Sowerby balea bat agertu da Zumaiako errioan

Aritz Mutiozabal eta Onintza Lete Arrieta

Animalia Zumaiako errioan, atzo. (Utzitakoa)

Arranpla parean joan-etorrian ibili zen sowerby zifioa edo balea atzo arratsaldean. Herritar ugari bertaratu zen animalia ikustera. Adituek Gukari azaldu diotenez, "oso arraroa da" halako animalia bat errioan agertu izana. 

Atzo arratsaldean izurde itxurako animalia bat agertu zen errioan, eta ikusmin handia piztu zuen herritarren artean. Adituek Gukari azaldu diotenez, zetazeo arraro bat da arranpla inguruan joan-etorrian ibili zen animalia: sowerby zifioa edo balea. 

Herritarren artean animalia hura izurdea zela zabaldu zen, eta Aitor Leitza Aitor Leitza Zumaiako natur taldeko kideak Gukari azaldu dionez, berak ere hala zela pentsatu zuen hasiera batean. "Dena den, izurdeek bizkarreko aleta handiagoa eta mokotik gertuago izaten dute. Horregatik pentsatu nuen zere txikia izan zitekeela. Gero, bideo batean argi ikusi nuen ezetz, alboko hegaletan ez baitzeukan zere txikiek izaten duten marka zuririk".

Hona hemen herritar hainbatek grabatutako irudiekin osatutako bideoa:

Hark esan duenez, oso arraroa da balea hori Zumaian ikustea, are arraroagoa errioan agertzea. Izan ere, sakonera handietan ibiltzen dira animalia horiek. Bakarrik eta errioan agertu zenek, gaixorik egotea litekeena dela ere jakinarazi du Leitzak. "Oso arraroa da Zumaian agertu izana, baleak ikusteko aukera Bermeon [Bizkaia] izaten delako maiatzetik urrira. Gainera, bi aldiz baino gehiagotan ez dira ikusten", azaldu dute. 

Izendatze sistemak "nahasmena"

Itsas animalien euskarazko izendatze sistemak "nahasmena" sortzen duela uste du Leitzak. Izan ere, hark azaldu duenez, zifioak ez dira baleak izatez: "Baleek bizarrak dituzte, ez hortzak, atzo agertu zen animaliak bezala. Norbaitek zuzendu beharko luke izendegia".

Jende ugari errioan animalia ikusten. (Intza Trula)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide