Emakumeen parte hartzea inoiz baino handiagoa izango da 17. Zumaia Flysh Trail lasterketan

Eneko Eizagirre Perez

Zumaia Flysh Trail lasterketako antolatzaileak, Santa Klara nekazal etxean egin duten aurkezpenean. (Eneko Eizagirre)

650 korrikalarik baino gehiagok parte hartuko dute urriaren 3a, larunbatez, Zumaian izango den proban. Partaideen ia erdia izango dira emakumeak; beraz, mendi lasterketaren aurtengo edizioa inoizko parekideena izango da. Aurten, lehen aldiz egingo dute proba larunbatez, lasterketaren osteko giroa sustatze aldera.

Urriaren 3an izango da Zumaia Flysh Trail mendi lasterketaren 17. edizioa, laugarrena Zumaiako Udala antolakuntzan sartu zenetik. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo hitzordurako dortsal guztiak agortu dira, eta 650 lagun izango dira lasterketa egingo dutenak.

Ekitaldiaren berri emateko, aurkezpen agerraldia egin dute gaur eguerdian Santa Klara nekazal turismoan. Han izan dira Aitor Manterola Zumaiako Udaleko Kirol zinegotzia, Maite Egaña Berdintasun zinegotzia, Joxemi Antia zinegotzia eta lasterketaren antolatzailea eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zinegotzia. Rural Kutxako Mikel Aranbarrik eta Maite Manzisidor Santa Klara nekazalturismoko kideak ere parte hartu dute aurkezpenean, eta agerraldian izan da, halaber, Karlos Del Pilar antolakuntzako kidea eta korrikalaria.

Lasterketari dagokionez, bi proba egingo dituzte aurten ere. Alde batetik, proba laburra, hamalau kilometroko eta 487 metroko desnibel positiboa izango duena; proba hori 10:00etan hasiko da. Bestetik, ordu erdi lehenago hasiko den Zumaia Flysh Trail-eko lasterketa nagusian 24 kilometroko eta 1.008 metroko desnibela dituen zirkuitua egin beharko dute korrikalariek.

Aurten lehen aldiz, larunbatez egingo dute Zumaia Flysh Trail proba, lasterketa osteko giro herrikoia sustatzeko helburuz. Beste edizio batez, Santa Klarako lurretatik pasatuko den bidea prest dago korrikalariek lasterketa gauza dezaten.

Ia erdiak zumaiarrak

Agerraldian nabarmendu dutenez, lasterketaren helburu nagusia kirola sustatzea den arren, beste hainbat helburu ere betetzen ari dira urtetik urtera. 2025eko edizioarekin alderatuta, aurten proban parte hartuko duten emakumeen kopurua bikoiztu egin da: parte hartzaileen %45a izango dira emakumeak.

Urriaren 3an Zumaian mundu guztiko korrikalariak izango diren arren, korrikalari zumaiarren parte hartzea ere sustatu nahi du antolakuntzak. Zentzu horretan, aurtengoak inoizko daturik onenak izan direla nabarmendu dute; izan ere, parte hartzaileen %43a izango dira zumaiarrak.

Zumaiako Udala lasterketako antolakuntzan sartu bada ere, koordinatzailerik eta boluntario talderik gabe lasterketarik ez litzatekeela egongo azpimarratu dute aurkezpenean behin eta berriz. Eta korrikalariei eskerrak emateko tartea ere baliatu dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide