Fresko baina eder esnatu da eguna Zumaian, bikain festa beteko Olagarro Egunerako. Goizean goiz atera dira argazki rallyko parte hartzaileak eguneko irudi ederrenak klik batekin ehizatzera, eta poltsak beteta itzuli da jendea Eusebio Gurrutxagan jarritako azokatik.
Herriko puntu desberdinetan jarritako zortzi txosnek zabaldutako usainak erakarri ditu herritarrak, eta arrapaladan joan dira Zumaiako eragile desberdinetako kideek borondatez prestatutako olagarro brotxetak eta olagarroa patatekin jatera.
Goiz partean, Gernika Parkean bildu da jende gehien. Itxas Gain elkartekoek antolatutako jolasekin dibertitu dira haurrak eta gaztetxoak, eta 11:00ak iristerako, errioaren ertzera hurbildu da jendetza, Olagarro Egunez kasik derrigor ikusi beharreko kuadrillen arteko batel estropadaz gozatzeko.
Estropadan parte hartu duten 40 taldeek Olagarro Eguneko XVIII. Bandera zuten jokoan. Batzuk serio uretaratu dira, beste batzuk ez horrebeste, baina giro herrikoia sortu dute guztien artean.
Olagarroaren bueltako festak gastronomia eta itsas kultura ardatz dituen arren, musikak ere izan du lekurik Zumaian. Jendeak hamaiketakoaz gozatu duen bitartean, txistulariak eta trikitilariak arduratu dira herriko kaleak girotzeaz.
Festak arratsaldean jarraituko du; honakoa da datozen orduetarako egitarua:
- 17:00-19:00. Kofradia, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
- Arratsaldez, olagarro brotxetak txosnetan.
- 18:30. Hamarru elektrotxaranga herriko kaleetan.
- 19:30. Kofradian, Olarro Eguneko XVIII. bandera emango zaie batel estropadako irabazleei.
- 22:30. Kofradian, erromeria Sutargi taldearekin.