Ainhoa Lopez: "Edertasuna desberdintasunean dagoela irakatsi dit modelo lanak"

Enara Ariznabarreta

Ainhoa Lopez, argazki saio batean. (Utzitakoa)

Iraileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako edukia da honakoa.

Ainhoa Lopezi (Zumaia, 2002) txiki-txikitatik gustatu izan zaio moda. Bere amak prestatutako janzkerak alde batera utzi, eta bereak sortzen hasi zen. Gradua ikasten ari zela, Euskal Herriko agentzia bateko casting batean izena ematea erabaki zuen, eta orduan ekin zion modelo ibilbideari.

Hego Korean izan zara; han, edertasuna zutabe kultural bat eta bizi filosofia bat da, eta garrantzi handia ematen zaio. Nola bizi izan duzu hori?

Esango nuke han dituzten edertasun neurriek kanpoko modeloei ez digutela hainbeste eragiten. Ez dugu hainbeste presio izaten, baina egia da itxura fisikoari garrantzi handia eman behar diogula. Korean, esaterako, hango edertasun neurrietara gehien hurbiltzen ziren modeloek casting eta lan aukera gehiago zituzten. Hala ere, marka ugari daude eta itxura fisiko desberdin ugari bilatzen dituzte. Horregatik, lana ondo banatuta dagoela iruditzen zait.

Esperientzia horrek edertasuna edota zure burua ikusteko modua aldatu al du?

Gaur egun lanbide hau zabalagoa da, eta gorputz gehiago onartzen dituzte, nahiz eta oraindik aldaketa asko dauden egiteko. Ni modelo normatiboa naiz, eta baliteke aukera gehiago izatea, baina presiorik ez dut izan. Nik argi dut denok garela politak, eta desberdintasun horretan dagoela edertasuna. Nik ez dut lehiarik bizi izan, izan ere, marka batek ez badu zu bezalako modelorik bilatzen, edozer eginda ere ez zaituzte hartuko.

Hego Korean lanean aritzean, zerbaitek harritu al zintuen?

Itxura fisikoari ematen dioten garrantziak harritu ninduen. Beraientzat oso-oso garrantzitsua da, eta txiki-txikitatik erakusten diete horri garrantzia ematen. Batzuei institutua amaitu eta graduazioko opari gisa ebakuntza estetikoak oparitzen dizkiete gurasoek. Gangnam auzoan bizi nintzen, eta eraikin gehienetan zentro estetikoen publizitatea ageri zen.

Orain hegazkin azafata izateko ikasketak egingo dituzu. Zergatik erabaki duzu norabide hori hartzea?

Betidanik gustatu izan zait kultura desberdinak ezagutzea, eta lanbide honi esker ohartu naiz bidaiatzea asko gustatzen zaidala. Lan perfektua iruditzen zait, izan ere, gustatzen zaizkidan bi gauza horiek uztartzen ditu.

Hegazkin azafata lanbidean ere irudiak badu bere pisua. Zer iruditzen zaizu hori?

Jendaurreko lan gehienetan bezalaxe, lanbide honetan ere irudiak garrantzia du. Hala ere, esango nuke gaur egun itxura fisikoa ez dela hain garrantzitsua, baina bai txukun jantzita egotea. Esaterako, gutxieneko altuera bat izatea eskatzen dute, baina ez dut uste itxura kontua denik. Izan ere, gauzatu beharreko jarduera batzuetarako beharrezkoa da.

Modelo lanetan esperientzia duzu. Lan batzuetan itxura fisiko normatiboa izateak ateak irekitzen al ditu?

Bai, segun eta zein bide hartzen duzun errazagoa izan daiteke. Publizitatean, adibidez, batzuetan ez dute gorputz normatibo bat bilatzen. Ostera, modelo lanbidearen beste esparru batzuetan gorputz normatibo bat edukitzeak bidea errazten du.

Etxera itzultzean, zein da handik ekarri zenuen ikaskuntzarik handiena?

Ezetza onartzen irakatsi dit modelo lanak. Ilarak eta ilarak egin behar izan ditut castingetan, eta ehun modelo baino gehiago izan ditut aurretik. Ezezko pila bat jasoko ditudala onartzea beharrezkoa izan da, eta horrekin aurrera egin behar dela. Hautatzen ez banaute ez dela nire errua ere ikasi dut. Bakoitza den bezalakoa da polita, eta desberdintasunean dago edertasuna. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide