Udako geldialdiaren ostean, Korokoiak Zumaiako abesbatzak entsegu irekiak antolatzeari ekingo dio berriz ere. Urriaren 2koa izango da ikasturte berriko lehenengo saioa, eta taldean kantu bat ikasteaz gain, bilera bat egingo dute parte hartzaileekin, ikasturteko egutegia adosteko nahiz proposamenak jasotzeko.
18:30ean hasiko dute entsegu irekia, Torreberri gaztetxeko bigarren pisuan. Saioetan parte hartzeko, ez da esperientziarik nahiz aurrez ezer prestatzeko beharrik izaten, beraz, antolatzaileek nabarmendu dute kantatzeko gogoz dagoen herritar oro joan daitekeela entsegura.
Entseguetako deialdien berri jasotzeko interesa dutenek Korokoiak taldearen WhatsAppeko komunitatera batu daitezke. Bestalde, taldearekin harremanetan jarri nahi dutenek korokoiak@gmail.com helbidera idatz dezakete.