Etxapeko kideek manifestazioa deitu dute urriaren 2rako, espazioa uzteko bi asteko epea eman dietela eta

Maddi Txintxurreta

MSko kideak, desalojo arriskuaren berri emateko Etxaperen aurrean egin zuten agerraldian. (MS)

Etxape Zentro Sozialistako kideek jakinarazi dute Aita Mari auzuneko espazioa husteko bi asteko epea eman dietela duela hilabete gutxi lokala erosi zuten promotoreek. Hori egin ezean, urtean 110.000 euroko multekin mehatxu egin diete.

Mugimendu Sozialistak (MS) maiatzean jakinarazi zuen Etxape Zentro Sozialista "arriskuan" dagoela. Bada, Aita Mari auzunean duten espazioaren desalojoa uste baino gertuago dagoela ohartarazi zuten atzo MSko kideak Etxaperen aurrean egindako agerraldian: duela hilabete batzuk lokala erosi zuten promotoreek bi asteko epea eman diete espazioa husteko. Hori egin ezean, egunean 300, hilabetean 9.000 eta urtean 110.000 euroko isunak ordaindu behar izatearekin mehatxu egin dituzte. Egoera salatzeko asmoz, Etxapeko kideek manifestazioa deitu dute urriaren 2rako. 

Aita Mari auzuneko lokalaren jabe berriek etxebizitza tasatuak egiteko asmoa dute egun Etxape dagoen eraikinean, eta horretarako, duela lau urte MSak okupatu zuen espazioa hustu eta bertan egiten duen jarduera geldiarazi nahi dute. Promotoreen asmoen berri izan zutenean, espazioa defendatzeko lanetan hasi ziren MSko kideak, eta Etxape Zentro Sozialistan egiten duten aktibitatea erregistratzea lortu zuten, hau da, administrazioak onartu zuen espazioa "ez dagoela hutsa, jarduerarik gabe eta hiriko paisaia degradatzen, kontrakoa baizik". Atzoko agerraldian azaldu zutenez, aitortza horrek eraikina babestu beharko luke, eta bost urteko epean bertan etxebizitzak eraikitzea debekatu; hala ere, promotoreek ez dute atzera egin. "Etxape desalojatzeko intentzioarekin jarraitzen dute", ohartarazi zuten.

"Isun itogarrien eta mehatxuen bitartez, beste behin agerian utzi dute beraien benetako aurpegia, eraiki nahi dituzten etxebizitzen ustezko izaera sozialaren atzean dagoen bakarra diru gosea dela erakutsita, eta irabaziak edozein preziotara bermatu nahi dituztela argi utzita", salatu zuten Etxapeko kideek.

Gaitzetsi zutenez, lokalaren jabeei ez zaie inporta auzoan jardun sozial eta politiko aktiboa duen espazio bat desalojatu behar izatea, ezta datozen bost urteetan lokala hutsik eduki behar izatea ere, gerora aberastuko dituen proiektua egin ahal izateko.

Jabe berriak birritan saiatu dira MSko kideak Etxapetik kanporatzen, lehenengo abenduan eta gero ekainean, baina gaur-gaurkoz ez dute espazioa hustea lortu. "Baina, orain, Etxapeko lau urte betetzear denean, arriskuan dago berriz", esan zuten agerraldian.

MSk Etxape Zentro Sozialista defendatzeko hautua egin du, hori dela eta, manifestazioa antolatu du urriaren 2rako. 19:00etan abiatuko da protesta Beheko Plazatik, eta herritar guztiei galdegin diete promotoreen desalojo mehatxuaren eta espekulazioaren kontra nahiz Etxaperen alde mobilizatu daitezen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide