Distira argazki elkarteak atzo arratsaldean banatu zituen 38. Zuri-beltzezko Argazki Lehiaketako eta San Pedro jaietan estreinakoz antolatutako argazki lehiaketako sariak, Oxford aretoan eginiko ekitaldian. Lehenik eta behin, sanpedroetakoekin hasi ziren, eta antolatzaileek jakitera eman zutenez, 24 argazki jaso dituzte: hemeretzi helduen kategorian, eta bost haurrenean.
Helduen mailan, Ivan Rodriguez izan da garaile, Generaciones argazkiari esker, eta haurren artean, berriz, Xabat Esteibar,Txingak lanarekin. Zumaiar onenaren saria Soraya Lopezentzat izan da, Zumaia argiz lehentzen izeneko irudiagatik. .
Zuri-beltzezko irudien sariketak iaz baino parte hartze handiagoa izan du, eta epaimahaiko kideek ez dute lan erraza izan sariak ebazterakoan. Izan ere, Euskal Herriko zein nazioarteko 145 argazkilariren 566 irudi aurikeztu dira aurten, eta, alde horretatik, oso gustura agertu dira Distirako kideak.
Lehen saria Duong Ky Hung Vietnamgo argazkilariak irabazi du, Shadow runners izeneko lanarekin, baina egilea ez zen sari banaketa ekitaldira bertaratu bistako arrazoiengatik. Javier Alonsok jaso du bigarren saria, En el mar argazkiari esker, eta Jose Miguel Romerorentzat izan da hirugarren saria, A punto irudiagatik; honek ere ezin izan zuen ekitaldian izan beste konpromiso bat zeukalako, eta haren partez Arbil Iciar argazkilari zarauztarrak hartu zuen saria. Zumaiar onenaren aitortza, azkenik, Agustin Azpuruaren Markoaren barruan argazkiak jaso du
Sari banaketarekin batera, Zuri-beltzezko Argazki Lehiaketara aurkeztutako lan hautatuekin osatutako erakusketa zabaldu zuten, Oxforden bertan. Mostra bi astez egongo da ikusgai, hilaren 27ra arte; eta aretoak egunero irekiko ditu ateak, 18:30etik 20:30era.