Berotegi efektuko gasen emisioek klima eskala handian aldatu aurretik, 1970eko hamarkada baino lehen, Kantauri itsasoan udako hilabeteetan erregistratutako batez besteko tenperaturak gutxitan gainditzen zuen 20 graduko langa. Aldiz, Donostiako Aquariumaren neurketen arabera, azken 30 urteetan abuzturo gainditu da langa hori. Itsasoaren berotzearen eraginak nabarmenak dira dagoeneko, eta ikusteko dago zer ekarriko duen etorkizunean.
Itsasoko eta elikagaien teknologian espezializatutako Azti ikerketa zentroak denbora darama itsasoko tenperaturaren berotzeak dituen eraginak aztertzen, eta gaur arte egin dituen ikerketen emaitzek ez dute etorkizun onik iragartzen. "Itsasoaren berotzea askotariko aldaketak eragiten ari da dagoeneko euskal kostaldeko ekosisteman. Argiena itsas biodibertsitatearen berrantolaketa da. Tenperaturaren igoeraren ondorioz, espezieak iparraldeko latitudeetara edo ur sakonagoetara lekualdatzen ari dira, eta haien banaketa naturala, ziklo biologikoak eta espezieen arteko elkarreraginak aldatzen ari dira. Espezie batzuen tamaina ere txikitzen ari da, eta bizi ziklo batzuk aurreratzen ari dira, hala nola erruteak edo urtaroko migrazioak. Bestalde, berotzeak uraren estratifikazioa areagotzen du, eta horrek, aldi berean, zaildu egiten du hondoko uretako nutrienteak gainazalerantz igotzea. Horrek etorkizunean fitoplanktonaren ekoizpena murriztu dezake, zeina itsasoko elikadura sare osoaren oinarria baiten, eta zooplanktonaren, arrantza stocken eta goi mailako harraparien ugaritasunean eragin dezake", esplikatu du Guillem Chust Aztiko klima aldaketako eta aldaketa globaleko koordinatzaileak.

Ur hotzetako itsas espezieak eta aldaketetara egokitzeko gaitasun txikia duten espezieak bereziki zaurgarriak dira aldaketon aurrean, eta Chustek ohartarazi duenez, Bizkaiko golkoan dagoeneko aldaketak antzeman dituzte espezie komertzialen banaketan eta ugalketan. "Berdelak iparralderantz mugitzen du errunaldia, txitxarroak ugalketa aurreratzen du eta antxoak ere errunaldia aurreratzen du. Gainera, ur hotzeko makroalgak eta ornogabeak gutxitu dira, eta ur beroagoko espezieak ugaritu", esan du.
Guillem Chust: "Itsasoaren berotzea aldaketak eragiten ari da; argiena itsas biodibertsitatearen berrantolaketa"
Zoom Zumaiara
Klima larrialdian adituek aipatzen dituzten aldaketak gaur eta hemen ikus daitezke, itsasoaren berotzeak Zumaia nahiz inguruko herriak bustitzen baititu. Gonzalo Torre Euskal Kostaldeko Geoparkeko ingurumen koordinatzaileak adi begiratzen dio itsasoari, eta aipatu du zer espezie ari diren uzten flyschak marratutako kostaldea ur hotzagoaren bila, eta kontrara, zeintzuk diren Kantauriko maizter berozale berriak.
Duela 30 bat urte arte, hots, itsasoko uraren berotzea nabarmen egonkortu zen arte, Itzurun aldera etortzen ziren sasoikako itsasoko langileek ugari biltzen zuten Gelidium corneum alga. Baserritarrek ere bazuten oldi gorrixka biltzeko ohitura, sikatu ostean larreak ongarritzeko eta ukuiluetan jartzeko. Sasoiko langileek, aldiz, agar-agar izeneko gelatina egiteko biltzen zuten, zeina kontserbetan, gozogintzan eta kosmetikoetan erabiltzen den, besteak beste. Alabaina, gelidiumak duela hiru hamarkada itsaspean osatzen zuen larredi gorririk ez da jadanik ageri Kantauriko kostan. "Ia-ia desagertu egin da. Bizkaiako kostaldean kasik ez dago, eta hemen apenas azaltzen da. Gainera, azaltzen bada, beste alga batzuekin nahastuta egoten da, beraz, ezin da bereizi", baieztatu du Torrek. Zumaiarrak nabarmendu duenez, arrazoi ugari daude desagertze horren atzean, baina bat eta bakarra da horien guztien sorburua: klima aldaketa. "Euria ez du lehen bezala botatzen, ondorioz, errioak sedimentu gutxiago eramaten du itsasora, eta beraz, itsasoko ura gardenago dago. Polita izan daiteke ikusteko, baina horrek ez du esan nahi ona denik. Algak argitasun maila batera ohituta daude, eta argi gehiegi sartzen bada, ez da ona haientzat. Tenperatura altuegiak ere kalte egiten die", azaldu du.
Bestalde, tximeleta efektuaren apetek garrantzi handia dute naturan, hortaz, espezie baten desagertzeak ingurukoei ere eragiten die. "Alga hori zen itsasoaren azpian zegoen basoa. Sakonera jakin bateko komunitate oso bat egituratzen zuen. Alga hori jaten duten espezieak, edo horietan babesa aurkitzen dutenak, desagertu egin daitezke. Ikusteko dago gelidiumak utzitako hutsunea betetzera zer etorriko den. Momentuz, komunitate pobreak ari dira azaltzen, alga oso txikiak, baina auskalo. Hori guztia ezezaguna da, jarraipena egin beharko zaio", adierazi du Torrek.

Chustek aurreratu bezala, esanguratsuak dira, halaber, berdela eta atuna bezalako espezie komertzialen portaera aldaketak. Ez dira Kantauritik desagertu, baina beren portaerak aldatu dituzte. Klima aldaketak eta ozeanoaren azaleko tenperaturen igoerak hegaluzearen (Thunnus alalunga) eta hegalaburraren (Thunnus thynnus) migrazio ereduak eta fenologia aldatu dituzte, ondorioz, ohi baino lehenago iristen dira Kantauri itsasora, "eta hori desfase bat da bertako ohiturentzako eta arrantzaleentzako", aipatu du Torrek. Berdela (Scomber scombrus), aldiz, kostaldetik urruntzen ari da: ikerketen arabera, uraren tenperatura gradu bat igo ahala, berdela 37 kilometro mugitzen da iparraldera, ur freskoagoetan errutera. "Aspaldi da berdelak hori egiten duela, eta azken urteetan arrantzaleek ez dute ia harrapatu", esan du Geoparkeko ingurumen koordinatzaileak.
Arrantza egokitzeko beharra
Aipatutako espezieen gaineko aldaketek zuzenean eragiten diote gizakiari, espezieok haien jangai edo lehengai ekonomiko direnez gero. Eragin ekonomikoari begira, logikoki, arrantza sektoreak eta hari lotutako kate ekonomikoak (arraina merkaturatzeaz arduratzen diren enpresak eta kontserbagileak, adibidez) sufrituko dute gehien. "Aldaketa horien ondorioz, arrantza eremuak eta arrantza aldiak egokitu beharko dira, bai eta itsas baliabideen kudeaketa ere. Itsasoa berotzeak ez du esan nahi, nahitaez, arrantza espezieak desagertu behar direnik, epe laburrean behintzat; aitzitik, tokiz aldatzea, egutegi biologikoak aldatzea eta ekosistemaren produktibitatea aldatzea eragiten du, eta flotak arrantzako toki tradizionaletako baliabideen banaketa berrietara, ugaritasunera eta eskuragarritasunera egokitzera behartzen ditu", ohartarazi du Guillem Chustek.
Gonzalo Torre: "Ikusteko dago oreka ekarriko duten espezieak guretzako onak izango diren"
Arrantza sektorearen ajeak, azken buruan, herritar guztiek pairatuko dituzte: berdela harrapatzeko arrantzaleak gero eta gehiago urrundu behar badira, erregai gehiago gastatuko dute, eta horrek arrainaren garestitzea ekar dezake. Halaber, Asiako ur epeletatik etorri den eta aurten Mutrikun (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) masiboki eta klonazio bidez ugaldu den Rugulopteryx okamurae algak nahiz karabela portugesek kalte egin diezaiokete turismoaren sektoreari; are gehiago kostaldeko herrietako bizilagunei.
Hain zuzen, karabela portugesak izan dira aurtengo udan Itzurunen zein Santiagon bandera gorria sarri altxatzearen errudun behinenak. Torrek argitu du karabelak ez direla berriak gurean, baina haien kopurua eta tamaina aldatu egin dela azken urteetan: "Asko eta oso txikiak dira. Horrek zer esan nahi du? Karabela txiki horiek, jaioberriak, ez direla urrutitik etorri; urrutitik etorriko balira, handiagoak lirateke. Hortaz, kostaldetik gero eta hurbilago ugaltzen dira".
Chustek bezala, aldaketa horietara guztietara egokitzea beharrezkoa izango dela iritzi dio Torrek ere. "Dena moldatu beharko dugu, gure ekonomia ere bai. Oreka berriak etorriko dira? Bai, noski. Oreka hori ekarriko duten espezieak guretzako onak edo aprobetxagarriak izango dira? Ikusteko dago", esan du.
Bestalde, etekin ekonomikorik ez dakarten espezieak hain dira ezezagunak, ezen izen zientifikoarekin soilik ezagutzen baitira. Gonzalo Torre, aldiz, kontziente da ozeanoaren aldaketa ekosistemikoen garrantziaz, eta izengabeei ere jartzen die arreta. Hala, azaldu duenez, Kantaurin nabarmen jaitsi da ur fresko zaleak diren Himanthalia elongata, Fucus serratus, Chondrus crispus espezieetako alga kopurua; ohi baino gehiago ugaltzen ari dira ur epeletako algak (Corallina elongata, Jania rubens eta Lithophylllum incrustans); eta ur beroetako arrain batzuk ere iritsi dira Iberiar penintsulako iparraldeko kostara (Caranx rysos, Hoplostethus cadenati eta Neoscopelus macrolepidotus, besteak beste).
Agertoki arriskutsuak
Ozeanoen berotzeari balaztak jartzen asmatu ezean, ezin esan agertoki arriskutsuak imajinatzea ezkorregia denik. Itsas ekaitzen, muturreko olatuen eta kostaldeko uholdeen maiztasuna eta intentsitatea handituko direla aurreikusten dute ikerketek, "baina ziurgabetasun handia dago planetan non kontzentratuko diren jakiteko", gaineratu du Chustek.

Aztik euskal kostaldean egin dituen azken azterketen arabera, uholde arriskua duten azalerak ugaritu egingo dira. Bestalde, ozeanoen berotzearen eragin arriskutsuenetako bat da itsas mailaren igoera, eta ikerketa zentroaren arabera, hamarkada bakoitzeko lau zentimetro igotzen ari da. Hala, mende amaierarako 50 eta 65 zentimetro artean igoko dela aurreikusten dute; horrek hondartzen azalera nabarmen murriztea eragingo du. Funtsean, "kostaldeko arriskuak pixkanaka areagotu egingo dira, eta inpaktuak metatu egingo dira azpiegituretan, ekosistemetan eta jarduera ekonomikoetan", ohartarazi du Guillem Chustek.
"Erreakzionatzeko gaude"
Gizakiak eragindako klima larrialdiak ondorio lazgarriak ditu itsasoko bizitzan, eta konponbideak asmatzeko ahalmenik apenas dago gaur-gaurkoz; gizakiari, lurra baino helezinagoa baitzaio itsasoa: monolaborantzak pobretutako basoetan haritzak eta pagoak landa ditzake bertako biodibertsitatearen mesedetan, erreketako presak eraitsi ditzake uraren emaria lehengoratzeko edo berotze globalera hobeto egokitzen diren landare espezieak hazi ditzake laboreen erabateko galtzea saihesteko. Alta, gizakiak ez du gaitasunik klima larrialdiak itsasoan eragiten dituen arazoei adabakiak jartzeko. "Ikerketek diotenez, momentu honetan daukagun ezaguera zientifikoarekin itsasoko berotzearen eraginak ezin dira saihestu", agertu du Gonzalo Torrek, eta zera gaineratu du: "Erreakzionatzeko gaude".
Zumaiarraren ustez, arazo bati konponbidea bilatu ahal izateko, ezinbestekoa da lehenengo arazo hori ondo ezagutzea. Horregatik, aipatutako espezieen gaineko nahiz klima larrialdiak ozeanoetan eragiten dituen aldaketen gaineko jarraipen zientifikoa egin behar dela aldarrikatu du.
Ildo beretik mintzatu da Guillem Chust. Aztiko adituaren ustez, jadanik kalteak eragiten ari den klima larrialdira egokitzeko, "premiazkoa da alerta goiztiarreko sistemak garatzea, azpiegitura kritiko eta kalteberak egokitzea eta klima aldaketa monitorizatzeko programak hobetzea, arriskuak aurreikusteko eta erabaki informatuak hartzeko".
Aurreikuspenen arabera, mende amaierarako 50 eta 65 zentimetro artean igoko da itsas maila
Hala ere, ikerketari klima larrialdiari aurre egiteko neurri praktikoak gehitu behar zaizkio lehenbailehen, itsasoa zenbateraino haserretu daitekeen egiaztatzea saihestu nahi bada. Asmo horretan, negutegi efektuko gasak "azkar batean" murrizteak izan beharko luke lehentasun Guillem Chusten ustez, eta horrekin batera, baieztatu du zenbait sektoretako –itsas garraioa eta arrantzako flota aipatu ditu– deskarbonizazioan aurrera egitea gakoa dela. "Karbono urdineko ekosistemak, hala nola padurak eta itsas belardiak, kontserbatzea eta leheneratzea ere garrantzitsua da, atmosferako CO2a biltegiratzen eta bahitzen baitute", gaineratu du.
Horrelakorik egin ezean, klima larrialdiaren kontrako borrokan duen aliaturik behinena galtzen ariko litzateke gizakia, "ozeanoak baitira planetako klima erregulatzaile nagusiak", Aztikoak azpimarratu duenez: "Ozeanoek gizakien jarduerek 1970eko hamarkadatik metatutako beroaren %93 inguru xurgatu dute, eta horrek tenperatura atmosferikoaren igoera moteldu du. Karbono hustubide gisa ere jarduten dute ozeanoek: giza jarduerek igortzen duten CO2aren heren bat inguru xurgatzen dute, eta, horrela, atmosferako berotegi efektuko gasen kontzentrazioa murrizten eta berotze globala arintzen dute". Itsasoa orroka da jada; entzuteko prest al daude lurtarrak?