Euskañol

Sara Uribe-Etxeberria

Chill Mafia taldea.

Sara Uribe-Etxeberriak uztaileko Zumaia Guka aldizkarian idatzitako iritzi testua da honakoa.

Euskaltzaindiak euskañol hitza onartu du bere hiztegian, eta baliteke hori Euskoprincess-en kantuagatik egin izana, edo besterik gabe, garaiak hala eskatzen duelako. Igaro zen Korrika Euskal Herrian txokoz txoko, Ipar Euskal Herriko ikasleek Baxoa euskaraz lelopean beren aldarrikapenak berretsi zituzten beste behin desobedientziara joz, eta selektibitateko "hutsek" zeresan handia eman zuten, besteak beste. Jakin badakigu hizkuntza gutxituen aurkako erasoak etengabekoak eta sistematikoak direla, eta gaurkoan, gure herriaren bihotza dugu beste behin hizpide. Hizkuntzaren inguruko aburuak anitzak dira; badira euskararen irakurketa sinplista eta erromantizatua egiten dutenak, milaka urtez bizirautea lortu duen miraria balitz bezala, harrotasunez gorde behar den altxorra dela uste dutenak; badira testuinguruak ulertzen ez dituztenak, baita ergatiboaren poliziak ere; eta nola ez, badaude egunero euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenak, baina baita arnasguneetan euskañolez mintzatzen direnak ere, "porque me mola más" eta kitto.

Inoiz baino produkzio gehiago egiten da euskaraz, baina ia itxi dute haurrek marrazki bizidunak ikusteko sortutako telebista katea. Agerikoa da aurrerapauso arras handiak ari direla ematen, baina itzalak ere sortzen dira argitan. Ez nuke nahi hain handia eta konplexua den gai baten inguruan zerbait orokorra edo jakina esan. Bestalde, ez dago egin daitekeen kritikarik autokritikarik egin gabe, eta norberaren hizkuntzarekiko jarrerak berrikustea giltza da horretan.Oso gai eztabaidatua da euskañolarena, gehienbat hizkuntzaren puristen artean. Badirudi batzuetan "eske" bat esatea terrorismo linguistikoa dela, eta beste batzuetan, guay-a dela. Hala ere, gure egunerokotasunaren errealitatearen isla da, eta existitzen dena ezin da ukatu. Chill Mafia talde iruindarraren boom-a izan zenetik etengabeko eztabaida egon da euskañolaren erabileraren inguruan, eta asko hitz egin den gai bat izanik eta esan beharrekoa esanda dagoela jakinda, uste dut beste behin garrantzitsua dela fokua subjektuetan eta horiek habitatzen dituzten testuinguruetan jarri behar dela gogoraraztea. Are gehiago, euskañola euskalduntze prozesuetarako beharrezko lehen pausoa izan ohi da oso maiz, eta hori kriminalizatzeak euskaratze prozesuak eten ditzake, baita lotsak loratu ere.

Hargatik, ezin uka daiteke kasu askotan euskañolez mintzatzeak ez duela zentzurik eta hizkuntzarentzat kaltegarria dela. Esaterako, testuinguru euskaldunetan bizi den jendeak kantuak euskañolez egitea, gure hizkuntza ezin daitekeela natura eta informala izan sinetsarazi digutelako. Gauza horiek guztiak zapalkuntza baten arrastoak dira, eta klixe horietan ez genuke erori behar. Horregatik, euskañola bai ala ez eztabaidan aritzeak baino, norberak bere lekua identifikatzeak eta bertatik ahal den heinean eragiteak soilik egingo dio bidea euskarari. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide