Bi pelikula ikusteko aukera izango da asteburu honetan ere Aita Mari aretoan, helduentzat eta haurrentzat bana. Gaurtik astelehenera bitartean, 19:30ean, El ser querido emango dute, eta igandean, 17:00etan, La Patrulla Canina: la dino película. Sarrerak aurrez erosteko aukera izango da sarrerakzumaia.eus webgunean.
Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren azken lana da El ser querido. Isabel Peñarekin batera idatzi du, Javier Bardem eta Vicky Luengo dira pelikulako protagonistak. Esteban Martinez (Bardem) eta haren alaba Emiliaren (Luengo) harreman zaila kontatzen du Sorogoyenen pelikulak. Aita zinema zuzendari ezaguna da, baina ezagun da, halaber, indarkeriak eta gehiegikeriak markatutako iraganarengatik. Aktorea da urte luzez ikusi ez duen alaba, eta lana eskainiko dio. Setean denbora asko pasatu beharko dute elkarrekin, eta zauri zaharren minak nahiz gerturatzeko ahaleginak nahastuko dira hor.
Igandean, berriz, La Patrulla Canina: la dino película animazioko filma programatu dute haurrentzat. 17:00etan hasiko da emanaldia.