Pasa den larunbatetik iganderako gauean hiru gizon gaztek adin txikiko emakume bati eraso egin zioten Zumaian. Herriko Mugimendu Feministak eman du gertatutakoaren berri, eta erasoa salatzeko manifestazioa deitu du ostiral arratsalderako.
Emakumea gauez etxera bidean zihoala eraso zuten, eta igandean salaketa aurkeztu zuen Zarauzko polizia-etxean. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du "eraso fisikoagatik" eta "sexu erasoagatik" –"ukituak" salatu zituela zehaztu du Ertzaintzak–, eta laguntzen ari zatzaio Zumaiako Udaltzaingoa, egun hartan herriko kamerek hartu zituzten irudiak bilduz eta aztertuz.
Zumaiako Mugimendu Feministak elkartasuna eta babesa adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari nahiz bere gertukoei, eta bere haserrea agertu du: "Haserre gaude. Oso haserre. Haserre, ez dugulako nahi etxera bidean atzera begira joan. Haserre, gure janzkerak gure gorputzekin nahi duzuena egiteko eta iraintzeko aitzakiatzat hartzen duzuelako. Haserre, gure eguneroko beldurrak benetakoak direla gogoraratzen digutelako halako gertaerek".
Halaber, aldarrikatu du herritar guztiek hartu beharko luketela erasoen gaineko ardura, "indarkeria matxistaren erroa gizartearen egituretan" dagoenez gero. "Har dezagun matxismoaren aurkako jarrera irmoa, bakoitzari dagokion lekutik: erasotzailearen laguna bazara, ez izan konplize eta kargu hartu, eta eraso matxisten aurrean, beldurrarekin bada ere, jokatu dezagun irmo eta zaindu dezagun elkar", berretsi dute.
Indarkeria matxistaren auzian gizonek duten erantzukizuna azpimarratu dute feministek, eta eskatu diete azter ditzatela haien jarrerak, interpela ditzatela haien lagunak eta jar dezatela zalantzan haien jokatzeko modua. "Guk elkar babesten jarraituko dugu, elkarrekin indartzen eta autodefentsa feministak eskaintzen dizkigun tresnetan sakontzen", ziurtatu du.
Gaitzespen irmoa ostiralean
Asteburuko erasoa gaitzesteko nahiz eraso matxisten inguruko jarrera irmoa erakusteko helburuz, Zumaiako Mugimendu Feministak mobilizatzera deitu ditu herritar guztiak. Ostiralerako jarri du manifestazioaren hitzordua, 18:00etan, Beheko Plazatik hasita. "Otzan nahi gaituzte, baina elkartuta aurkituko gaituzte", ohartarazi du.
Udala: "Ez dira kasu isolatuak"
Zumaiako Udalak bat egin du Mugimendu Feministak ostiralerako egin duen deialdiarekin, eta herritar guztiak manifestazioan parte hartzera deitu ditu.
Udalak asteburuko erasoa gaitzetsi du eta "babes eta elkartasun osoa" adierazi die erasoa jasan duenari eta haren ingurukoei. Jakinarazi du bere esku dauden baliabide guztiak jarriko dituela erasoa jasan duen adin txikikoaren eskura, eta ziurtatu du lehentasunezko konpromiso politikotzat duela indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurkako borrokan, instituzioen ardura denez "herritarren giza eskubideak bermatzea".
"Beste behin ere, argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen", azpimarratu du udalak. Gogoratu du, halaber, asteburukoa bezalako erasoak ez direla kasualitate hutsa: "Ez dira kasu isolatuak; emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira; indarkeria matxista egiturazkoa da". Ildo horretatik, herritar guztien inplikazioa eskatu du udalak, izan ere, "gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke eraso bat saihesteko", esan du.
Aldundia: jatorria, "berdintasun falta"
Erasoa gaitzesteko adierazpen instituzionala kaleratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, eta haren gertutasuna eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari.
Foru erakundeak deitoratu du horrelako gertakarien jatorria "gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta" dela, horregatik, "berdintasunaren aldarrikapenean" egin du azpimarra: "Emakume guztiek dute espazio publikoaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, indarkeria matxistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditugu".