Atzo jokatu zuten Iñaki Espillaren Oroimenezko 72. Arrantza Lehiaketa ehundik gora lagunek. Goizean goiz hasi eta eguerdira arte iraun zuen txapelketak, eta eremu zabalean aritu ziren kanaberak bota eta arrantzan: Paolbidean gehienak, baina Orroaga inguruan ere aritu ziren batzuk. Izan ere, Arbustaingo arranplatik paol muturrera arteko tartean zeukaten arrantza egiteko baimena, baita Orroaga parean ere.
Anade elkarteak antolatutako txapelketak arau nagusi bat zeukan: arrainek gutxienez 150 gramo pisatzea. Denetarik atera zuten uretatik, baita karramarroak eta kabrarrokak ere. Haur txiki bat saiatu zen kabrarroka dotorea ukitzen artean pitari lotuta zeukatela, bizi-bizi, baina arrantzalea bizkor ibili zen; arraina izkina batera jaurtitzearekin batera azaldu zion umeari arrain horren arantzek pozoia dutela eta ez dela ukitu behar. Arrain txiki arruntago bat eman zion, lasai uki zezan.
Partaideak eguraldi atseginarekin aritu ziren arrantzan lasai ederrean, eta zumaiarrak ez ezik, hainbat herritako zaleak elkartu zituen hitzorduak: Donostiakoak, Pasaiakoak, Errenteriakoak, Urretxukoak eta Debakoak ibili ziren arrantzan, besteak beste.