Pentsio duinak aldarrikatzeko uda osteko lehen elkarretaratzea egingo dute gaur

Maddi Txintxurreta

Zumaiako pentsiodunak, astelehenero egiten duten elkarretaratzeetako batean. (Utzitakoa)

Udako etenaren ostean, Zumaiako Pentsiodunen Mugimendua Saregile plazaren aurrean elkartuko da astelehenero,12:00etan. Gaurkoa izango da ikasturte berriko lehenengo protesta.

Udako etenaren ostean, Zumaiako Pentsiodunen Mugimenduak astelehenetako elkarretaratzeak berreskuratuko ditu gaur. Saregile plazaren aurrealdean elkartuko dira 12:00etan, eta hala egingo dute astelehenero. Mugimenduko kideek protestara batzeko deia egin diete herritarrei.

Nabarmendu dutenez, pentsiodunen erosteko ahalmena gero eta txikiagoa da, eta haien aburuz, ezinbestekoa da gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea.

Aldarrikapen horri indarra emateko, datozen hilabeteetan bi hitzordu garrantzitsu dituztela jakinarazi dute pentsiodunek. Batetik, urriaren 24an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egingo du Espainiako Estatuko pentsiodunek Madrilen deitu duten manifestazioarekin, eta hara joateko dei egin diete herritar guztiei.

Bestetik, azaroaren 3an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak topaketa bat egingo du Gasteizen, orain arte egindako borrokaren bidez lortutako helburuak plazaratzeko eta ekimen berriak proposatzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide