Bihar hasiko dituzte Alai auzategiko asfaltatze lanak

Maddi Txintxurreta

Alai auzategia. (Zumaiako Udala)

Udalak aste honetan hasi duen asfaltatze kanpainaren barruko lanak dira Alaikoak. Batik bat, inguru horretan hondoratuta dauden eremuak konponduko dituzte. 

Alai kaleko 12-14 zenbakien inguruan hondoratuta dauden lur eremuak konpontzeko obrak hasiko dituzte bihar. Lanek hiru aste inguruko iraupena izango dutela argitu du udalak, eta 08:00etatik 18:00etara egingo dituzte, espaloian zein errepidean.

Obraren eraginez, Alai kaleko 12-14 zenbakien pareko errepidea erabat itxita egongo da, baita Aitzuri kalekoa ere, baina udalak esan du ez dela eragozpenik izango garajeetara sartzeko edo irteteko. Obren eraginpeko atarietara, hotelera eta establezimenduetara sartzeko ere pasabideak egokituko dituzte, sarbideak bermatzeko.

Bestalde, udalak ohartarazi duenez, inguru horretako zenbait aparkaleku libre utzi beharko dira lanak hasterako.

Udalak astelehenean hasi zuen asfaltatze kanpaina, eta herriko hainbat puntutan egingo ditu lanak datozen asteetan. Erakunde horrek herritarren lankidetza eta pazientzia eskatu du lanek iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenen aurrean, eta aldez aurretik eskerrak eman dizkie.

Asfaltatze lanez gain, zebrabideak irisgarritasun araudira egokitzeko lanak ere egingo dituzte Alai kalean. Obratan den Marianton parkera sarbidea emango dute bi zebrabide horiek, beraz, haurren segurtasuna bermatzeko zenbait lan egingo dira.

Zebrabide batean, espaloia luzatuko dute oinezkoak segurtasunez errepidera iristeko; bestean, zebrabide altua jarriko dute, ibilgailuek abiadura murriztu dezaten.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide