Kauldi Odriozolak ezker belauneko lotailu gurutzatua eta meniskoa hautsi ditu

Gorka Zabaleta

Asteazkenean egin zuen lesioa Vardarren eta HBC Nantesen arteko Txapeldunen Ligako partidan, erasoaldi batean. Denboraldiari agur esan dio eta ondo osatzea izango du orain helburu. 

Eskubaloiko Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldiko partida ez du berehala ahaztuko Kauldi Odriozolak. Lehen zatiko 17. minutuan, Nantes 9-12 aurretik zen markagailuan, Skopjen (Mazedonia) jokatzen ari ziren partidan. Vardarren golari kontraerasoarekin erantzun nahi eta han joan zen ziztu bizian zumaiarra baloia eskutan, ohi duen bezala. Baina, zorigaitza edozein unetan ager daiteke eta, ezker hanka lurrean ongi bermatu ez eta belauneko lesioa egin zuen. Segituan ohartu ziren kideak ere lesio larria zela, Odriozolaren min keinuak ikusita. Hiru taldekideren laguntzarekin atera zen kantxatik.

Zoritxarrez, albiste txarrak baieztatu dira, eta gaur goizean egin dioten erresonantzian ikusi da ezker belauneko lotailu gurutzatua eta meniskoa hautsita dituela. Ondorioz, agur esan dio denboraldiari eta orain, ebakuntza egin eta errekuperazio bide luzea izango du zumaiarrak.

Bere kirol ibilbidean izan duen lesio larriena da, ezbairik gabe. Aurrez, 2021ean orkatilean izan zuen lesioa, artean Bidasoan zela; eta 2024an ezker oineko bosgarren metatartsianoa hautsi zuen, Espainiako selekzioarekin, Munduko Txapelketan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide