Egungo autoak duela 100, 50 edo 30 urtekoak baino azkarragoak dira, zalantzarik gabe; erregai gutxiago gastatzen dute –hibridoen eta elektrikoen kasuan, are eta gutxiago–, eta segurtasun neurri handiagoak dituzte: autobideko zati batean baimendutako abiadura baino kilometro eskas bat azkarrago joanez gero, argia piztuko da aurreko panelean; erreian eskuinera edo ezkerrera noraezean joanda, txistuaren soinuak gidaria esnatuko edo asaldatuko du. Zer demontre! Ibilgailuak baino gehiago, gurpil gainean doazen ordenagailu bizkorrak dira egungo makinak. Horrela jarraituta, ez dirudi sinesgaitza urte gutxiren bueltan gidaririk gabe errepidean ibiltzeko gai izatea. Baina, hori hala izanda ere, autozale askorentzat egungo autoek ez dute duela 100, 50 edo 30 urteko kotxeek zuten xarma eta edertasunik.
Pentsaera hori duten autozaleen artean dira Jabier Aginagalde Pitxin eta Luis del Pino. Biak ere zumaiarrak dira, 1949an jaiotakoa lehena eta 1953koa bigarrena. Beraien lanbideetatik erretiratuta daude biak ala biak, eta motorrak eta gurpilak osagai dituen zaletasun batek elkartu ditu. Juan Belmonte kalean duten garaje batean egin diote harrera Gukari. Lokaleko atea ireki, eta 1960ko hamarkadako Mercedes-Benz auto bat ikus daiteke; atzean etxe bereko beste ibilgailu bat dago, hura 1950eko hamarkadaren amaierakoa, eta alboan, olana batez estalita, Citroen etxeko Dyane 6 bat. Lehen biak Del Pinorenak dira; Aginagalderena da, aldiz, hirugarrena. "Ederrak dira, bai, baina horiek gaur ez dute interesik; auto horiek, gidatzeaz gain, mantendu besterik ez ditugu egiten. Gaurko protagonista hemengo beste hau da", dio Del Pinok lokalaren albo batean dagoen kolore beltzeko burdin zati batzuk erakusten dituen bitartean. Auto baten txasisa da eta lau gurpilak jarrita ditu, Ford markako abatz-estalki distiratsuekin; abiadura aldagailua du aurrean, eta bolante handi bat hari lotuta, masta handi bat balitz bezala. Zaharberritzen ari diren Ford etxeko autoaren puzzle erraldoia osatzen duten piezetako batzuk dira horiek.
Lan askotan aritu dela dio Del Pinok: "Funtzionarioa izan naiz, abokatua, kontsula ere bai, baina mekanikaren mundutik oso urrun egon naiz beti". Sukaldaritzarekin paralelismoa eginda, sukalde laguntzaile oso ona dela dio bere buruaz Del Pinok. "Baina chefa Jabier da; erreminta bat erabili behar dudan bakoitzean Jabierri galdetu behar izaten diot, egin beharreko lanerako egokia al den jakiteko", erantsi du. Ildo horretatik, Aginagalde "nagusi oso tolerantea" dela nabarmendu du. Autoak gordetzea betidanik gustatu izan zaio Del Pinori, eta horrek elkartu ditu bien bideak. "Mekanikari buruz ez dakit ezer, kapotaren azpian zer dagoen ideiarik ez dut, baina beti gorde izan ditut autoak; pena eman izan dit haiek txatartegira eramateak", dio. Betidanik Citroen doscaballosak izan dituela ere azaldu du. "Hiruzpalau izan ditut, haiek fabrikatzeari utzi zioten arte. Gero, anaiak pasatutako Volvo bat ere izan dut, 1974koa". Egun, doscaballos batekin ikus daiteke herriko kaleetan zehar. Aginagalde betidanik ezagutzen zuela dio, nahiz eta ez ziren hurbilekoak. Anaiaren Volvoa eskuratu zuenean hurbildu ziren elkarrengana. "Auto klasikoen munduan ibiltzen zen Jabier, eta antolatzen zituzten topaketetara joatera gonbidatu ninduen. Nik uste auto klasikoekiko maitasunak elkartu gaituela".
Luis del Pino: "Norbaitek Uruguaitik ekarri zuen autoa Andaluziara. Han, badirudi ezkontzetarako erabiltzen zutela"
Auto klasikoek "maitasuna edo zoramena" eragiten diotela sentitzen du Jabier Aginagaldek ere. "Auto zaharren nostalgiak eraman nau mundu horretara. Auto klasikoak gidatzea gehiago gustatu izan zait beti kotxe berriak baino. Disfrutatu egiten dut; lehen ere haiekin ibiltzen nintzen, eta ondo, gainera". Horiek gidatzea bizitzeko beste modu bat dela dio herrian Pitxin izengoitiaz ezagunagoa den Aginagaldek. Mekanikaren munduan urte askoan aritutakoa da, eta horixe izan zuen lanbide erretiroa hartu zuen arte. "Enpresetan mantenimendu lanetan aritzen nintzen, makinen muntaketen munduan. Muntatze lanetan ibili naiz betidanik", esan du.
Gidatu zuen lehen autoa Renault 4/4 bat izan zela du gogoan Aginagaldek. "Seiscientos baten antzerakoa zen, baina lau ate zituen. Amak erabiltzen zuen, hura izan zen etxean izan genuen lehen kotxea, eta gero ni geratu nintzen harekin". Aitarena izandako Renault Dauphine bat ere izan zuen, eta ordutik Renault 4ak edo Citroen Dyane 6 bat ere eskuratu ditu, justu Arrangoletako garajean gordeta duena. Gaur-gaurkoz hiru auto klasiko ditu beste hainbeste garajetan gordeta. "Azkenean, Luisek dioen bezala, helburua auto hauek mantentzea da, eta gogoratzea zer ondo pasatzen genuen horiek gidatzen", dio mekanikari ohiak. Zaletasuna oinordekotzan semeari pasatu diola gaineratu du Aginagaldek, baita autoak ere: "Ni bakarrarekin geratuko naiz. Nahikoa dut harekin".
Fordaren aurkikuntza
Volvo autoa arazoak ematen hasi zitzaionean aurkitu zuen Luis del Pinok egun zaharberritzen ari diren ia ehun urteko autoa. "Volvoaren ordezko bat aurkitu nahian nenbilela, Interneteko salerosketa atari batean sartu nintzen. Han egin nuen topo Ford A Phaeton autoarekin". Bilaketa horren data ez du gogoan, baina gaur egun erabiltzen duen doscaballosa erosi aurretik izango zela dio. "Norbaitek Uruguaitik ekarri zuen eta Andaluzian [Espainia] zegoen salgai. Badirudi ezkontzetarako-eta erabili zutela. Atentzioa eman zidan, begira aritu nintzen, baina iragarkia alde batera utzi nuen, ibilgailua hautsirik zegoelako", du gogoan Del Pinok. Volvoak gehiagorako ematen ez zuela eta, Citroena erosi zuen. "Behin, harentzako pieza bila nenbilela, han agertu zitzaidan Forda berriro!", oroitu du. Autoaren jabeari deitu zion orduan. "Jakin nahi nuen zenbatean salduko zidan. Esan zidan modelo bereko bi auto zituela, bataren piezak bestearentzat erabiliko zituela, eta haren ondoren geratzen zena salduko zidala. Horrela ekarri nuen Zumaiara duela hamabi edo hamabost urte". 4.000 euro ordaindu zituzten auto zahar harengatik. Andaluziatik ekarritako autoa, ordea, kotxea baino "piezen mendi" bat zela diote biek ala biek.
Aginagaldek eta Del Pinok berritu nahi duten modeloa Forden Detroiteko (AEB) fabrikatik ateratako bigarren modeloa izan zela diote. "Muntatze katean egin zuten lehendabizikoa Ford T modeloa izan zen, eta hau izan zen bigarrengoa, 1929. urtean", dio Del Pinok.

Behin pieza multzoa Zumaiara ekarrita, presarik ez zutenez, materiala herriko gazte baten esku utzi zutela kontatu du Del Pinok. "Hark eraman zuen bere garajera. Autoa desmuntatu zuen, baina familia kontuengatik, beste lan bat aurkitu behar izan zuen, eta ezin izan zuen kotxea muntatzen jarraitu. Orduan erabaki genuen Jabierrek eta biok hona [garajera] ekarriko genuela", du gogoan funtzionario ohiak. Ez dira damu gazte hark lanak amaitu ez zituelako; justu kontrakoa, hitz onak besterik ez dituzte harentzako.
Pandemia pasatu ondoren hasi ziren autoa zaharberritzen, onartu duten arren hari buruz ezer gutxi zekitela. "Ez genuen ez planorik, ez ezer, eta pieza denak solte zeuden; puzzle handi bat osatu beharko bagenu bezala zen", adierazi dute. Aginagaldek gogoan du pieza guztiak garbitu behar izan zituztela. "Oso zikinak zeuden, herdoilduta; bazirudien autoa oilategi batean eduki zutela. Pieza batzuetan belarra eta intsektuak zeuden", esan du. "Gordetzea merezi zuten piezak gorde egin genituen; gehiengoa salbatu dugula esango nuke", jarraitu du Del Pinok. Egoera onean zeuden piezak gorde zituzten, ez, ordea, kaltetutakoak; haiek ordezkatzeko beste batzuk erosi zituzten, batzuk erabilitakoak eta besteak berriak. "Zorionez, auto modelo horren piezak erraz aurkitu daitezke, baina arazoa da gehienak AEBetan daudela", azaldu du Del Pinok. Haren hitzetan, Andaluzian bada hornitzaile bat, baina oso garestia da. "Horregatik, ahal dudanean nik ekartzen ditut piezak Ameriketatik. Noizbait ekarri izan dut hodi bat maletan. Aduanetako langileek zoratu egiten naute!", esan du umoretsu.Egungo autoekin alderatuta, duela ia mende bat egindakoak mekanika aldetik "oso oinarrizkoak" zirela diote biek ere, eta Ford zaharrari gehitutako galgak jarri dituzte horren adibide bezala. "Bizikleta batenak bezalakoak dira, hagaxken bidez funtzionatzen dute", esan du Del Pinok. Iritzi berekoa da Aginagalde, eta beste alderaketa bat egin du. "Zaldiek tiratutako gurdien antza ere badu ibilgailuak", adierazi du Pitxinek. "Azken finean, motordun gurdi bat da, eta zeramatzan balaztak ere gurdiek eramaten zituztenen antzerakoak ziren", gehitu du Del Pinok. Biek pena sentitzen dute egungo mekanikariek ez dituztelako auto klasikoak ukitu nahi. "Orain ordenagailuekin egiten dute lan. Auto zahar hauek ikusten dituzte, eta 'ez, ez, ez', hasten dira", esan du Del Pinok.
Denbora eta maitasuna
Autoa zaharberritzeak lana eman ez ezik, dirua gastatu beharra ere eragin diela azpimarratu dute. "Azken finean, denbora behar duzu, pazientzia ere bai, eta gremioak ezagutu behar dituzu", azaldu du Del Pinok. "Txasisa hondarraren bidez txorreatu dugu, hagaxka berriak ekarri ditugu, galderagintza lanak egin... denetarik", nabarmendu du Aginagaldek. Del Pinok xehatu ditu enkargatu behar izan dituzten lanak: "Baleztak Gasteizen egin zizkioten, Basaurin (Bizkaia) frenoak, txorreatze lanak Martuteneko (Donostia) zazpigarren poligonoan eta Zumaiako soldatzaile jubilatu baten laguntza ere izan dugu". Autoaren elementu txikiena ere "maitasunarekin" tratatu dutela diote.
Javier Aginagalde: "Auto klasikoak gidatzea gehiago gustatu izan zait beti. Bizitzeko beste modu bat da"
Zumaiatik kanpo bizi da Del Pino, Ozeano Atlantikoaren beste itsasertzean, eta udan eta Gabonetako oporraldietan Zumaiara bueltatzen denean aritzen da autoarekin lanean. "Jabierrek tarte bat duen bakoitzean, zer egin dezakedan galdetzen diot. Denbora eta gogoa ditugunean, pare bat ordu ematen ditugu lanean, eta horrela ari gara autoa berreskuratzen, pixnakana. Gogobetetzen duen lana da", dio Del Pinok. Hiruhileko bakoitzerako helburu zehatz bat ere jartzen dute. Aurtengo udan, esaterako, lan nagusia autoaren motorra txasisaren barruan jartzea izan dute, eta, ondoren, bainuontziarekin lanean hasteko asmoa ere bazuten. "Haren barruan joango dira eserlekuak, eta gainean kapota izango du. Baina hori dena pixkanaka egiten joango gara, indarra eta osasuna ditugunean", adierazi du Del Pinok.
Aipatu bainuontzia ez da ageri Paolaldeko garajean; lehen lanak egin zituen gaztearen garajean dago oraindik ere. Autoaren beste pieza batzuk ikus daitezke Paolaldeko lokalean; esaterako, goialdean gordeta dituzten aleroiak edo horman zintzilikatu duten autoaren aurrealdeko parrilla. "Haren ordez berri bat erosi dugu", diote kartoizko kajatik pieza distiratsu bat ateratzen duten bitartean. "Autoaren eserlekuak ere hemen ditugu, eta horiek tapizatzera eraman beharko ditugu", esan du Del Pinok.
Jakitun dira hiru urte barru, 2029an, autoak ehun urte beteko dituela. Mendeurren horrek lanak egiteko presarik sortzen ote die? "Bada, ez dugu horri buruz inoiz hitz egin", onartu du Del Pinok. "Ez dakit ordurako bukatuko dugun. Gerta daiteke hori gure esku ez egotea. Batetik, piezak lortu behar dira, eta, bestetik, autoari bizitza emateko prozesu administratibo guztia ere egin behar da; IATa pasatu, adibidez. Beste herrialde batzuetan oilategian aurkitutako autoarekin errepidera atera ahalko zara; hemen, ordea, prozesua askoz zorrotzagoa da, eta, horretarako, baimena eman beharko diote. Horrekin izango dugu buruhauste gehien", uste du Del Pinok. Lanak bi urteren bueltan amaituko dituztela espero du, dena den, Aginagaldek.
Behin zaharberritze lanak amaituta, bien helburua autoa martxan jarri eta errepidera ateratzea izango litzateke. "Gu astero ateratzen gara auto zaharrekin errepidera; doscaballosa, berriz, egunero gidatzen dugu. Ford horrekin ere kalean ibiltzea da helburua", amestu du Del Pinok. "IATa pasatu ez eta errepidera atera ezin badugu, Arrangoletako plazara aterako dugu behintzat", amaitu du Aginagaldek.