"Santiagoko landare inbaditzaileak erauzteko proiektua luzera begirakoa da"

Onintza Lete Arrieta

Aranzadi zientzia elkarteko Mari Azpirozek gidatu du gaur goizean Santiagoko duna eta padura inguruan egin duten auzolana landare exotiko inbaditzaileak erauzteko helburuarekin. Duela lau urte abiatu zuten proiektua, eta lehentasunez eta zailtasunez hitz egin dio Gukari.  

Landare exotiko inbaditzaileak erauzteko auzolan saioa egin dute gaur goizean Santiagoko dunetan. Aranzadi zientzia elkarteko Botanika saileko Mari Azpiroz Muruak gidatu du auzolana, eta horrek Gukari hainbat xehetasun eman dizkio duna horietan aurkitzen diren landare inbaditzaileez nahiz udalarekin elkarlanean Aranzadi egiten ari den lanketaz. 

Esaterako, gaurko saioan erauzi duten landarea Oenothera glazioviana dela jakinarazi du, "onagra deitua". Landare exotiko guztiak ez dira kaltegarriak. Aldea da landare exotiko batzuk inbaditzaileak direla, eta bertako habitatetan kalteak sortzen dituztela, "bertako habitata eraldatuz eta bertako espezieak desplazatuz". Landare horiek bertakoen aurrean gailentzeko estrategiak dituztela kontatu du: hazi asko sortzea nahiz lurrean sortzen den hazi banku hori urte askotarako izatea, lurrera substantzia kimikoak botatzea beste landareak ez hazteko, etab. 

Prebentzioa, zaila eta beharrezkoa

Landare inbaditzaileei aurre egiteko aurreneko pausoa prebentzioarena izan beharko litzatekeela onartu du, baina horretarako arazo argia dagoela: habitatak eraldatuta egotea.  "Arazoa da ditugun habitatak gaizki ditugula, eraldatuta, gizakiak gure erabilerarako moldatzen ditugulako askotan. Habitatak ondo kontserbatuta izango bagenitu, bere estruktura guztiekin, landare exotiko inbaditzaileek sartzeko zailtasun gehiago izango lituzkete; baina gaur egun, hutsuneak aurkitzen dituzte, eta sartu egiten dira". 

Aranzadiko kideak prebentzioaren barruan sartzen du herritarrak kontzientziatzea eta informatzea, garai batean landare inbaditzaileak lore dendetan saldu ere egiten zirelako. "Administrazioari ardurak eskatu behar zaizkio, eta herritarrei ere, bere neurrian, bai", iritzi dio. 

Luzera begirako proiektua

Aranzadik eta udalak 20 urte inguru daramatzate hainbat proiektu elkarlanean eginez, udalak finantzatuta, “ingurumena eta habitatak berreskuratzeko", eta duela lau urte hasi zuten Santiagoko duna eta padura inguruetan landare inbaditzaileak kentzeko bidea. Nabarmendu du "luzera begirako proiektua" dela.

Aurreneko pausoa izan da identifikatzea zer landare exotiko inbaditzaile dauden eremu horretan eta lehentasun batzuk finkatzea. Hala, urtez urte landare horiek pixkanaka erradikatzen joan dira. Onagra ez da landare inbaditzaile bakarra: Arundo donax, Buddleja davidii, Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Pinus pinaster, Pyracantha generoa, Cotoneaster generoa, Carpobrotus edulis, Erigeron sumatrensis... zerrendatu ditu Aranzadiko kideak. Baina lehentasuna bada onagra espeziea erradikatzea. 

Gaur kentzen aritu diren espeziea, onagra, Hegoamerikakoa da jatorriz, eta lore hori ikusgarria dauka. "Lore hori handia izatearen arrazoia da polinizatzaileak erakartzea, eta esaten dute gauez ere lurrinaren eta argitasunaren bidez erakartzen dituela polinizatzaile horiek". Azpirozek kalkulatzen du landare horietako bakoitzak 20.000 hazi sortzen dituela, "eta bere estrategia nagusia da hazia lurrera erortzen denean, lurrean sartuta egotea epe luzez; uste da 30 urtez  biziraun dezakeela, hau da, hazteko gaitasunarekin". 

Proiektua abiatu zutenean landareek 1,70 metroko altuera zutela kontatu du, eta aurreneko helburua izan dela horiek kentzea eta ziurtatzea landare bidez ez dela hazi gehiago sortuko. Oraindik landare asko dago, eta hurrengo urteetako helburua izango da horiek kentzen joatea, "baina helburu nagusiena da hazirik ez sortzea eta pixkanaka, hazi banku hori, lurrean dagoena, agortzen joatea". Lau urte hauetan egindako lanari esker, gaur egun dauden landareak txikiak dira, urte horretan jaiotakoak lurrean gelditzen diren hazi horietatik.

(Argazkiak: Gorka Zabaleta eta Aitor Leitza)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide