Ondarearen Europako Jardunaldietan urrirako bi bisita antolatu dituzte Zumaian

Nerea Uranga

Komentua. (Miriam Romatet)

Ondarearen Europako Jardunaldien hamargarren edizioa egingo dute datozen hiru hilabeteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta. Kultur ondarea ezagutaraztea eta zaintzea dute helburu jardunaldiek, eta xede horrekin Zumaian bi bisita gidatu egingo dituzte datorren hilabetean, Artadiko erlojura bata eta San Jose komentuko kondairak izenekoa bestea.

Hamargarren aldiz egingo dituzte Ondarearen Europako Jardunaldiak Gipuzkoan, lurraldeko ondarea kontserbatzeko, zaintzeko eta ezagutarazteko. Irailean, urrian eta azaroan izango dira jarduerak Gipuzkoako 36 udalerritan. Urrirako bi bisita gidatu antolatu dituzte Zumaian: hilaren 10ean, Artadiko erlojua bisitatuko dute, eta hilaren 17an, San Jose komentuko kondairak bisita egingo dute. Doan dira biak, baina aldez aurretik izena eman beharko da.

Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak nabarmendu duenez, jardunaldien helburua da "memoria kolektiboa gordetzea eta gizarte osoaren zerbitzura jartzea". Gure eskuetan lelo hartuta eta arriskuan dagoen kultura ondarearen inguruan egingo dituzte aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiak, hiru lan ildorekin: "Biziberritzea, eustea eta berriz irudikatzea". Foru aldundiak sustatu ditu jardunaldiak, Gipuzkoako hainbat eragilerekin batera. "Hamargarren edizioko jardunaldietako jarduerek begirada berriak eskaintzen dituzte gure ondareak dituen erronkei buruz, eta erakusten dute ikerketak, kontserbazioak, sormenak eta gizartearen parte hartzeak nola lagun dezaketen ondarearen etorkizunean", adierazi du jardunaldien aurkezpenean aldundiko Kultura zuzendariak. Era berean, jardunaldiak antolatzeko parte hartu duten eragileak eta parte aktiboa duten herritarrak eskertu ditu, baita herritarrak animatu ere antolatutako jardueretan parte hartzera.

Zumaiako jarduerak:

  • Urriak 10, larunbata. Artadiko erlojuaren bisita komentatua. 11:00etan, San Pedro parrokian. Aurrez izena eman behar da 626 09 02 72 telefonoan edota amoso@aranzadi.eus helbide elektronikoan.
  • Urriak 17, larunbata. San Jose Komentuko kondairak, bisita komentatua. 11:00etan, 943-86 10 56 telefonoa edota kultura@zumaia.eus helbidean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide