Udako etenaren ostean, pentsio duinen aldarria kalean da berriro

Ihintza Elustondo

Hainbat herritar elkartu dira Zumaian, pentsio duinak eskatzeko. (Utzitakoa)

Zumaiako Pentsiodunen Mugimenduak astelehenetako elkarretaratzeak berreskuratu ditu gaur. Nabarmendu dutenez, pentsiodunen erosteko ahalmena gero eta txikiagoa da, eta haien aburuz, ezinbestekoa da gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea.

Udako etenaren ostean, Zumaiako Pentsiodunen Mugimenduak astelehenetako elkarretaratzeak berreskuratu ditu gaur. Saregile plazaren aurrealdean elkartu dira 12:00etan, eta aurrerantzean, hala egingo dute astelehenero. Nabarmendu dutenez, pentsiodunen erosteko ahalmena gero eta txikiagoa da, eta haien aburuz, ezinbestekoa da gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea.

Aldarrikapen horri indarra emateko, datozen hilabeteetan bi hitzordu garrantzitsu dituztela jakinarazi dute pentsiodunek. Batetik, urriaren 24an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egingo du Espainiako Estatuko pentsiodunek Madrilen deitu duten manifestazioarekin, eta hara joateko dei egin diete herritar guztiei.

Bestetik, azaroaren 3an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak topaketa egingo du Gasteizen, orain arte egindako borrokaren bidez lortutako helburuak plazaratzeko eta proiektu berriak proposatzeko.

(Utzitakoa)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide