Tasa turistikoa txertatuko dute 2027ko ordenantza fiskaletan

Aritz Mutiozabal

Iñaki Ostolaza alkatea eta Argi Yeregi alkate ordea, udaletxe aurrean. (Aritz Mutiozabal)

%2,5eko igoera orokorra proposatu du udal gobernuak datorren urterako tasentzat eta zergentzat. Tasa turistikoi dagokienez, gehieneko kopurua aplikatzeko asmoa dute, eta neurri berriak izar bateko eta bi izarretako hotelei, nekazal turismoei, kanpinei, apartamentu turistikoei eta etxebizitza turistikoei eragingo die. Datorren asteko udalbatzarrean landuko dute gaia

2027ko ordenantza fiskalak landuko dituzte datorren asteko udalbatzarrean, eta udal gobernuak %2,5eko igoera orokorra proposatuko du ohiko osoko bilkuran. KPIa %4 pasatxo igo den arren, datorren urteari begira zehaztutako tasen eta zergen igoera "nahikoa" dela nabarmendu du Iñaki Ostolaza alkateak, "herritarren poltsikoak dagoeneko nahikoa kaltetuta" daudelako. 

Ordenantza fiskalek, gainera, berritasun nabarmen bat izango dute aurten: izan ere, tasa turistikoa txertatuko dute. Tasa berri denez, eta helegiteak jasotzeko aukerak egon daitezkenez, aparte aurkeztuko dute udalbatzara. "Hartara, ez luke bloketuko ordenatza fiskal osoa", argitu du alkateak. Alegaziorik izan ezean, tasa turistikoak ordenantzaren barruan txertatuta aplikatuko litzateke urtarrilaren 1etik aurrera.

Tasa turistikoei dagokienez, Ogasunak gutxieneko eta gehieneko kopuruen lerro bat zehaztu du, eta udalerri bakoitzaren esku utzi du zenbateko hori zehaztea. Udal gobernuak gehieneko kopurua aplikatzeko proposamena egingo du, eta Zumaian, horrek eragingo lioke izar bateko eta bi izarretako hotelei, nekazal turismoei, kanpinei, apartamentu turistikoie eta etxebizitza turistikoei.

Kostu handiena etxebizitza turistikoetara joaten direnek ordaindu beharko lukete: 6,5 euro pertsonako eta eguneko, alegia. Tarifa hori helduentzat izango litzateke; adin gabekoek ez lukete ezer ordainduko. Gainerako ostatuetan, berriz, zenbateko hori txikiagoa da: negozio bakoitzaren araberako zenbatekoa finkatu dute. Gehienez ere sei egunez kobratu ahal izango zaie tasa bisitariei, baina argi utzi dute hortik aurrerako egonaldiek ez dutela kosturik izango.

Tasa turistikoa udalak kobratu arren, establezimenduek zuzenean egingo lukete gestio lanak, eta hiruhilean behin likidazio egingo lukete udalarekin. Alkateak jakitera eman duenez, tasa turistikoari esker 180.000 euro inguruko diru sarrerak espero ditu udalak. Kopuru hori bideratuko lukete turismo aldetik herriari zerbitzu egokiak emateratera, hala nola aparkalekuen sistemak finantziatzeko.

Udan, herriko eragileekin bildu zirela kontatu du Ostolazak, tasa turistikoen nondik norakoen berri azaltzeko: "Haien kezka nagusia, tasa udan kobratzea baino gehiago, neguko hilabeteetan zer-nolako eragina izan dezaken izan zen. Tasen kopurua ez handia, beraz, uste dugu ez lukeela eragin handirik izango". Bilera haietan galdegin zieten ostatuetako jabeek ea likidazioa bi txandetan ordaindu zezaketen edo negurako beste tarfia bat jar zezaketen. Alkateak esan du eragileen eskaerak kontsultatu dituztela, baina eskatutakoa ezinezkoa dela. "Hori horrela,  gehineko tasa jartzea erabaki dugu. Izan ere, ez dugu uste hori oztopo denik jendea Zumaiara etortzeko".

Udalbatzarrean, bestalde, auto elektrikoen karga puntuen prezio publikoak onartuko dituzte. Udal gobernuak mahai gainean jarriko duen proposamena izango da 0,5 euro kWatt bakoitzeko. Une honetan ez dago karga puntu publikorik herrian, baina epe laburrean hiru izatea aurreikusten dute: bat Mollaberri atzealdean eta bi Torreagako aparkalekuetan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide