Merkatariekin batera landuko du udalak Erkibeko proiektuaren bigarren fasea

Maddi Txintxurreta

Zumaiako hainbat merkatari, Erkiberen proiektua lantzeko lehenengo faseko saio batean. (Zumaiako Udala)

Erkibeko eraikinaren edukia eta forma lantzeko herri prozesua bultzatzen ari da Zumaiako Udala, eta proiektua bigarren fasera sartzera doa. Datorren asteartean herriko merkatariekin bilduko da udala.

Zumaiako Udalak maiatzean iragarri zuen elikadura burujabetzarekin lotutako proiektu bat garatu nahi duela Erkiben, eta eraikinaren etorkizuna herriko eragileekin batera landuko zuela iragarri zuen. Herri prozesuaren lehenengo fasean herritarren, merkatarien, ekoizleen eta herriko beste eragile batzuen iritziak eta ekarpenak jaso zituen, eta herriko merkatariekin elkarrizketak sakonduko ditu bigarren fasean.

Hain zuzen ere, bigarren fase horren baitan, merkatariei zuzendutako saio irekia deitu du udalak urriaren 6rako, asteartea, 15:00etan Alondegiko Moila gelan. Bileran, lehen fasean jasotako ekarpenen ondorio nagusiak azalduko dituzte, eta prozesuaren fase berriaren inguruko xehetasunak eman.

Saioaren antolaketa errazteko, parte hartuko duten merkatariei aurrez izena emateko eskatu die udalak. Horretarako, Turismo Bulegora jo dezakete, 94314 33 96 telefono zenbakira deitu edo turismoa@zumaia.eus helbidera idatzi.

Erkiberen proiektu parte hartzailearen lehenego "entzute eta kontraste lanak" egin zituen udalak herriko hainbat eragilerekin, besteak beste, herritarrekin, merkatariekin eta ekoizleekin, eta eraikinaren etorkizunari buruzko ikuspegi eta ekarpen ezberdinak jaso zituen. Bigarren fasean, jasotako ekarpenak aintzat hartuta, proiektuak ematen dituen aukerak aztertuko dituzte, eta hurrengo urratsak zehaztu.

Aurrelanak

Zumaiako Udalak nabarmendu duenez, Erkiberen inguruko lanketa ez da hutsetik abiatu. 2023an, udalak, LZB arkitektura kooperatibaren laguntzarekin, Erkibe bertako produktuen merkatu bihurtzeko aurreproiektua landu zuen, eta, era berean, herriko hainbat eragilek elikadura burujabetza ardatz izango zuen proiektu bat sustatzeko proposamena aurkeztu zuten. "Orain, aurretik egindako lanketa herritarrekin eta eragileekin partekatu, kontrastatu eta aberastea da helburua", esan du udalak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide