Elene Mendizabal informatikari eta eduki sortzaileak Gladysen haritik bideopodcasta estreinatu du. Zumaiarrak gidatutako saioak emakumeek teknologiaren zein ingurune digitalaren esparruan duten funtsezko papera jarriko du lehen planoan, eta hain zuzen ere, herrikide bat izan da lehenengo podcasteko gonbidatua: Eire Salegi telekomunikazio ingeniaria, kriptografia kuantikoko ikertzailea eta Eire musika taldeko kidea. GUAU plataforman ikus daiteke bi herrikideen arteko elkarrizketa.
EiTBk, PuntuEUSek eta EHUko Informatika Fakultateak sustatu dute Gladysen haritik bideopodcasta, eta sortzaileek azaldu dutenez, arina, gertukoa eta ikusle ororentzat gozagarria da saioa. Mendizabalek emakume teknologoak izango ditu solaskide, baina gonbidatuen curriculumetik haragoko elkarrizketak bilatuko ditu: gonbidatuek zer egiten duten azalduko dute; baina, batez ere, nor diren, zerk mugiarazten dituen, zeintzuk diren haien zaletasunak eta nola iritsi diren dauden lekura.
Egitasmoaren sortzaileek azaldu dutenez, bideopodcastaren hazia Gladys Saria da. "Gladys sariketak emakume bakarra saritzen du urtero, eta asko dira zer kontatua dutenak", agertu dute. Horiek guztiak ezagutzeko aukera eskaini asmo du Elene Mendizabalek urte amaiera bitartean gidatuko dituen sei ataletan.