Idoia Arana-Beobide: "Barandiaranek esan zidana buruan izan dut beti: 'Guk ez badugu gure historia lantzen, nork egingo du?'"

Maddi Txintxurreta

Idoia Arana-Beobide, Cape Bretongo Unibertsitateko konferentzia batean. (Utzitakoa)

Aspalditik Ottawan (Kanada) bizi den arren, Euskal Herriarekin lotura inoiz ez du galdu, eta bere bizitzaren istorioa letra larriz idatzitako (eta idatzi gabeko) historiarekin gurutzatu da sarritan: Euskal Herriko kulturarekin eta Kanadako arkitekturarekin, baleazaleekin, hango eta hemengo indigenekin. Iraileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako edukia da honakoa.

Lau hamarkada pasatu dira Idoia Arana-Beobidek (Zumaia, 1964) Zumaia utzi zuenetik, Kanadara bizitzera joateko. Itsaso batetik bestera egin zuen salto, baina sustraiak ez ditu galdu. Are, euskaldunen sustraiekin topo egin du Kanadan, eta hango eta hemengo indigenen historiak lotu nahian eman du bizitza, inork aurkitu ez dituen baleen hezurren bila. Galderek eraman dute orain dagoen lekura eta unera.

Duela 40 urte hasi zenuen abentura kanadiarra. Zer dela eta joan zinen hara?

Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea egina neukan eta ez nekien zer estudiatu. [Jose Migel] Barandiaran ezaguna genuen eta hari galdetu nion zer egin nezakeen. Esan zidan ikas nezala gure historiarekin zerikusia zuen zerbait. "Hori interesgarria al da ba?", pentsatu nuen nik. Garai hartan, jendea Ingeles Filologia eta horrelakoak ari zen ikasten; kanpora begira zegoen jendea. Baina Barandiaranek zera esan zidan: "Guk ez badugu gure historia lantzen, nork egingo du?". Hori buruan izan dut beti, baina pixka bat errebeldea ere banintzen, eta ez nuen betiko patroia jarraitu nahi; ez nuen nahi, adibidez, etxeko gauzez arduratu zentzu matriarkal horretan. Kanpora joan nahi nuen, mundua ezagutu eta bestelako esperientzia bat izan. Kuriosoa da, orain Barandiaranek esandako horretan dihardut, matrikultura aztertzen, baina beste esperientzia batekin eta nire eran. Horrela nenbilen, zer egin jakin gabe, eta amak proposatu zidan urtebeterako Kanadara joatea, osabarekin, ingelesa ikastera. Zer egingo nuen ez jakiteak eta kanon batzuen baitara mugatu nahi ez izateak ekarri ninduen abentura honetara. Urtebeterako zen, baina...

Terranova zenuen helmuga, han bizi baitzenuen Josetxo Beobide osaba. Nor zen Josetxo Beobide? 

Josetxo, gure etxean osaba Joseba, nire amaren anaia zen. Oso gazte sartu zen apaiz. Guk etxekotzat genuen, eta bera oso herrikoia zen. Komunitateari begira lan asko egiten zuen, jendea laguntzea zen bere lehentasuna. Pasaiako portuko kapilaua izan zen eta gero Stella Maris erakundearekin lan egin zuen, itsasontzietan ere sartzen zen, eta arrantzaleekin egiten zuen joan-etorria. Kanadan lanpostu egonkorra eskaini zioten, portura iristen zirenei laguntzeko. Istripurik egon bazen ospitalerako bidea egiten laguntzen zien, itzultzaile lanak egiten zituen... Lan asko egin zuen, emakumeekin berebat, zeren, itxura denez, arrantzaleak hiltzen zirenean, gorpurik azaltzen ez zenez, andreek zailtasun ugari izaten zituzten alarguntza pentsioa jasotzeko. Horrelako tipoa zen, jendeari beti laguntzeko prest zegoen. Itsasontzi bat iristen zenean, lehenengo harrera arrantzaleei egiten zien, langileei. Guztiak ondo zeudela egiaztatzen zuenean, orduan joaten zen zuzendaritzakoengana. Zuzendaritzakoak euskaldunak izaten ziren, baina langileen artean galiziarrak ziren gehienak; horregatik, estimu handia zioten Galizian, eta haren izena jarri zioten Escarabote herriko kale bati.

"Ama ere oso abenturazalea zen; ulertzen zuen zergatik atera nahi nuen, zergatik esperimentatu nahi nuen bizitza"

Baleazaleen historiarekin ere izan zuen harremana.

Urte asko pasatu genituen historia horren inguruan ezer jakin gabe. Zurrumurruak zeuden, baina frogarik ez. Selma Barkham izan zen, denbora pila bat artxiboak arakatzen pasatu ostean, konturatu zena aztarnek derrigor egon behar zutela. Selma Josetxo Beobide osabarekin jarri zen harremanetan hura Terranovan zegoenean. Esaten zen hor kanpamendu batzuk egon zirela, eta Memorial University of Newfoundlandeko (MUN) Jim Tuck arkeologoarekin XVI. mendeko txabola horiek aurkitu zituzten, hortxe zegoen froga. Aurrerantzean, Terranovan indusketa arkeologikoa martxan jarri zuten Parks Canada taldeko arkeologoen eskutik. Baina txabolak bakarrik ez, itsasontziak ere izan behar ziren urperatuta, eta horietako baten urperatzea aipatzen zen Selmak arakatutako artxiboetako batean. Parks Canadako Robert Grenier arekeologia taldekoak urpean bila hasi ziren, eta San Juan aurkitu zuten. Izugarrizko aurkikuntza izan zen, Kanadako historia osatzen lagundu baitzuen.

Terranovara, ordea, ez zinen iritsi. 

Osabaren lagun bat etxera etorri zen, eta esan nionean oraindik 18 urte nituela eta Terranovara joango nintzela, esan zidan: "Zuk ez duzu Terranovara joan nahi. Zuk Ottawara joan nahi duzu". Haren bitartez joan nintzen Ottawara, eta han nengoenean ikusi nuen museologiako hiru urteko diplomatura egin nezakeela. Beraz, urtebeterako ez, han denbora gehiagoz gelditzeko konbentzitu nuen ama. Hark aprobetxatzeko esan zidan, ahal nuen guztia ikasteko eta gero bueltatzeko. Ama ere oso abenturazalea zen. Dantzaria zen, eta 1950eko hamarkadan Oñatibia anaiek sortutako Euzkadi Group dantza taldearekin Ipar Amerika zeharkatu zuen eta New Yorken bizi izan zen. Ulertzen zuen zergatik atera nahi nuen, zergatik esperimentatu nahi nuen bizitza. Bera bueltatu egin zen, ni, aldiz, ez. Baina beti jarraitu dut etxera itzultzen eta Zumaiarekin harremanak lantzen. Izan ere, orain museoa den Kresala etxean, Julio Beobideren lantokian, bisitariek ikus dezaketen museografia nik diseinatu nuen, nahiz eta zati bat eguneratuta dagoen.

Idoia Arana-Beobide taldeko argazkian, Aralarren, 1977ko lehenengo Alderdi Egunean. (Utzitakoa)

Julio Beobide eskultore ezagunaren biloba izateak eragin du artearekiko duzun zaletasunean? 

Horixe baietz. Gure gurasoek ez zuten unibertsitateko ikasketarik, baina kultura benetan bizi zuten, batez ere amak, Julio Beobideren alaba izanik. Euskal Herriko kulturaren munduko jendearekin lotura estua izan dugu beti; Barandiaran etxekoa izan da. Asteburuetan, mendira joaten ez ginenean, kulturaren munduko jendea bisitatzera joaten ginen, bereziki Ipar Euskal Herrira, errefuxiatuta zeudenengana. Aita Alberto Onaindia eta Telesforo Monzon ezagutu nituen, Agirre lehendakariaren hilobia garbitzen genuen... Euskal Herri askearen ideiarekin joaten ginen hara, garai bateko EAJren filosofiarekin. Beraz, mendia, kultura artistikoa eta politika etxean izan genituen beti.

Kanadako Historiaren Museoan egin zenituen lehenengo pausoak museologian. Zer-nolako esperientzia izan zen?

1988ko udan egin nituen praktikak han. Museoa eraikitzen ari ziren eta hori erakustea zen nire lana. Eraikuntzako bota handiak eta kaskoa jantzita ibiltzen nintzen. Diru publiko asko bideratu zuten proiektu horretara, eta jendeak jakin nahi zuen instituzioak nola ari ziren beren dirua gastatzen. Horregatik, Harreman Publikoko Departamentuan arlo berezi bat sortu zuten jendeari erakusteko zer egiten ari ziren han. Gero, museoarentzako erakusketa espazio batzuk ikertu eta diseinatu nituen. 

Museologiaz gain, erlijioko eta Erdi Aroko ikasketak ere egin zenituen Kanadan. Adar horiek guztiak uztartzeko aukera izango zenuen Kanadako Historiaren Museoan lanean hasi zinenean, ezta?

Bai eta ez. Egin nuen museologia ikastaroa batik bat museo txikietan lan egiteko prestatuta zegoen; ikasi nuen erakusketak egiten, katalogatzen, artelanak zaharberritzen... denetarik. Baina museo nazionalean lanean hasi nintzenean konturatu nintzen museo handi batean arlo asko daudela, eta zehazki non lan egin nahi nuen pentsatzea zegokidala. Erdi Aroko kultura eta erlijioa ziren nire pasioak, eta museologiari esker konturatu nintzen zeinen garrantzitsua den interpretazioa: historia nola dagoen idatzita jakitea soilik ez, historia nola bizi izan den ezagutzea ere bai; berdin iritzi zion Kanadako museoak ere. Historia politikoari baino, historia sozialari begiratzen genion. Jakin nahi genuen jendea nola bizi zen; zer janzten zuen, zer jaten zuen, zer etxetan bizi zen... Museoaren erakusketa osoa horrela antolatuta zegoen. 

Zumaiarra kaskoa eta botak jantzita, Kanadako Historiaren Museoan gida lanak egiten zituen garaian. (Utzitakoa)

Orduan ezagutu zenuen zure senarra, Douglas Cardinal arkitektoa eta museo nazionalaren egilea?

Hori da. Gida bezala lanean ari nintzela, festa bat egin zuten, eta laguntzen ari nintzen ni. Lagun batek esan zidan han zegoela Douglas Cardinal arkitektoa, eta nik "goazen, goazen gure burua aurkeztera". Lagunak ezetz, ezin genuela, pertsona garrantzitsua zela. Baina aurretik esan dudan bezala, nire gaztaroan horrenbeste pertsona jakintsu eta garrantzitsu ezagutu nituen, superarkitekto batek ez ninduen kikildu. Kuriositatez beteta egin nizkion galderak eta egiten genuena esplikatu nion. Harrituta geratu zen pertsona gazte bat horren lasai eta natural gerturatu zitzaiolako. Esan nion europarra naizela, ez nuela eraikin hori bezalakorik inoiz ikusi eta gehiago jakin nahi nuela. Horrela hasi genituen elkarrizketak, eta ni izan nintzen arkitektoaren bulegoaren eta museoaren bulegoaren arteko harremana lotzeaz arduratu zena. Zeren, hain izan zen zaila proiektu hori, museokoen eta arkitektoen arteko elkarrizketak ez ziren errazak.

Indigena oinbeltza da Cardinal, eta euskalduna zu. Harreman horrek piztu al zizun urte luzez ikergai izan dituzun Kanadako jatorrizko herrien eta euskaldunen arteko antzekotasunekiko interesa?

Bai. Mundu guztiari esaten diodan moduan, [Kanadako Historiaren] museoarekin maitemindu nintzen eta horregatik geratu nintzen Kanadan. Museoaren eraikina oso desberdina da, eta zentzu berezi bat zuen niretzat, beste mundu batekoa iruditzen zitzaidan. Konturatu nintzen bestelako filosofia bat zegoela eraikin horren atzean, mundu ikuskera berezi bat. Banekien Douglas indigena dela, baina askotan estereotipoetara mugatzen gara, eta jakin nahi nuen zer esan nahi zuen horrek, sakonki jakin nahi nuen. Orduan izaten genituen elkarrizketetan hausnartzen genuen zer den mundua, zer den pertsona, balioak aztertzen genituen. Eta argi ikusi genuen garrantzitsua dela jakitea nondik gatozen, gure jatorria eta kultura nora eraman nahi ditugun bezainbeste. Lehenik Las Vegasen [AEB] eta gero Loiolan ezkondu ginen. Bi seme-alaba ditugu: Aritz eta Lorea. 

Zer ondorioztatu duzu lotura horiek aztertzerakoan?

Guk esaten dugu euskalduna dela euskaraz egiten duena; haientzako ez da horrela. Beren erlijioa eta mundu ikuskera, transmititzen dituzten balioak, haien arbasoenak dira. Haientzako, leinua odolean eramaten den gauza bat da. Blood memory esaten zaio; odolaren memoria. Jendea hartzea da beren kulturaren beste zati garrantzitsu bat, hori ere bada herrikide izateko beste modu bat. Kanpotar bat onartzen badute, ez dio axola nola, integratzen da eta tribuaren parte bilakatzen da komunitateko norbaitekin ezkonduta. Baina beti kultura aurrera eramateko asmoarekin egiten dute hori, ez aldatzeko, baizik integratzeko, blood memory hori aurrera eramateko, sinesten baitute arbasoek utzitakoek odolean irauten dutela. Espiritualak eta animistak dira, beraz, gure mundu ikuskera europarraren aldean, oso desberdinak dira. Abereak, eguzkia, natura... haien anai-arrebak bezala onartzen dituzte. Beraz, haien kosmologia eta gizartea antolatzeko erak bestelakoak dira.

Hori guztia jakinda, nik galdetzen nuen: guk zergatik ez ditugu gauzak horrela ikusten? Zergatik da gure ikuskera horren indoeuroparra? Gure herria indigena bezala aztertzerakoan, eta Kanadako kultura indigenak ezagutu ahala, galdera asko sortu zitzaizkidan. Haien espiritualitatea jarraitu nuen, haien zeremonietan parte hartu nuen, haien senarekin bat egin nuen... eta konturatu nintzen euskaldunok gauza asko ditugula aztertzeko.

Naturaren gaineko giza dominazioaren sinbolo izan daiteke arkitektura. Cardinalek eta zuk, aldiz, defendatzen duzue arkitekturak ere isla dezakeela naturarekin elkarbizitza. Nola gorpuztu daiteke indigenen mundu ikuskera eraikinetan edo hiri bateko arkitekturan?

Berriz berdinera goaz: haiek ez dute bat egiten gure mundu ikuskera mendebaldarrarekin, ezta natura dominatzeko dugun obsesioarekin ere. Beren filosofiaren arabera, komunitatea eta naturarekin harremanak indibiduoaren sen egoistaren gainetik daude, eta bururaino eramaten dute hori, praktikan ere bai. Horregatik, Douglasek lan bat duenean, egiten duen lehenengo gauza da eraikina kokatuko den lur horri opari bat eman, tabakoaren landarea, adibidez, haientzat sakratua denez. Lur hori, amalurra, onartzen du lehenengo, zeremonia batekin. Eremu hori bizirik dagoela badaki, eta horren arabera pentsatzen du nola sortu eraikina. Espiritualitatetik abiatuta, analizatzen du zer animalia bizi diren hor, zer landare dauden, hori guztia aztertzen du. Naturak berak esango du nola integratu diseinua. Hori dela eta, kurbak asko erabiltzen ditu, naturaren orografiara doitzeko. Arkitektura organikoa esaten zaio Douglasek egiten duen horri. Berarentzat, arkitektura ez da dominazioa, baizik integrazioa.

Kultura indigenetan emakumeek duten lekuari buruz ere asko ikertu duzu.

Bai. Matrikultura Ikasketak lantzen ari naiz, izan ere, herri indigena askok matrikultura berezia dute. Indigenen munduan aniztasun handia dago; komunitate guztiak ez dira berdinak, noski. Hala ere, emakumeak ziren erabakiak hartzen zituztenak. Ez soilik etxeetan, baita politikan ere. Estatu Batuek, sorreran, mohikanoen antolatzeko moduaren oinarria kopiatu zuten. Gaur Kongresu gisa ulertzen duguna, mohikanoen gobernuan, emakumeek osatzen zuten, Clan mothers esaten zitzaienek. Botere exekutiboa, aldiz, gizon gazteena zen. Baina emakumeak ziren gazte horiei boterea ematen zietenak, emakumeek zuten kontrola. Senatu deritzogunean zaharrak aritzen ziren, komunitateko kide jakintsuak, eta emakumeen zein gizonen boterea eta hitza berdina zen. Baina europarrak iritsi zirenean, botere exekutiboa gizonek zutela ikusita, ulertu zuten gizarte patriarkala zela, ez ziren konturatu egiazko indarra emakumeek zutela. Beraz, haien antolatzeko era kopiatu zuten, baina gaizki.

Jauzarreako kideak, Cape Bretongo unibertsitatean, 2018an. (Utzitakoa)

Labradorreko inguruetara itzuliz, XVI. mendean Pasaian eraikitako San Juan baleontzia Kanadan hondoratu zen 1565ean. Gaur egun, Albaola Itsas Kultur Faktorian ontzi historiko horren erreplika eraikitzen ari dira, eta bizpahiru urte barru Labradorrera bidaiatuko du, duela 500 urte euskal arrantzaleek egiten zuten eran. Nolabait, proiektu anbiziotsu horren parte zara zu ere. San Juan baleontziaren bidaiak zure bizitzaren zirkulua itxiko du? Azken finean, baleontzia bezala, Labradorrera iritsiko zara zu ere, 40 urteren ostean.

Baleazaleen historia berreraikitzeko bidean hainbat atal bizi izan ditut, beraz, Labradorrera joatea oso berezia izango da niretzat. 1986an hasi nintzen Partiada Tristea Ternuara (Songs of the Basque Mariners) itzultzen. Gero, Kanadako Historiaren Museoan lanean nengoela, euskaldun balea ehiztarien erakusketan lan egin nuen eta ikerlari asko ezagutu nituen. Baina nire ikasketak Erdi Arokoak zirela eta, beste mundu batera eraman ninduten, indigenen espiritualitatearen eta emakumeen mundura. Hori bai, euskaldunak Terranovan izan zireneko historia nirekin eraman dut beti, bizitza guztia baitaramat euskaldunen eta indigenen harremanak lantzen. Xabi Agote [Albaolako presidentea] San Juan ontziaren erreplikarekin hasi zenean benetan poztu nintzen, izan ere, bera izan zen aspaldi aitona Julio Beobideren batela berritu zuena. Beraz, nola ez? San Juan Labradorrera iristen denean, han izango naiz ni, nire bigarren etxean, ikurrin handi batekin ongietorria ematen. Eta, bitartean, ahal dudan guztian laguntzeko prest egongo naiz, noski. 

Euskal baleazaleen historia, hala ere, osatzeko dago oraindik?

Uste dut asko dagola egiteko oraindik. Hilobi asko aztertu dituzte, baina ez dakigu oraindik ziur zenbat euskaldun hil ziren eta non dauden. Bestalde, ez dugu argi zer harreman izan zuten euskaldunek indigenekin. Euskaldunak ez ginen etorri kolonizatzera. Ehiztariak ginen, Labradorreko indigenak bezala. Indigenek animaliaren zati guztiak erabiltzen zituzten, ez bakarrik jateko, baita lan tresnak egiteko ere. Euskalduna, berriz, balearen gantza urtzeko etortzen zen, hori baitzen Europako kandelen errekina; ehiza mota oso industriala egiten zuten. Gantza erabiltzen zuten, ados. Baina nire galdera da: zer egin zuten euskaldunek beste guztiarekin? Balea haragia jango zuten, baina hezurrak non daude? Balea hezur pila bat egon beharko lirateke, baina ez daude. Beraz, posible da euskaldunek indigenekin tratua izatea? Agian hezurrak ematen zizkieten, beraiek lan tresnak egiteko? Inork ez daki zehatz harremanik izan zuten edo ez. Baina izango zuten! Eskozia Handian bada sendi handi bat Basque abizena duena. Nondik etorriko ote da abizen hori? Horretan sakontzea interesgarria izango litzateke.

"'San Juan' baleontzia aurkitzea izugarrizkoa izan zen, Kanadako historia osatzen lagundu baitzuen"

Itsasoz aldatu zenuen Kanadara egin zenuenean. Zer da zuretzat itsasoa?

Itsasoa, niretzat, dena da. Atlantikoko olatuak, ur hotz eta gazi hori. Kostakook, nolabait, bizimodu animista dugu, egunak eta hilabeteak itsasoarekin neurtzen ditugu, mareak ezagutzen ditugu, ilargiaren menpe gaude. Ezingo nintzateke hori gabe bizi.

Bestalde, gutxienez urtean behin joaten naiz Euskal Herrira. Lagun minak ditut bertan. Mezetara joaten naizenean eta amaren lagunak ikusten ditudanean guztiak akordatzen dira nirekin. "Joan zinen, bada!", esaten du batek, eta besteak erantzun: "Baina urtero-urtero etortzen da, sustraiak ez ditu galdu!". Beti ongietorria sentitzen naiz.

1984an hasi zenuen Kanadako espedizioa, eta ziur deskubritzeko gauza asko gelditzen zaizkizula oraindik han. Zeintzuk dira aurrera begira dituzun asmoak eta gogoak? 

Oraintxe doktoretza bat lantzen ari naiz, Euskal Herriko fedea eta sinesmena aztertzen. Euskal Herriko mitologiaren berrikuntza landu nuen erlijioko ikasketetako masterrean, eta bertan azaldu nuen Barandiaranek agertutako mitologia hori guztia nola lurreratzen, zabaltzen, ari zen Euskal Herrian. Espiritualitatea bilatzen nuen, ikuskera indigenarekin lotutako oinarri bat aurkitu nahi nuen. Baina ez nuen lortu. Uste nuen agian neopaganismo batekin topo egingo nuela, baina ez. Ikusi nuen Euskal Herriko mitologiaren berrikuntza oso ateoa izan dela, folklore interesgarria duela, baina ez dela apenas egon espiritualitaterik. Horregatik, beste era batera planteatu behar dut ikergaia, beste galdera batzuk egin behar ditut. Funtsean, hori da aurrerantzean egiten segituko dudana: galderak bilatu. Gaur egun, atzerritar begiradarekin beharbada, baina beti bihotzez, euskaldunok iraganean nor izan ginen eta gaur egun nor garen galdezka nabil. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide