Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariak Europako Geoparkeen batzarrean izango dira

Maddi Txintxurreta

Finlandian egingo dute aurten Europako Geoparkeen 18. Nazioarteko Batzarra, eta han izango dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko zenbait ordezkari.

Aurten, Finlandiako Lappeenranta hirian egingo dute Europako Geoparkeen 18. Nazioarteko Batzarra asteazkenetik ostiralera, eta bertan izango dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariak, batzarrean aktiboki parte hartzen.

Ohi bezala, hiru eguneko batzarra izango da. Aurreneko bietan, hitzaldi magistralak, ahozko aurkezpenak eta tailerrak egingo dituzte. Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkearen buruak urriaren 7an eta 8an egingo dituzten Geoparkeen Sarearen XI. Jardunaldi Irekien inguruko hitzaldia eskainiko du, batzarraren bigarren egunean.

Bestalde, IUGSen Ondare Geologikoaren Lantaldearen Koordinatzaile eta Geoparkeko zuzendari zientifikoa den Asier Hilario Orusek koordinatuko du UNESCO Munduko Geoparkeen Geokontserbazioan izeneko tailerra. Topaketaren hirugarren egunean, berriz, landa-bisitak egingo dituzte UNESCO Saimaaren Munduko Geoparkean barrena.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide