu zidan, hura berehala gelditzeko esanaz; eta hurrengo egunean irratira joateko ere esan zidan. Saioa geratu nuen, jotzen ari zirenei esan nien ezin genuela jarraitu, eta haietako batek zera esan zuen: "Badirudi jesuita hauetako baten lebitazioa eten dugula". Saio harengatik zigortu egin ninduten, eta programa egin gabe bi hilabete egon nintzen. Saioan izan ziren beste lagunek eskutitz bat bidali zuten irratira esanez nik ez nuela inongo ardurarik, eta handik gutxira berriro itzuli nintzen.  

Herri Irratian, Elizarekin sartzen ez bazinen, ez zen normalean arazorik izaten. Aldiz, irratian egin nuen bigarren etapan , Onda Vascan, ez zidaten ezer esaten irratsaioaren ondoren, baina bai hasieran; gai batzuekin kontuz ibiltzeko esan zidaten. Hori onartu beharra dago. 

Irratsaioan jartzen zenituen diskoak zuk erosten zenituen edo irratiak bazuen horretarako diru partida bat? 

Denetarik egon zen. Urte askoan irratiko disko bildumaren arduraduna izan nintzen. Ni sartu nintzenerako irratian disko pila bat zegoen, binilozkoak batez ere. Garai hartan astero jasotzen genuen disko pila bat, pakete pila bat; diskoetxeetatik nire izenean disko mordo bat heltzen zitzaigun, eta normalean han geratzen ziren, irratian: singleak, biniloak, CDak... Diskoetxeek irratian jartzeko bidaltzen zituzten diskoak, promozioa egiteko. Hemengoei, euskaldunei, normalean egiten genien promozioa, elkarrizketak eta, baina estatukoei ez hainbeste. Beti gogoratuko dut Jose Manuel Soto [PP eta Vox alderdien bueltan mugitzen den abeslari andaluziarra] abeslariarekin gertatutakoa. Orain dela 30 bat urte haren disko bat bidali zidaten, eta elkarrizketa bat egiteko eskatzeko deitu zidaten. Esan nien nik rockari buruzko programa egiten nuela, eta haren musika arinak ez zuela lekurik gurean. Bada, hurrengo egunean Soto berak deitu zidan telefono kabina batetik. Esan nionean ez nuela elkarrizketatuko, sekulako iskanbila muntatu zidan. Nik, nolabait esatearren, rock alternatiboari buruzko saioa egiten nuen, eta hura ezin nuen programatu.  

Kontuan hartu behar zen, gainera, gure irratia oso txikia zela. Irrati garrantzitsuenak irrati formulak ziren. Guri diskoak bidaltzen zizkiguten, baina irrati formuletakoei bidaiak-eta ordaintzen zizkieten. Gogoan dut, lagun bat han egon zelako, Espainiako Estatuko bikote batek Argentinan aurkeztu zuela bere diskoa, eta hemendik jendez betetako hegazkin oso bat eraman zutela. Astebete edo egin zuten han. Zuk gero disko hori derrigorrez jarri behar zenuen; jokoan sartzea onartu bazenuen, behartuta zeunden jartzera. Baina hori ere pixkanaka  desagertzen joan zen. 

Irratian aritu zara beti. Beste hedabideren batean egin al duzu lan? 

Gehienbat irratian aritu izan naiz, baina beste lan nahiko polit bat ere izan nuen garai labur batean. Euskal Telebistan bazen Hasier Etxeberriak aurkezten zuen kulturar pi buruzko rograma bat: Fahrenheit. 80ko hamarkada amaieran-edo izango zen, eta garai hartarako oso modernoa zen. Artea lantzen zuten, literatura, eta erreportajeak egiten zituzten. Nire lana zen erreportaje haietarako musika berezia aurkitzea. Oso lan polita izan zen, ez zuen asko iraun, hiru bat urte, baina han gehiago irabazten nuen irratian baino. 

Gero, kritikak ere egin izan ditut, baina ez asko. Euskaldunon Egunkaria-rako kritika bat edo beste egin nuen, Sting Donostiara etorri zenean eta. Duela hamabost urte Noticias de Gipuzkoa egunkaritik telefono dei bat jaso nuen. Donostiako Jazzaldiko kritikak egitea proposatu zidaten, eta horrekin jarraitzen dut oraindik ere, gutxi egiten ditudan arren. Egia da orain gehien entzuten dudana jazza dela; asko gustatzen zait, eta kolaborazio horiek egiten ditut. Baina ez dut nire burua kritikotzat jotzen; gehiago egiten ditut kronika antzerakoak. 

Herri Irratiaren ondoren, Onda Vascan aritu zinen, zure ibilbideko bigarren etapan. Han ere musikaren inguruko saioak egiten al zenituen? 

Egiten nituen, baina gutxiago; kulturaren inguruko saioak egiten nituen gehienbat. Musika bai, baina beste gai batzuk ere jorratzen genituen. Irratsaio estandarrak ere egiten nituen, magazine delakoak; norbait elkarrizketatzera nonbaitera joateko esaten zidaten, eta han joaten nintzen. Informatiboak ere egin nituen –ez aurkezle bezala–, baita asteburuko saioak ere: oso goiz jaiki eta lau orduko saioak egiten nituen larunbat eta igande goizetan. 

"Herri irratia jesuiten irratia zen, baina elizarekin sartzen ez bazinen, normalean ez zen arazorik izaten"

Ezin ditut bi etapak konparatu; bigarrenean ere gustura ibili nintzen. Ikusten nuen, baita ere, une hartako musika gustuetatik urruntzen ari nintzela. Musika oraindik ere nire bizitza da. Bizitza osoan eraman ditut entzungailuak belarrietan. Donostiako Alde Zaharrean bizi naiz, eta jende batek esan ohi dit beti entzungailuekin nabilela. Gustatzen zait musika berria entzutea. Noizean behin entzuten ditut garai bateko diskoak, baina batez ere musika berria entzuten dut. Baina, hainbeste musika dago orain... Musika berria entzunda ere, jaialdi bateko parte hartzaileen zerrenda begiratu, eta ez dut bat bera ere ezagutzen. 

Gaztemaniak programan ere aritu zinen urte askoan. Zer programa zen hura? 

Oker ez banago, 1994. urtean sortu zuten. Irratian nengoen lanean, eta astean zehar kontzertu askotara joaten nintzen, Donostiara, Bilbora, edozein tokitara. Gipuzkoako Foru Aldundian lan egiten zuen lagun bat nuen, hura ere oso musikazalea; aldundiko Gaztedia departamentuan egiten zuen lan. Aldundira proiektu bat aurkeztea proposatu zidan, eta hala egin genuen. Programaren xedea zen hemengo taldeei aukera ematea kanpotik etorritako taldeen aurretik jotzeko. Baiezkoa jaso genuen, eta lehen urteetan lehiaketa antzeko bat egiten genuen: taldeak aurkezten ziren, eta aukeratutako hamar edo hamabi talderekin CD bat ateratzen genuen. Gero, hautatutako talde horiek telonero bezala jotzen zuten kanpoko taldeen aurretik. 

Kontzertu asko antolatu al zenituzten? 

Urtean hamabost bat kontzertu egiten genituen; agian hemezortzi ere bai urte onenetan. Aldundiak berak udal batzuetako gazteria sailekin hitz egin zuen, eta hala hasi ginen kontzertuak antolatzen Arrasaten, Oñatin, Hondarribian, Zarautzen... Lasarte-Orian ere egin zen zerbait. Zumaia, adibidez, ez zen sartu inoiz zirkuituan. Taldeak aukeratzen nituen nik. Behin mundu horretan sartuta, eskaintza pila bat jasotzen zenituen; toki denetatik deitzen zuten. Egia esan, komertzialak ez ziren gauzak ekartzen genituen, nahiko bereziak. Talde gehienak publiko orokorrarentzat erabat ezezagunak ziren. Baina beste batzuentzat, adibidez, Eels ekartzea bazen zerbait. Morcheeba ere programatu genuen, eta Nathy Peluso ere bai Gaztemaniaken ia amaieran. Arrasaten izan zen kontzertua, 30 lagunen aurrean, eta handik hiru urtera milaka pertsonaren aurrean jotzen zuen. Niretzako oso esperientzia ona izan zen. Musikariekin hitz egiteko aukera ere izaten nuen, eta ikusten nuen barrutik nola egiten ziren gauzak, zer baldintza jartzen zituzten, zer eskatzen zuten, instrumentuak, jatorduak... Musikariak, orokorrean, oso jatorrak ziren, eta bazekiten halako mundu paralelo batean bizi zirela.  

Zenbat urte iraun zituen esperientziak?  

Guztira, 24 urtez aritu ginen horretan, 2018ra arte. Aurretik, 2009an, esan ziguten programa bukatu egingo zela, ez zegoela hartarako dirurik. Ez dakit nola, publiko egin zen, eta Gaztemaniaken aldeko kanpaina abiatu zuten: Gaztemaniak bai, eskerrik asko pin bat atera zuten, Nuklearrik ez, eskerrik asko haren moduan. Kristoren kanpaina egin zuten eta aldundiak atzera egin zuen. Noski, halako instituzio batentzat ez zen dirua, baina etekinik ere ez zuten ikusten. Aitortu beharra daukat bukaerarako gazte jendea ez zela kontzertuetara joaten; oso gazte gutxi joaten zen. Teorian guk egiten genituen kontzertuak gazte jendearentzat ziren, baina joaten ginenak 40 urte betetakoak ginen. Kontzertu haiek Kultura sailak antolatu behar zituen, eta ez Gazteriak. Pena izan zen esperientzia ez zela 25 urte betetzera heldu. Hedabide batzuek esan ziguten erreportajeak egingo zituztela 25 urte betetzean, baina halako batean amaitu egin zen dena. 

Musika maite duzu. Nola ikusten duzu musika gaur egun? 

Orokorrean, musikariek askoz hobeto jotzen dute; teknika aldetik, maila handia ikusten da. Baina, hala ere, iruditzen zait nahiko geldirik dagoela dena. 2026ko talde bat entzuten duzu, eta badirudi azken 30 urteotan ez dela ezer aldatu. Orokorrean, gaur egungo gustuak ikusita, kanpoan sentitzen naiz. Estadioetan jotzeko ohitura dago orain. Aurrekoan gazte batek esan zidan oso ondo dagoela kontzertu horietara joatea eta denok abestiak kantatzea abeslariarekin batera. Bada, justu hori da niri gutxien gustatzen zaidana. Ez zitzaidan bizitzea tokatu, baina Zetakek Donostian jo zuenean jendeak kontzertua entzungailuen bidez jarraitu zuela jakin nuenean... ez nekien zer pentsatu. Horretarako zertara joaten zara kontzertu batera? Zertarako? Etxean entzun dezakezu hori, ezta? 

Gero, kontzertuetara bideratzen duten diru publikoaren gaia dago. Fermin Muguruzak salatu zuen Eusko Jaurlaritzak ETSri milaka euro eman zizkiola, eta hona nentorrela ikusi dut hainbat musikarik gutun bat atera dutela diru publikoaren erabileran gardentasuna eskatzeko. Instituzioak hainbeste inplikatzea kontu horietan... ez dakit. Beti pentsatu izan dut rocka eta popa aldarrikatzaileak direla, eta bizitza honetako gai garrantzitsuak landu izan dituztela. Orain ikusten dut dena dirua dela. Noski, jendeak ahalik eta baldintzarik onenetan bizi behar du, baina ez zait buruan sartzen hemengo [kontzertuak eta jaialdiak antolatzen dituen] enpresa handiena CEOEko kidea izatea. Rocka, popa, musika, kapitalismo basatiaren eredu bihurtu dira. Horrekin ez nago oso ados.  

Duela hiru urte hartu zenuen erretiroa. Oraindik kontzertuetara joaten al zara? 

Bai, baina ez lehen bezainbeste. Aurreko batean joan nintzen Edwyn Collins ikustera, eta duela gutxi David Byrne ikusi nuen Cardiffen, Galesen. Oso zalea naiz, eta sekulako kontzertua izan zen. Donostian, [Viktoria Eugenia antzokiko sotoan dagoen] Club aretoan urtean zehar jazz kontzertuak izaten dira zorionez, eta haietara guztietara joaten naiz. Oso kontzertu onak izaten dira; jotzen dutenak ez dira oso famatuak izaten, baina bai oso onak. Jazzaldian baino kontzertu hobeak egoten dira han. Gainera, Club aretotik 200 bat metrotara bizi naiz eta aitzakiarik ez dut izaten ez joateko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide