Belatxinga mokohoria (Pyrrhocorax graculus)

Imanol Manterola

Belatxinga mokohoria. (Imanol Manterola)

Imanol Manterolak uztaileko Zumaia Guka aldizkarian idatzitako edukia da honakoa.

Euskal Herriko goi mendigune nagusienetan aurkitzen da belatxinga mokohoria; Aizkorrin, Anboton, Aralarren... 1.000-2.800 metrora arteko eremuetan, harkaitz eta kareharri ugari duten mendietan, batez ere. Iberiar penintsulan, Pirinioetan eta Kantauri mendilerroan bakarrik ikusi daiteke. Corvidae familiako hegaztia da, guztiz beltza, distira metaliko berdeekin eta urdinekin. Hankak laranja edo gorri biziak ditu, eta mokoa horia; horrek bereizten du belatxinga mokogorriarengandik, zeinak moko luzeagoa, makurragoa eta gorria duen. 

Hegalari trebea da, haize korronteak ederki baliatzen dituena. Hegan doanean egiten dituen txistu sendoek berehala ohartarazten dute bere presentziaz. Ez dago sexuen arteko desberdintasun nabarmenik, gazteek lumaje mateagoa dute eta hankak beltzaxkagoak izaten dituzte. Taldean ibiltzeko ohitura du, baina ugaltze garaian, eremu bereko kolonia txikiagoetan elkartzen dira. Gurean urte osoan ikus dezakegu eta oso erreza da goi mendietako larreetan oinez ibiltzen ikustea, ornogabedun diren kakalardoak, barraskiloak, matxinsaltoak... jaten dituen bitartean. Zoritxarrez, mendian lagatzen ditugun "soberakin" horiek jaten ikustea ere oso ohikoa da, eta horren ondorioz, gizakiarengana asko hurbildu daiteke beldur barik.

Luzera eta hego zabalera: 29-36 zentimetro eta 65-74 zentimetro. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide