Leire Barriuso: "Argazkitik harago joatea da gure misioa"

Maddi Txintxurreta

Leire Barriuso, Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerentea. (M. Txintxurreta)

Komunikazioa eta interpretazioa ardatz izango dituzten Geoparkeen Sareko XI. Jardunaldi Irekiak egingo dituzte datorren astean Euskal Kostaldeko Geoparkean. Geoparkeko gerentea da Leire Barriuso (Eibar, 1970), eta topaketen asmoen inguruan hitz egin du.

Euskal Kostaldeko Geoparkea izango da urriaren 6tik 8ra antolatu dituzuen Geoparkeen Sareko XI. Jardunaldi Irekien egoitza. Zeintzuk dira  jardunaldiekin lortu nahi dituzuen helburu nagusiak?

Geoparkeen intereseko gaiak jorratu nahi ditugu. Hilaren 6an alkateen bilkura izango dugu; 30 alkate inguru etorriko dira eta hori oso garrantzitsua izango da geoparkeek dituzten premien inguruko lanketa egiteko. Hilaren 7koa jardunaldi teknikoa izango da. Egun horretan, Lurraren historiaren narrazio bat osatuko dugu; funtsean, ikusiko dugu geoparkeen bitartez Lurraren historia kontatu daitekeela. Gero, aztertuko dugu planetaren historia hori geoparkeetan nola lurreratzen eta jorratzen den panelen, interpretazio zentroen, irteera gidatuen eta dibulgazioko materialaren bitartez; lau bloke horiek landuko ditugu. Irteera gidatuak ere egingo ditugu: hilaren 7an Zumaian izango da, eta hurrengo egunean, autobus bana abiatuko dira Debara eta Mutrikura. Deban historiaurreko bailara ezagutuko dute parte hartzaileek, eta Mutrikun alde zaharra eta zesta puntako frontoia.

Hori da prestatu dugun programa, baina, bestalde, guretzat oso garrantzitsua da geoparkea komunikabideetan egotea; gurea, eta Geoparkeen Sarea, izan ere, sare gisa erronka handiak ditugu. Teknikariak, politikariak, enpresetako eta hezkuntzako ordezkariak... etorriko dira datorren astean, eta garrantzitsua izango da hiru egun horietan guztion arteko loturak sendotzea.

Guztien artean geoparkeek dituzten premien inguruko lanketa egingo duzuela esan duzu. Norabidea eta lehentasunak zehaztuta al dituzue?

Bai. Geoparke izendapena jasotzeko, Unescok zein Geoparkeen Munduko Sareak zehaztutako baldintza batzuk bete behar dira eta lau urtean behin ebaluatzen dira horiek, ez da nahikoa baldintzok behin betetzearekin. Irizpide horien artean garrantzitsuena kudeaketari dagokiona dela uste dut: nork kudeatzen duen geoparkea, zer estrategia duen luzera begira, zer aurrekontu eta lantalde duen horretarako... Geoparkea kudeatzen duen administrazioaren arabera, lausotu egiten dira sarri kontu horiek. Norberak ikusi behar du bere geoparkeko kudeaketa organoa zein den eta nola funtzionatzen duen, eta horri estrategia bat eta aurrekontu bat lotu behar zaizkio. Hori guztia mahai gainean jarriko dugu. 

Gu geu Unescoren ebaluatzaileak gara, beraz, beste geoparke batzuk ebaluatzeaz arduratzen gara. Horri esker jakin dezakegu zeintzuk diren benetako premiak. Horregatik, gainontzeko geoparkeetako kideak hona etortzen direnean, adierazi nahi diegu zeintzuk izan daitezkeen hobetu beharreko alorrak.

Sare gisa badugu beste erronka bat ere: geoparkeak, momentuz, nahiko ezezagunak dira. Unescoren beste izendapen batzuk, adibidez, biosferaren erreserbak eta gizadiaren ondareak, oso ezagunak dira; geoparkeak, aldiz, ez hainbeste. Hamasei urte daramatzagu geoparkeak ezagutarazteko lanean, baina teknikariok ez gara denera iristen. Behar duguna da alkateek eta bestelako instituzioek geoparkeak bultzatzea, gainontzeko izendapenek duten ikusgarritasun bera izan dezaten.

"Gero eta interes handiagoa dagoela geoparkeekiko nahiz ondarearen interpretazioarekiko"

Hain zuzen ere, komunikazioa eta ondarearen interpretazioa izango dituzte ardatz Geoparkeen Sareko XI. Jardunaldi Irekiek. Geoparkeak herritarrengana hurbiltzeko ituarekin bat egiten al du horrek?

Geoparke bat, azken finean, tokiko ondarea erabiliz garapena bultzatzen duen tresna bat da. Ondarea da gure motorra, eta oso garrantzitsua da paisaiaz edo sentsasioez harago joatea. Hau da, Algorriko puntan selfie bat egitea oso ondo dago, baina guk nahi duguna da jendeak ulertu dezan nola sortu zen paisaia hori eta zer garrantzia duen; argazkitik harago joatea da gure misioa. Kontatu egin nahi dugu; horregatik sustatzen ditugu horrenbeste bisita gidatuak, panelak edo interpretazio zentroak. Ildo horretatik, Next Generation diru laguntzak zenbait azpiegitura hornitzeko erabili ditugu azken urteetan; besteak beste, Debako historiaurreko bailara eta Flyschenea, eta Mutrikuko Talaixa geomuseoa. 

Jardunaldirako lekuak oso azkar agortu dira. Zer garrantzia du horrek Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat?

Harrigarria izan da. XI. edizioa izango da aurtengoa, eta aurretik, denetarik egon da: batzuk arrakastatsuak izan dira, baina esango nuke inoiz ez direla horren azkar agortu lekuak. Orain arte, geoparkeei zuzentutako jardunaldiak egin dituzte batik bat. Guk, geoparkeei dagozkien lekuak bete ostean, deialdia publiko orokorrari ireki genion, eta beraz, gurean izango dira geoparkeez aparteko sektoreetatik etorritako ordezkariak ere. Horrek erakusten du gero eta interes handiagoa dagoela geoparkeekiko nahiz ondarearen interpretazioarekiko. Eta, alor horietan, Euskal Kostaldeko Geoparkeak zeresan handia du.

Euskal Kostaldeko Geoparkean egiten ari zareten neuromarketing ikerketa baten ondorioak aurkeztuko dituzue jardunaldietan. Zertan datza ikerketa hori?

Ikerketara bideratzeko diru laguntza deialdia egiten dugu urtero, eta aurten, Leongo Unibertsitateko neuromarketingeko ikerlari batzuk jaso dute laguntza. Neuromarketinga oso garatuta dago sektore batzuetan, baina naturguneetan probatzeke zegoen. Guk proba bat egin genuen: hogei bat lagunek bisita bat egin zuten gidari batekin, eta beste horrenbestek gidaririk gabe. Jendearen begiradak, izerdia, eta bestelako adierazle batzuk neurtzen zituzten tresnak erabili genituen, eta irteera gidariarekin eta gidari gabe egitearen arteko desberdintasunak aztertu. Datorren astean ezagutuko ditugu ondorioak, baina aurreratu dezaket oso argigarriak direla. 

Ondarearen interpretazioa sustatzen duzuenez gero, nola lortzen duzue oreka flyschak Zumaiara erakartzen duen turismo masiboaren eta herritarren bizi kalitatearen artean?

Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Aste Santuan eta udan hezitzaile bat jartzen dugu, San Telmo eta Algorriren artean ibiltzen dena. Hezitzaile horrek zenbat jende dagoen kontatzen du, baina bestalde, naturgune babestu bat dela azaltzen die bisitariei, hau da, jakinarazten die eremua kontrolatuta dagoela eta dena ez dela libre. Ikusi dugu saturazioa oso egun gutxitan eta leku konkretuetan gertatzen dela; Algorriko plataforman eta San Telmon, batik bat. Bestalde, lehen alde guztietatik ibiltzeko aukera zuen jendeak, eta orain bide bakarra dago, sokekin mugatuta. Ikusi dugu inguruneak jendea jasateko duen gaitasuna, azpiegitura egokia jarrita, handitu egiten dela. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide