Fanta Diaby: "Lan munduan jasotako ezezkoa borrokan segitzeko motibazioa izan zen"

Maddi Txintxurreta

Fanta Diaby zumaiarra, Parisen. (Utzitakoa)

Oikia utzi eta Parisera joan zen Fanta Diaby (Tambacounda, Senegal, 1996) 2018an. Han, ametsak betetzea lortu zuen. Urriko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Zer dela eta joan zinen Parisera?

Esango nuke bide ez tradizionala aukeratu dudala, zeren, gure kulturan, neska gehienak ezkondu eta gero ateratzen dira etxetik. Nik banekien ezkondu aurretik bizipen batzuk izan nahi nituela; independentzia hori dastatu nahi nuen. Batxilergoa bukatu eta gero turismo ikasketak egin nituen, eta sektore horretan Parisen lan egiteko eskaintza bat jaso nuen. Zoritxarrez, aukera hori galdu egin nuen, eta zer egin ez nekiela gelditu nintzen; Euskal Herrian gelditu, edo Frantziara joan, nire ametsak borrokatzera. Azkenean, lan munduan jasotako ezezko hori motibazioa izan zen borrokan segitu ahal izateko.

Nolatan hasi zinen Charles de Gaulle aireportuan lanean?

Beti izan dut hegazkineko edo lurreko azafata izatea amets. Hasieran, joan-etorri asko egiten nituen aireportura, curriculuma ematera. Behin, konpainia bateko bulegoetara joan nintzen zuzenean, zer gertatuko zen jakin gabe. Han lan egiteko zer dokumentu behar nituen azaldu zidaten, eta horien artean, lan kontratu bat eskatzen zidaten. Nik, baina, ez nuen inoiz Frantzian lan egin. Beraz, haurrei ingelesa irakasten hasi nintzen, eta horri esker lortu nuen aireportuan lan egiteko behar nuen kontratua. Lanerako hartu nindutenean ezin nuen sinetsi; izan ere, dena zerotik hasita egin behar izan nuen, bakar-bakarrik eta beste herrialde batean. 

Nolakoa zen zure egunerokotasuna lanean?

Aireportuko eta trenbideko zatietan egiten nuen lan, zeren, Charles de Gaulle Parisko kanpoaldean dago, eta tren batek lotzen ditu aireportua eta hiria. Bidaiariek, hegazkinetik jaitsi eta aireportura iristen direnean, normalean Parisera joan nahi izaten dute, eta treneko txartelak erosten laguntzen genien. Parisen egingo zuten denboraren eta egingo zituzten jardueren arabera, txartel mota bat edo beste erostea aholkatzen genien. Terminal batetik bestera joateko laguntza ere ematen genien. Funtsean behar zutenei laguntzea zen nire lana.

Aireportuetan ohikoa da bidaiariak presaka ikustea. Presiopean lan egin behar izaten al zenuen?

Gure egunerokotasunaren barruan zegoen estresa, eta hori kudeatzen jakitea beharrezkoa zen. Turistak lagundu nahi baldin badituzu, ahal bezain lasai egon behar duzu.

Ziur egoera xelebreak bizi izango zenituela aireportuan. Kontatzeko modukorik bai?

Pasadizo bat baino gehiago ditut, baina bat daukat bereziki gogoan. Turista gehienek, nigana jotzen zutenean, frantsesez edo ingelesez hitz egiten zidaten, baina nik ohitura nuen beraien artean erabiltzen zuten hizkuntzari erreparatzeko. Behin, familia bat ingelesez zuzendu zitzaidan, baina haien artean euskaraz ari zirela ohartu nintzen. Euskaraz egin nien nik ere, eta sekulako sorpresa hartu zuten! Ez zuten imajinatzen Charles de Gaulle aireportuan euskaraz hitz egiten zuen langile beltz bat aurkituko zutenik. Poza hartu zuten, eta nik ere bai. Egiten nuen lanaren helburua zen pertsonak ondo sentiaraztea, eta beren ama hizkuntzan hitz egin baldin badezakezu, askoz hobe.

Ba al da Zumaiatik faltan sumatzen duzun zerbait?

Batez ere, familia sentiten dut faltan. Hemen egongo balira, dena errezagoa izango litzateke niretzat. Gauzak bakarrik egitea oso zaila da, baina egia da gogobetetzea ere handia dela. 

Eta zerk harrapatu zaitu Paristik?

Hiriko kultura aniztasuna da gehien gustatzen zaidana. Aireportuan lanean hasi nintzenean, nagusietako batzuk beltzak edo arabiarrak ziren, eta horrelakorik ez dut apenas ikusi Euskal Herrian. Hasieran, zera pentsatu nuen: "Nire antza daukaten pertsona horiek egin ahal izan badute, nik ere bai!". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide