Ekain Albite zuzendari zumaiarraren Akira luzemetraiak bi sari eskuratu ditu pelikulak garatzeko Ikusmira Berriak programan.
Maluta Filmsek eta Nushi Filmek ekoitzitako proiektuak Vakhtangen, euskal kostaldean abandonatutako ontzien artean bizi den txatarrero georgiar baten, istorioa kontatzen du. Bere lehengusu Giorgiren ustekabeko bisita jasoko du, eta Lemoizko zentral nuklear itxian elkarrekin sartu ondoren, indar arraro batek dena utzi eta gau amaigabe batean aurrera egitera bultzatuko ditu. Furgoneta batean, neguko paisaiak eta zalantzazko mugak gurutzatuko dituzte.
Zuzendariaren hitzetan, erbesteratze liminala filmatu beharretik sortu da Akira. Neketik, noraezetik eta helmuga argirik gabe aurrera doazen gorputzen arteko loturatik egin da filma. Bidaia, gaua eta industria osteko paisaiak indar aktiboak dira, pertsonaiak eta filmaren forma bera eraldatzen dituztenak. "Akira filmatzeak esan nahi du ziurgabetasuna onartzea, errealak fikzioa zeharkatzen uztea eta filma erdibideko espazio horretan bakarrik existitu daitekeela onartzea, non begiratzea, bizitzeko modu bat ere baden", adierazi du.