Zumaiako Udalak asfaltatze kanpaina jarriko du martxan astelehenetik aurrera, eta Patxita Etxezarreta kalearekin hasiko da. Lan horren lehen fasean, autobus geltokiaren inguruko obra zibila egingo dute, eta ondoren asfaltatze eta margoketa lanak egingo dituzte. Beraz, lanek iraun bitartean, Patxita Etxezarreta 6 zenbakiko autobus geltokia kendu egingo du udalak.
Lurraldebusek jakinarazi duenez, UK06 linean, Zumarragarako noranzkoan, autobusek ez dute Patxita Etxezarretako geltokian geldialdirik egingo, eta Zumaiako tren geltokian egingo dute geldialdi bakarra.
Bestalde, DB05, UK07, UK09, UK10 eta UK11 lineetan, Zumaiara iristean, Moilan egingo dute geldialdia, eta ez da beste geralekurik egongo herrian.
Geltokiaren inguruko lanek 10-14 egun inguruko iraupena izatea aurreikusten du udalak, eta herritarren nahiz autobus zerbitzuaren erabiltzaileen lankidetza eta pazientzia eskatu du. Ohartarazi du, halaber, lan-egutegia eguraldiaren eta sor daitezkeen bestelako gorabeheren arabera aldatu ahal izango dela.