Kirol hutsaz harago, eskalada bizimodu bilakatu zaio Abel Armendarizi (Zumaia, 1995). 19 urterekin jantzi zituen lehen aldiz katu oinak, herriko rokodromoan, eta urtebeteren buruan eman zuen mendiko eskaladarako saltoa. Gaur egun, modalitate hori da gehien disfrutatzen duena. Urte luzeetako esperientziari eta etengabeko entrenamenduei esker, sekula imajinatuko ez lituzkeen hormak igotzera heldu da: Madagaskarren dagoen Mora Mora izeneko bidea era askean igotzea izan da eskalatzailearen azken erronka.
Madagaskarreraino joan behar al da horma on bat eskalatzera?
Ez, noski. Etxetik gertuago ere badaude leku oso ederrak. Hala eta guztiz ere, uda garaian eguraldi eta tenperatura onak topatzea ez da lan erraza, sasoi horretan ez baitaude egoki eskalatzeko beharrezko baldintzak betetzen dituzten leku asko. Hainbat arrazoik eraman gintuzten Madagaskarrera: alde batetik, igo nahi genuen horma izugarria dela, eta, bestetik, herrialde ikusgarri bat ezagutzeko aukera ematen zigula.
700 metroko horma bertikalean gora, era askean. Zoratuta zaudela pentsatuko dute askok.
Kirol honetan gehiago murgildu nintzen unetik hasi nintzen eskalada modu askean praktikatzen; hau da, soka segurtasunerako soilik erabiltzen den eskalada. Kasu honetan, ez zen 700 metroko horma bat igotzea soilik izan, horma horretan zeuden hainbat luze genituen begiz jota, eta horiek egitea zen gure nahia. Zailtasun zehatz bat zuten hainbat luze egin nahi genituen, estetika zehatz batekoak. Estiloari garrantzia handia eman nahi izan genion, alegia. Ez da soilik goraino igotzea, baizik eta nondik eta nola.
Nola hautatu zenituzten egin nahi zenituzten luzeak?
Gaur egun horma ezagunen eta ez hain ezagunen informazio ugari dago sarean, eta oso lagungarria da hori bide bat ala bestea hautatzerako orduan. Luze bat lehen aldiz irekitzen duenak horren berri sare sozialetan ematea da ohikoena, bidearen gaineko xehetasunekin eta igotzeko informazioarekin batera. Horietatik estetikoki oso politak edota oso gogorrak direnak izaten dute normalean oihartzuna, eta gustuko ditugunak hautatzen joaten gara. Hiru bide egin genituen Madagaskarren, eta horietatik Mora Mora izenekoak izan du entzute gehiena. Bide hori ezaguna zen jada, gogor fama duelako, batetik, eta jende gutxik egin duelako, bestetik.
Zuen aurretik beste bost pertsonak soilik igo dute Mora Mora. Haien esperientzien inguruan informatu al zineten joan aurretik?
Bai, jarraitu genuen haiek egindakoa. Horma gainditzea lortu zutenean, haien esperientzia kontatu zuten hainbat aldizkaritan, eta artikulu horiek pista asko eman dizkigute. Gainera, Edu Marin eta Di Giulian eskalatzaileen igoeraren bideoa badago sarean, eta hori ere ikusi genuen joan aurretik. Dena den, behin han zaudenean, ohartzen zara buruz ikasitakoak ez duela ezertarako balio eta zure planak aldarazi ditzakeen edozer gauza pasatu daitekeela.
Jendeak emaitzari soilik erreparatzen dio; hau da, hormaren goialderaino igotzea lortu duzun ala ez. Baina nolako aurretiazko lana eskatzen du horrelako esperientzia batek?
Gutxi gorabehera, Madagaskarrera joan aurreko sei hilabeteak eman genituen dena prestatzen. Big wall izendapena duen hormarik ez geneukan eginda orain arte, eta ez genituen sekula hainbeste egun horma batean lotan pasatu. Alegia, sokekin egin beharreko korapilo asko zerotik ikasi behar izan genituen, eta lotarako hamaka muntatzen ikasi behar izan genuen. Nahiko konplikatua da azken hori, behin muntatuta oso polita ikusten bada ere. Lurretik metro batera praktikatu genuen, hamaka muntatu eta bertan pare bat egunez lo egiten.
Zer sentitzen du batek esnatu eta altuera horretan dagoela ohartzen denean?
Lotarako ez bada ere, gu oso ohituta gaude altuera horietan alde batera eta bestera ibiltzen. Egia esan, esnatzeak oso ederrak ziren. Eguna neka-neka eginda amaitzen genuen, bai fisikoki eta bai mentalki, eta afaldu bezain pronto hartzen genuen lo. Esnatzean, eskalatzeari ekin aurretik, denbora tarte bat izaten genuen, eta aprobetxatzen genuen egunsentiari erreparatzeko, eguzkiaren berotasun hori jasotzeko... Momentu magikoa izaten zen hori.
Elikadurari dagokionez, nola moldatzen zineten?
Gosaltzeko oloa jaten genuen, jetboil batean prestatuta; ura azkar berotzen duen eta gas gutxi kontsumitzen duen makina da jetboil-a. Horrez gain, esne-hautsari kakaoa edota kafea botatzen genion. Fruitu lehor asko jan ditugu, eta bazkaltzeko zereal barrak jaten genituen. Hamakara itzultzeko unea zen onena: hestebeteak izaten genituen gordeta, eta ardo apur bat ere bai. Afaltzeko, berriz, janari liofilizatua izaten genuen; hau da, poltsetan janari deshidratatua genuen, eta ur beroa botata jaten genuen.
"Zintzilikatutako hamakan esnatu, egunsentia ikusi eta eguzkiaren berotasuna jasotzea eguneko unerik magikoena zen"
Bideojoko bat bezala da eskalada askea; hau da, aukera bakarra duzu igotzeko, eta igoerak perfektua izan behar du. Nola kudeatzen da horrek sor dezakeen urduritasuna?
Horixe izan zen gauzarik okerrena niretzat, eta esango nuke oraindik ez dakidala ehuneko ehunean sentimendu hori kontrolatzen. Hamabi luze zituen bideak, eta denak egin behar nituen. Kirol eskaladan luze bakarra izan ohi da, ni horretara nago ohituta, eta kasu honetan, guztiz ezberdina izan zen. Luze bat amaitzean, beste bati ekin behar nion, indarrak gorde, eskuetako azala ahalik eta ondoen edukitzen saiatu... Fisikoki bezain gogorra da mentalki, presioarekin eskalatzen baituzu, eta presioarekin eskalatzea ikaragarri gogorra da. Nire burua animatzen saiatzen nintzen; azken finean, ez naiz kirol honetatik bizi, eta ez da ezer gertatuko bidea amaitzea lortzen ez badut.
Nola mantentzen zenuten etxekoekin harremana?
Gezurra badirudi ere, estaldura genuen hamakan, eta saiatzen nintzen egunero-egunero gurasoei mezu bat bidaltzen, dena ondo zihoala esateko.
Lau egun horma bat igotzen, eta bidean lo egiten. Zer da burutik pasatu zitzaizun lehen gauza, hormaren goialdera heldu eta paisaiari erreparatu zenionean?
Luzerik gogorrena geratu zitzaidan lortzeko, baina horrez aparte, esperientzia erabat arrakastatsua izan zen. Behin horma igota, irrikaz geunden behera jaitsi eta ospatzeko, eta horrelaxe egin genuen. Sekulako festa muntatu genuen han zeuden beste hiru eskalatzailerekin eta bertako jendearekin. Goizeko laurak arte egon ginen dantzan.
Urko Zabalarekin partekatu duzu esperientzia. Zer-nolako garrantzia du sokalagunak?
Sokalaguna ondo ezagutzea da horrelako esperientzietan garrantzitsuena. Nik ezagutzen nuen Urko, baina ez genuen sekula horrelako jarduerarik egin elkarrekin. Horregatik, joan aurretik bizpahiru aldiz elkartu ginen, espedizioan lagun ziezaguketen jarduerak egiteko.
Madagaskarreraino heldu aurretik, ordea, etxetik gertuago dauden harrietan ibili zara. Zenbat urte daramatzazu eskalatzen?
Hamabi urte daramatzat eskalatzen, 19 urterekin hasi nintzen. Gogoan du Ioritz Ibaieta zumaiarrak herriko rokodromoa ezagutzera eraman ninduela, eta ordutik hona ez naiz geratu. Bigarren astean jada hiruzpalau egun eman nituen rokodromoan sartuta.
"Sekulako parajeak ikusi eta, gainera, eskalatzen ari naizen bitartean? ikaragarria iruditzen zait"
Autodidakta izan zara ala entrenatzaileek lagunduta ikasi duzu?
Zumaiako rokodromoan ibili diren eskalatzaileak izan dira nagusiki nire erreferenteak, eta asko irakatsi didate. Duela bi urte hasi nintzen zertxobait serioago entrenatzen, baina aurretik nire kabuz ikasten joan naiz, albokoen laguntzarekin.
Rokodromoa baino nahiago duzu mendiko eskalada. Zer ematen dizu naturan eskalatzeak?
Beti gustatu izan zait natura, eta tartean, mendia. Rokodromo barruan entrenatzen urtebete neramanean probatu nuen mendian eskalatzea, eta izugarria iruditu zitzaidan. Sekulako parajeak ikusi, eta, gainera, eskalatzen ari naizen bitartean? Ikaragarria da.

Sustorik izan al duzu inoiz?
Neuk susto txikiak izan ditut, baina ezbeharrak ikusi ditut, eta heriotza ere bai. Oso adi egotea eskatzen duen kirola da, akats txiki batek ondorio oso larriak ekar baititzake.
Asko bidaiatu duzu eskaladaren aitzakiarekin. Zer txoko ezagutu dituzu?
Zerrenda oso luzea da, baina, adibidez, etxetik gertu Huescako Rodellar eta Teruelgo Albarracin [Espainia]. Urrutirago joanez gero, Patagonia, Italiako Dolomitak, Peru... Milaka eta milaka leku. Eskaladak herrialde batean turistikoak ez diren txokoak ezagutzera eraman nau, toki izugarriak.
Euskal Herriak ere oso txoko politak ditu. Zein duzu eskaladarako maiteena?
Araotzera [Oñati, Gipuzkoa] joaten naiz gehienbat, aste barruan zein asteburuetan. Familia txiki bat gara jada han sarri elkartzen garenak.
Uste duzu gaur egun nahiko baliabide daudela haurrak edota jende berria kirol honetan trebatzen hasteko?
Gero eta rokodromo gehiago daude, eta esango nuke gazteek eskaladarekin lehen kontaktua edukitzeko pauso hori eman dela. Oso boladan dagoen kirola da. Dena den, nire lagun Eneko Carretero eskalatzaile zumaiarrak behin eta berriz errepikatzen duen moduan, herriko rokodromoak ez daude egokituta maila handiko txapelketetarako prestatu nahi duenarentzat.
Zer behar da eskalatzaile on bat izateko?
Gehien disfrutatzen dakiena da eskalatzaile on bat. Motibatuta egotea oso garrantzitsua da, eta horrek dakar beste guztia.
Zein da Abel Armendarizen datorren erronka?
Helburu batzuk jarri dizkiot nire buruari. Esaterako, orain arte lortu dudan mailarik zailena 8C+ izan da, eta maila hori finkatu nahiko nuke; hau da, estilo ezberdinetan lortu nahiko nuke zailtasun hori. Urrutira begiratuta, gustatuko litzaidake joatea Kaliforniara, Yosemitera, Pakistanera, Himalaiara...