Olagarroaren garroek festa zabalduko dute bihar Zumaian

Maddi Txintxurreta

Bi lagun brotxetak prestatzen, iazko Olagarro Egunean. Juan Luis Romatet

Olagarro Eguna ospatuko dute bihar Zumaian, egun osoko egitarauarekin. Ohi bezala, kuadrillen arteko batel estropadak egingo dituzte 11:00etan

Olagarroaren garroek Zumaiako bazter guztiak hartuko dituzte bihar, Olagarro Egunez, eta festa zabalduko dute horietan guztietan. Ohi bezala, egun osoko egitaraua prestatu du udalak, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean. 

Hala, aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere jarduera mordo bat izango da gastronomia eta itsas kultura ardatz dituen egunean. Kuadrillen arteko batel estropada izango da goizeko ekitaldi nagusia: aurten ere dozenaka taldek parte hartuko dute Telmo Deun arraun elkarteak antolatzen duen Olagarro Eguneko XVIII. Banderaren lehian. 

Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute biharko prestatutako eskaintzan haurrentzako jarduerei lekua egiteko, eta horrela, 10:30ean hasita, Itxas Gain elkarteak antolatutako jolasak izango dituzte Gernika parkean nahiz Arbustaingo arranplan. Azken horretan ur jolasez gozatzeko aukera izango dute haurrek eta gaztetxoek.

Olagarroa jan zaleek, halaber, goizez nahiz arratsaldez izango dute mokadu bat hartzeko aukera, olagarro brotxetak nahiz olagarroa patatekin salduko baitituzte herriko hainbat gunetan jarriko dituzten txosnetan. Zehazki, postu bana izango da Amaia plazan, Saregile plazan eta Eusebio Gurrutxaga plazan, bi izango dira Erribera kalean, eta beste bat Gernika parkean; goizez bakarrik azken hori. Ohi bezala, herriko elkarteak arduratuko dira olagarroa prestatzeaz eta banatzeaz. 

XX. argazki rallya

Olagarro Eguneko programaren barruan ez du hutsik egingo udalak eta Distira argazki elkarteak antolatzen duten argazki rallyak. Aurtengoa, gainera, lehiaketaren 20. aldia izango da.

Rallya doakoa izango da eta argazkizale orok parte hartu ahal izango du lehiaketan, beti ere, kamera digitalarekin. Goizetik eguerdira bitartean egingo dituzte argazkiak parte hartzaileek, eta epea amaitu ostean aurkeztu beharko dituzte Alondegiko Oxford aretoan, ondoren epaimahaikideek azter ditzaten.

Izen ematea bihar bertan izango da, 09:00etatik 10:00etara, Oxforden, eta momentu horretan emango diete aurtengo rallyaren gaiaren berri argazkilariei. Parte hartzaileek egiaztatu beharko dute beren kameren memomia txartelak hutsik daudela argazkiak egitera atera aurretik. Txartelak 13:00etatik 14:00etara deskargatuko dituzte Oxforden, eta argazkilari bakoitzak bost argazki aurkeztuko ditu lehiaketara. 

Egitaraua

  • 09:00-10:00. XX. Argazki rallya. Izen-ematea Alondegiko Oxford aretoan.
  • 10:30-14:30. Eusebio Gurrutxaga plazan azoka.
  • 10:30. Haur eta gaztetxoentzako jolasak, Itxas-Gain elkarteak antolatuta. Arbustiano arraunlaren parean, piraguak eta uretako jolasak; eta Gernika parkean, zinta harrapatzea bizikletan, eltzetoak puskatzea eta abar.
  • 11:00-13:00. Gernikako parkean 6-10 urte bitarteko haurretzat Algorri Interpretazio Zentroko olagarro panpinen tailerrak. Aurrez izena eman behar da: info@algorri.eus edo 943-14 31 00 telefonoan.
  • 11:00. Kuadrillen arteko batel estropada, Olagarro Eguneko XVIII. BANDERA, Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta.
  • Goiz partean, olagarroa patatekin eta brotxetak txosnetan.
  • 11:00. Flyscheko olagarroa bisita gidatua euskaraz (gaztelaniaz 12:30ean).
  • 11:00-14:00. Kofradia, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
  • 11:15. Hamaiketakoa, olagarro harrapatzaile izandakoentzat.
  • 11:30. Herriko txistularien kalejira Astindu taldearekin.
  • 12:30. Kalejira Zutrik trikitilarien eskutik.
  • 17:00-19:00. Kofradia, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
  • Arratsaldez, olagarro brotxetak txosnetan.
  • 18:30. Hamarru elektrotxaranga herriko kaleetan.
  • 19:30. Kofradian, Olarro Eguneko XVIII. bandera emango zaie batel estropadako irabazleei.
  • 22:30. Kofradian, erromeria Sutargi taldearekin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide