Hegazti migratzailea da kurlinta. Ez du hemen habia egiten, baina udaberrian (apirilean eta maiatzean) eta udazkenean (abuztuan eta irailean) nahiko erraz ikus dezakegu egiten duen bidaian zehar atseden hartzen. Batzuetan ikus dezakegu aleren bat gurean negua igarotzen, baina ez da ohikoena, nahiz eta azkenaldian gero eta gehiago ikusten diren. Limikolen artean tamaina handienetakoa duena da, oso erraz identifika dezakeguna gure kostaldeko estuario edo paduretan begiratzen badugu. Esan beharra dago, halaber, anaia handiago bat duela (kurlinta handia), tamainaz handiagoa dena eta harekin ez nahasteko banatu beharko genukeena.
Zango luzeak ditu, gris kolorekoak. Mokoa ere oso luzea du, kurlinta handiarena baino laburragoa eta pixka bat zuzenagoa. Beste bereizgarri batzuk buruaren gainean dituen bi zerrenda ilunak dira, baita begiaren gaineko bekain zuri nabarmena ere, kopetatik hasi eta leporaino luzatzen dena. Orokorrean marroi-grixaska da, baina sabelaldea argiagoa eta zuriagoa du.
Ar eta emeen artean ez dago desberdintasun handirik.
Moko luze horri esker, kostaldean karramarro txikiak, itsas zizareak, izkirak, txirlak eta horrelakoak jaten ditu, eta barrualdean, zelaietako intsektuak eta armiarmak. Batzuetan fruitu txikiak ere jaten ditu.
Luzera eta hego zabalera: 40-42 zentimetro eta 76-80 zentimetro. •