Bina mila euroko isuna ezarri diete Oriori eta Zumaiari Fabrika bandera lehiatzeari uko egiteagatik

Julene Sorarrain

Telmo Deuneko emakumeen trainerua, uretan. (Arnaitz Rubio Aprea)

TKEko epaileak bina mila euroko isuna ezarri die Orio, Zumaia, Astillero, Arraun Lagunak, Hibaika eta Tolosaldea klubei, uztailaren 25ean Donostian lehiatzekoa zen Fabrika bandera jokatzeari uko egiteagatik. Ebazpen horren arrazoia "arau hauste larria" egitea dela azpimarratu du epaileak. Zigortutako klubek helegitea aurkezteko aukera izango dute.

Traineru Kluben Elkarteak (TKE) ohar bidez jakinarazi duenez, Diziplina Epaile Bakarrak gaur bertan eman du jakitera uztailaren 25ean Donostian jokatzekoa zen X. Fabrika banderari dagokion ezohiko espedientearen ebazpena. Hain zuzen ere, epaileak bina mila euroko zigor ekonomikoa ezarri diete Orio, Zumaia, Astillero, Arraun Lagunak, Hibaika eta Tolosaldea klubei.

Ebazpen horren arrazoia "arau hauste larria" egitea dela azpimarratu du epaileak, TKEren Diziplina Arautegiko 14. artikuluko atal batean jasotzen denez. Zehazki, artikulu horrek berariaz zigortzen ditu "elkartearen eta haren zuzendaritza organoen irudiari edo interesei kalte egiten dieten ekintzak zein adierazpen publikoak egitea".

Testuinguru gisa, haize boladengatik eta itsasoaren egoeragatik arraunlarien segurtasuna jokoan zegoela eta, emakumezkoen Fabrika bandera ez jokatzea erabaki zuten Euskotren ligako traineruetako entrenatzaileek. Erabakia ez zen TKEko batzorde teknikoaren gogokoa izan, eta, entrenatzaileen iritziari muzin eginez, estropada jokatzearen alde agertu zen. Ordurako, ordea, Donostiako estropada eremura bertaratutako zortzi klubetatik seik utzita zuten arrapala; San Juan eta Donostiarra izan ziren uretaratzen bakarrak. Egoera horren aurrean, estropada bertan behera uztea erabaki zuen batzorde teknikoak. Hurrengo egunetan, baina, sei klubi zigor espedientea zabaldu zien TKEk.

Hori horrela izanda, gaur kaleratutako ebazpenak amaiera ematen dio ia hilabete eta erdi pasatxoko diziplina bideari; beraz, klubek hiru laneguneko epea izango dute errekurtsoa jarri ahal izateko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide