Urriaren 17an Zestoan izango den Elkartasuna plazara jaialdira joateko deialdia zabaldu du Zumaiako Mugimendu Feministak, eta gogorarazi du jaialdirako txartelak salgai daudela Emakumeon Etxean.
Helburu bikoitza du urriaren 17ko jaialdiak: batetik, "elkartasun feminista" gauzatzeagatik joan den abenduan epaitu eta ekainean absolbitu zituzten Zestoako sei bizilagunei gastu judizialak ordaintzen laguntzea, 30.000 eurotik gorako gastuei egin beharko baitiete aurre; eta bestetik, "elkartasun feministaren garaipena ospatzea eta aldarrikatzea".
Hiru sarrera mota jarri dituzte salgai Zumaiako Emakumeon Etxean: bazkarirako txartelak (aukera beganoarekin) 25 euro balio ditu —prekarioentzat 15 euro–; kontzertuetarako txartelak, 18 euro –prekarioentzat 15 euro–; eta egun osorako txartelak (bazkaria + kontzertuak), 40 euro –prekarioentzat 28 euro–. Halaber, elkartasun bonoak eskuragarri jarri dituzte Emakumeon Etxean; 10, 20 edo 50 euroren truke.
Jaialdira joateko nahiz elkartasun bonoak erosteko deialdia egin du Zumaiako Mugimendu Feministak, nabarmenduz herritarren ekarpenak 30.000 eurotik gorako gastuak ordaintzera bideratuko dituztela.
Hona hemen jaialdiaren egitaraua:
- 12:00. Ongietorria.
- 12:15. Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi bertsolariak.
- 12:30-14:00. Umeen txokoa.
- 13:00. Le Big Gibel taldearekin poteoa.
- 14:30. Herri bazkaria.
- Bazkalostean, poesia errezitaldia.
- 17:00. Kontzertuak: Rodeo eta familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Zozaya, Esanezin, Ines Osinaga, Bad Sound Sister.