Astelehenean zabalduko dute merkataritza lokalak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko diru laguntza eskatzeko epea. Horien helbutua da, Zumaiako Udalak azaldu duenez, herriko hiri-lurreko merkataritza lokalak betetzea edota jardueretan belaunaldi aldaketa sustatzea, ekintzaile berrien bitartez, merkataritza biziberritzeko.
Dirulaguntzaren iraupena urtebetekoa izango da, eta, gehienez ere 500 euro jasoko dituzte onuradunek hilabetean; betiere, alokairuaren prezioaren %100eko kopurua gainditu gabe. Halaber, BEZa ez da diruz ordainduko. Erakundeak azaldu du laguntza eskatzeko azken eguna urriaren 5a izango dela, egun hori barne, eta eskaera udaletxean aurkeztuta edo modu telematikoan egin beharko dute interesa dutenek.
Dirulaguntza lortzeko oinarrietan zehaztutako baldintza guztiak bete beharko dira, hala nola onuradun eta errentatzailearen artean familia loturarik ez egotea; Zumaiako zerga, tasa eta bestelakoen ordainketak eguneratuta izatea; Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta edukitzea; edota, negozioan euskararen presentzia bermatuta egotea. Baldintza guztiak oinarrietan zehaztu dituzte, eta horiek betetzen dituela ziurtatu beharko du eskatzaileak.
Azken urteotan Merkataritzako Plan Estrategikoa osatzen aritu da Zumaiako Udala, eta dirulaguntza hauek banatuko dituen hirugarren aldia izango da aurtengoa. Gainera, merkatariei zuzendutako dirulaguntza kopurua bikoiztu du aurreko urtean eskaini zuenaren aldean.