Kike Manterola: "Eman nezakeen guztia eman dut, lasai nago alde horretatik"

Intza Trula

Kike Manterola saregileen entrenatzaile ohia, Zumaiako arraun elkartearen aurreko arranplan. (Intza Trula)

Denboraldia amaitu bezain laster, saregileen entrenatzaile izateari utziko diola jakinarazi du Kike Manterolak. Hamalau urte eman ditu emakumeen arraun taldea zuzentzen.

Telmo Deun Zumaiako arraun elkartean duen armairutik azken gauzak jasotzen ari da Kike Manterola (Zumaia, 1970). Iragarri du jada datorren denboraldian ez duela emakumeen trainerua entrenatzen jarraituko. Hamalau urteren ostean, erretiroa hartu du, eta bere kirol zorroan gordetzen ari den materialaz gainera, oroitzapen ugari daramatza etxera. Konbentzimendu osoz hartu du erabakia, eta harro dago elkarteari egindako ekarpenagatik, nahiz eta ibilbideak gorabeherak izan dituen.

Hamalau urte eman dituzu emakumeen traineruaren entrenatzaile, eta aurretik arraunlaria eta patroia izan zinen. Denbora asko eskaini diozu Telmo Deun elkarteari. Zerk bultzatu zaitu orain harreman hori haustera?

Urte asko daramatzat jada klub honetan lanean, eta orain zen uzteko une egokia. Joan den denboraldian zalantzak izan nituen erretiratu ala ez, eta azkenean beste urtebete jarraitzea erabaki nuen, baina aurten konbentzituta nengoen azkena izango zela. Gainera, urte oso zaila bizi izan dugu emakumeen traineruarekin.

Zoritxarrez, maila galdu dute aurten saregileek, eta ETE ligan lehiatuko dira datorren denboraldian. Erabakia hartzea zaildu al du horrek?

Erretiroa garratzagoa izan da, inongo zalantzarik gabe, baina, bestalde, argi nuen horrek ezin ninduela beste urtebetez klubera lotu. Beste denboraldi batez traineruaren entrenatzaile izaten jarraituko banu, nire burua behartuta egingo nukeen, eta hori ez da inoiz nire aukeretako bat izan. Ez nintzateke ehuneko ehunean egongo, eta ezingo nieke neskei behar duten guztia eman. Ez litzateke justua izango inorentzat.

Aukeratzea posible izango bazenu, non utzi nahiko zenuke trainerua?

Nire nahia txalupa Euskotren ligan uztea zen, noski, postu eroso batean, aurreko denboraldia amaitu genuen bezala. Txalupa osatzeko arazoak izan genituen denboraldi hasieran, eta hala eta guztiz ere, txukun osatu genituen lehenengo jardunaldiak. Baina, ondoren, beste traineruek indarra hartu zuten, eta gu, aldiz, apurka-apurka ahultzen joan ginen, azken postuetara jaitsiz. Hala eta guztiz ere, pozik nago bai arraunlariek eta bai prestatazaileek egindako lanarekin, borroka egiten dakigula erakutsi baitugu. Jende gaztea du traineruak, jende indartsua, eta ez dut zalantzarik lanean jarraitzen badute berriro ere mailaz igoko direla.

Urte luzez izan zara emakumeen ontziaren burua. Nola eraldatu da trainerua denbora horretan?

Une onak eta txarrak bizi izan ditugula esango nuke: batzuetan, txalupa osatzea kostatu egin zaigu, eta kanpoko arraunlariei deitu behar izan diegu uretan egoteko. Beste batzuetan, aldiz, lasaiago ibili gara arraunlari kopuruari dagokionez, eta beste erronka batzuk izan ditugu. Halere, beti izan ditugu aurrera egiteko gaitasuna eta gogoa.

Garaipen asko lortu dituzu; tartean, 2013ko Kontxako Bandera. Zer gogoratzen duzu denboraldi hartaz?

2013ko Kontxako Bandera izugarria izan zen, urte hartan oso ontzi indartsua genuen. Emaitza aldetik, urte hori izan zen onena. Dena den, 2012. urtea da, niretzat, bizi izan dudan bereziena. Lehen aldiz irabazi genuen Euskotren liga, denboraldi oso polita egin ostean. Getaria eta Tolosa atzean utzi genituen, eta gogoan dut lehia zuzena izan genuela galiziarrekin, ea nork lortu lehen postua.

Ba al duzu barruan geratu zaizun arantzarik?

Urte hauetan ikasi dut talde batek gorabeherak izaten dituela etengabean, baina, zalantzarik gabe, esperientziarik gogorrena ontzia lehorrean utzi behar izatea izan zen. Hainbat arrazoi tarteko, Telmo Deun elkarteak emakumeen trainerurik ez ateratzea erabaki zuen, eta hiru urtez egon ginen geldirik.

Urte luzez uztartu behar izan dituzu bizitza pertsonala eta arrauna. Erraz lortu al duzu bien arteko oreka mantentzea?

Oso gustuko dut arrauna eta hura inguratzen duen guztia, asko disfrutatzen dudan mundu bat da. Esaerak dioen moduan, "gustuko tokian, aldaparik ez". Nik garbi dut, nahi duenak ez dagoen lekutik ere ateratzen duela denbora.

Gauzak ondo atera ez direnean, pisu hori etxera eraman izan al duzu?

Entrenatzaile baten ardura da gaizki egindakoak hobetzeko irtenbideak bilatzea, eta hori da urte hauetan egiten saiatu izan naizena, baina horrek ez du nire bizitza pertsonala baldintzatu. Gainera, emaztea ere arraunlaria izandakoa da, eta asko lagundu izan dit zalantzak argitzen edo erremedioak topatzen.

Asko eman diozu Telmo Deuni. Zer jaso duzu bueltan?

Babes handia sentitu dut, bai klubeko jendearengandik eta bai herriko jendearengandik. Aurten ere ikusi da hori: emaitzak txarrak izan diren arren, herritarrak ondoan izan ditugu. Sekula ez digute bizkarra eman, eta, kontrara, une oro animatu gaituzte. Herrikoa naizen aldetik, une oro izan dut herrikideen babesa.

Aurrera begira, beste zale bat irabazi al du Zumaiako arraun elkarteak?

Dudarik ez egin arraun mundua jarraituko dudala. Beste modu batera egingo dut, baina entrenamenduak zein estropadak ikusten jarraituko dut.

Geratu al zaizu zerbait emateko Telmo Deuni?

Eman nezakeen guztia eman dudala esango nuke, eta alde horretatik, lasai noa. Halere, hemengo lana ez da inoiz amaitzen. Beti dago zer egina, eta orain uztea erabaki badut ere, horrek ez du esan nahi ez naizenik inoiz gehiago laguntzera itzuliko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide