Gure zeruan ikus dezakegun hegazti harraparien artean dotoreenetakoa da miru gorria. Bere hegaldi barea eta ia ahaleginik gabekoa, haizearekin dantzan ariko balitz bezala egiten duen hori, ez da oharkabean pasatzen. Kometa Gorria izenez ezagutzen da ingeles hizkeran. Gure artean urte osoan ikus dezakegu, baina negu garaian Europa erdialdetik etortzen diren aleei esker, hirukoiztu egin daiteke bere presentzia. Araban eta Nafarroan daude populazio ugaltzaile garrantzitsuenak. Leku horietara jotzen dute lotara talde handietan, elkartzeko zuhaitz gainaldeak baliatuz. Kasu batzuetan, talde horietan 200 miru baino gehiago ikusi izan dira.
Normalean lumadi gorrizta edo arre gorrixka izaten du, eta burua grisaxka, baina zalantzarik gabe, haren ezaugarri nabarmenena buztana da: luzea, gorria gainaldetik eta zuria azpitik, eta oso urkilatua, v forma oso markatua duena. Behetik begiratuta, hegoetan bi orban zuri ere nabarmentzen zaizkio. Erraza da miru beltzarekin nahastea, horrek oro har kolore ilunagoak baditu ere; gainera, buztanaren urkilatua ez du horren sakona. Neguan zeruan ikusten baditugu ez da bereizteko zalantzarik izaten, miru beltza Afrika aldera migratzen baita. Arren eta emeen artean ez dago desberdintasun handirik.
Nahiz eta gure inguruneetara ondo egokituta dagoen, azken aldian miru gorriaren populazioa gurean nabarmen jaitsi dela esan daiteke. Hegazti eder hori gure paisaian hegan apain ikusi nahi baldin badugu, babestu beharra dago, isileko ehiztarien tiroak, pozoitzeak, errepideetako istripuak, elektrokuzioak, habitataren galerak eta abar mehatxu konstanteak baitira hegazti horren egunerokotasunean.
Beste izen batzuk: arraigorri, buztanbiko, buztansarde, buztanurkila...
Luzera eta hego zabalera: 60-66 zentimetro eta 154-170 zentimetro. •