Gabonak antolatzen hasteko lehen bilera deitu du udalak urriaren 19rako

Maddi Txintxurreta

Olentzero eta Gomezago.

Bilerara agertu ezin, baina proposamenak dituzten herritarrek edota laguntza eskaini nahi dutenek telefonoz edo posta elektronikoz jar daitezke harremanetan Kultura Sailarekin. Alondegian izango da bilera, 19:15ean.

Gabonetara begira jarri da dagoeneko udaleko Kultura Saila. 2026aren amaieran eta 2027ko hasieran Zumaian egingo dituzten ekitaldiak prestatzeko lehen bilera urriaren 19rako, astelehena, deitu dute. 19:15ean jarri dute hitzordua, Alondegian. 

Kultura Sailak jakinarazi duenez, Gabonetan egin beharreko lanak asko izango dira: jaiotzaren antolaketa, errege kabalgatako karrozak eraikitzea eta kabalgata bera antolatzen laguntzea, besteak beste. Gaineratu du aipatu bilera irekia izango dela, hots, jai hauetan lankidetza eskaini nahi duen herritar eta eragile guztiei zuzenduta egongo dela.

Bilerara agertu ezin, baina proposamenen bat duten, edo laguntza eskaini nahi duten elkarte edota norbanakoak Alondegia kultur etxearekin jar daitezke harremanetan, 943-86 10 56 telefonora deituz edo kultura@zumaia.eus posta elektronikoko helbidera idatziz.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide